Tuterako udaletxean hartu gaituzu. Zure etxea, esateko moduan, 1979tik hona baitzaitugu zinegotzi, lehenengo udal hauteskunde haietatik.
Ni beti izan naiz gizarte mugimenduetakoa. Halakoa nintzen orduan, eta halakoa naiz gaur egun ere. Garai hartan, Ezkerrekoen Batzarra eratu zen, bai Tuteran, bai Erriberan bertan ere. Hartan ari ginela, udal hauteskundeetan parte hartzea erabaki genuen, eta, bilera batean, nire izena eman zuen baten batek. “Mila, izan dadila Mila!”. Frankismo garaian ere lanean jardun nuelako, beharbada. Jakina, Francoren garaian, auzoetan zegoen mugimendua, baina ez ginen auzo-elkarte ere, guraso-elkarte baizik; erosketa otarra garestitzearen kontrako protesta izango zen, esate baterako. Gero etorri ziren protesta horiek mugimendu bihurtu eta auzo-elkarte itxura hartzea. Orduan bai, tiro poligonoaren kontrako mugimendua izango zen, feminismoaren aldekoa… Nekez onartu nuen hautagai izatea, alaba txikia bainuen. Dena dela, baietz esan nuen, ustez legealdi bat besterik ez zela izango. Proiektua abiarazi eta kito! Ez alferrik, hemen nago oraindik, erretiratzeko zorian. Azkeneko legealdia dut. 2015ean, kito.
Emakume gutxi orduan politikaren maila guztietan ere…
Bai, ez da orain bezala, gizon-emakumeak orain ia erdibana ari baikara. Erdibana bai, baina buruak gizonezkoak dira beti edo gehienean. Tuteran, esaterako, lehenengo udal hauteskunde haietatik hona bitarte izan diren eta ez diren hautagaitza guztiak hartu eta gureak baino ez du izan emakumezkoa buru. Hemen ez dugu alkate andrerik izan oraindik! Eta jaiei hasiera emateko suziria emakumezkoak bota zuenerako ere, nahiko lan ibili genuen. Hamaika txikikeria. Tuteran, esaterako, bada tradizio bat, Aingeruaren jaitsiera [Piztuera igandeko ohitura zaharra Tuteran], mutikoek beste inork egiten ez zuena! Duela hiru-lau urte hasi dira neskak ere Aingeruarena egiten. Hamaika kontu, eta hamaika lan dugu oraindik eginkizun.
Zer dugu Tuterako zinegotzi izatea hainbeste urtez?
Hogeita hamabost mila biztanle ditu Tuterak, baina Erriberako hiriburu denez, egunez, ehun mila lagun inguru ere bildu ohi ditu. Tuterako zinegotzi izateak denbora eta interesa eskatzen ditu, biak. Zinegotzi izateak esanahi ezberdinak ditu, norberaren arabera. Batek bere burua erakunde bateko kidetzat jotzen badu, besterik gabe, era jakin batera jokatuko du. Gure kasuan, gizarte mugimenduekin guztiz loturik, guztiz bat eginik ikusten dugularik gure lana, are eta denbora gehiago eman behar dugu lanean.
“Gizarte mugimenduekin bat eginik”.
Ez dut beste modurik ikusten. Makina instituzionalak zu irenstea nahi ez baduzu, gizarte mugimenduetako parte izan behar duzu; bestela, erraza da iparra galtzea. Agintariak eta aginduak jasotzen dituztenak bereizteko moduan antolatuta dago politika. Txorakeriak dira hasieran, ikusgarri batera joateko sarrerak doan izatea, esaterako. Horretan ez dut kontzientzian kargarik: 79tik hona, inoiz ez naiz ikusgarri batera joan doako sarrera eskuan. Inoiz ez. Txorakeria dirudi, baina hortxe hasten dira “pribilegioak”. Haiei ezetz esan beharra dago. Instituzioari dagokion lana besterik ez egitea, ez du merezi. Funtzionarioei dagokie lan hori, eta merezimendu handiz egiten dutela esango nuke. Guk, aldiz, lan instituzionala ez ezik, beste lan bat dugu, gure sortzezko konpromisoa da, gizarte mugimenduekin batera lan egitea. Ezin dugu hori ahaztu, ezin dugu mugimendu horietatik urrundu.
Horretan ari zara zu Tuteran, Udalean, gizarte mugimenduekin bat.
Ni ez ezik, horretan dira Eneko, Patxi eta Ana Mari, lau kide baikara gure taldean. Gu, geure lanean, udal batzarra egiteak esan nahi du udaleko bilkuran ez ezik gizarte mugimenduekin ere biltzea, gaiak aztertzea, eztabaidatzea, ohar eta ekimen propioak erabakitzea, eta atzera udalera bihurtzea, zehaztapen guztiak udal batzarrari aurkeztera. Denbora da, beraz, eta beste gauza bat ere bai: egiten duzunak balio duela, instituzioan beste inon ari ez direnek egiten duenak bezainbeste balio duela Tuterako jendearen bizimodua hobetzeko, hiriburu honetako giza harremanak eta azpiegiturak hobetzeko, ongizatea areagotzeko…
Badira urte batzuk hiritarren parte-hartzeak indar hartu duela. Gaiak, behintzat. Bateko eta besteko unibertsitateen ikastaroetan ageri da, garai batean ez bezala.
Ez dago hiritarren benetako parte-hartzerik, salbuespenak salbuespen. Tuterako eskarmentutik ari naiz, eta Nafarroako parlamentukotik. Han, hiritarren parte-hartzerik batere ez dago, izpirik ere ez. Inork lan-bilera batean parte hartzea ez da hiritarren parte-hartzea. Udala, berriz, herritarrarengandik hurbilen dagoen instituzioa da, hurbiltasun fisiko horrek egiazko enpatia eragin beharko luke, baina ez da horrelakorik. Pentsatu ere ez. Nik, kontrakoa ikusi dut joan direneko hamarkada hauetan.
Kontrakoa?
Bai, instituzioek hiritarren parte-hartzeari lagundu beharrean, trabak jarri dizkiotela. Eta uste dut arrazoia ere garbia dela: beren asmoak hondatuko ote dizkieten beldur dira politikariak. Beldur dira. Parte-hartzeari buruz teorizatuko dizute eta hau hori eta hura, parte-hartzea arautu egin behar dela esango dizute, nahaste-borrasterik gerta ez dadin. Arazoa hori balitz, ongi, parte-hartzea egiazkoa izan dadin akordioak iritsiko genituzke. Zailtasunik ere ez dago gaur egun, kontsultak modu birtualean ere erraz egin litezke, baina parte-hartzea nola araututa dagoen ikusi, eta ez sinestekoa da. Informazio batzordeak, jendearentzat itxita! 79an hasi ginenean, esate baterako, osasunari buruzko batzordearen ardura genuen. Zer egin genuen? Araua hautsi eta osasunari nola edo hala loturik ari ziren talde guztiak gure bilkuretara deitu: denon artean egin genuen lan, batzordetan bildurik.
Nahaste-borrasterik gabe…
Eta desmasiarik gabe. Jendeari azaldu, eta arrazoiak entzuten daki. Kultura batzordea ere gure gisa hasi zen lanean. Hiritarren parte-hartzea benetakoa zen. Oraingo arauak, berriz, ez du zirrikiturik uzten: udalbatzak gaiak aztertu dituenean, botoak eman dituenean, gaia itxi duenean, herritarrari galdera: “Jendarteko inork hitz egin nahi du? Ezer esan nahi du inork?”. Hori da hiritarraren parte-hartzea? Agintariei ez zaie hiritarren parte-hartzea axola. Ez dago. Parte-hartzea murrizten ikusi dut. Garai batean, Tuteran, udalbatzak itxi egin zitzaizkien herritarrei. Jose Mari Lakarra zena eta biok ginen orduan gure taldean zinegotzi. Hiru urte eman genituen udalbatza guztietan zutik eta kartela paparretik zintzilik, udaletxea hiritarrei itxi zietelako.
Gaur egun, hiritarrari parte hartzeko aukera emango balitzaio, parte hartuko luke?
Horixe da pena. Desaktibatu egin dute gizartea. Urte askoan horretan saiatu dira, parte-hartzea boikotatzen, eta horrek gizartea desaktibatu eta zapuztu du. Normala! Nik badut esperantza, mugimendu txikiak bildu eta aurrera egingo dugula, baina ez dago erraz. Gaur egun, hala ere, eta giroa halakoa bada ere, mekanismoak abiarazi behar ditugu, parte-hartzea benetakoa izan dadin, eta udaletik hasita. Txingarra zaindu behar dugu, etorriko da sugeldoa hauspotzeko garaia.
Zu sugeldoan, su bizian beste batzuk. Castejondik Iruñera bitarteko lanak ikusi ditut, abiadura handiko trena…
Desastrea! Uharte bat egiten ari dira. Trenbide zati horrek ez du jarraipenik izanen... Azalpenik ez du, baina Gobernuan daudenek beren gisako azalpena ematen diote asmo horri, esanez geroan, noizbait, tren hori helduko dela, eta tarte hori egina ez badugu, “deskonektaturik” geratzeko arriskua dugula. Hortaz, etorkizunari begira ari direla lanean, konexioa egin beharra dela. Nik, ordea, uste dut aginte printzipiotik asko duela oraingo Gobernuko jendearen esanak. Batean eta bestean ari dira murrizketa bortitzak egiten, han eta hemen, eta, aldiz, hainbeste diru gastatu nahi dute proiektu horretan, etorkizunean “deskonektaturik” ez izateko. Irrazionala da! Ez dakit horrek ondoriorik izango duen, baina beharko luke. Jendea autoan edo autobusean doalarik, harriturik da obrak ikustean. Lehengoan, esateko, autobusean gindoazen Tuteratik Iruñera, eta jendeak ez zion obrari begirik kentzen. Ez zen jende sobera politizatua, oinezkoa besterik. “Eta nondik heldu da lan hau? Eta nora doa?”, galdetu zidaten. “Ez, ez, hau ez doa inora. Hor geldituko da lan hori!”.
Jendeak ez zekien, jendeak ez daki?
Ez daki, hori da makurrena. Uste dugu guztiok irakurtzen ditugula egunkariak, guztiok ezagutzen ditugula datuak… baina ez da horrela. Ez dakit jendea jabetuko den nolakoa den obra hori, zenbat diru ari diren alferrik gastatzen.
Euskaraz hasi gara, euskaraz egin ditugu lehen hitzak. Esana zigun Jose Ignazio Lakastak, bazenekiela euskaraz…
Jose Ignazioren [Lakasta] kontuak! Tuteran ez gara asko ez, euskaraz dakigunok. Baina egia esan, gero eta gehiago gara. Gazteen artean, batez ere. Argia ikastolako neska-mutilak dira, jakina. Adin batekoak, berriz, ez gara jende parrasta, baina bada multzo bat, euskaraz mintzo dena. Horien artean, batzuok, ikasi dugunok, gutxi gorabehera hitz egiten dugu. Beste batzuk kanpotik Tuterara etorritakoak dira. Hor duzu SKF enpresa, Eibarretik Tuterara etorritakoa 70eko hamarkadaren hasieran nonbait. Haien artean, batzuk euskaldunak ziren.
Argia ikastolaren emaitzarik ikusten duzu, beraz?
Bai, eta ez bakarrik gazteen artean. Ikastolaren ingurune osoa hartu behar duzu kontuan, euskaldun mordoxka: irakasleak, laguntzaileak. Gurasoen artean ere baduzu euskaldunen bat edo beste… Nik, Argia ikastola, SKF eta gau-eskola jarriko nituzke euskaltasunaren oinarri Tuteran. Eta gau-eskola aurretik izandako emakume bat, Carmen Añon, euskaraz erakutsi baitzuen Tuteran, Erlojuaren Etxean, orduan abandonatuta baitzegoen etxe hori [egun, bertatik botatzen dute jaien hasierako txapligua]. Horiek dituzu, nirekiko, euskararen haziak Tuteran. Eta ari da fruitu ematen.
Carmen Añonekin hasi zinen zu euskaraz ikasten.
Haren etxean. Gero, handik eskola publiko bateko gelara joan ginen. Elvira España ikastetxera. Carmen Añonekin batera, Kinku –Zinkunegi zen, inondik ere–, eta neska bat, Cristina, izan genituen irakasle.
Jose Ignazio Lakastak esan zigun: “Garai batean, Tuteran zioten Milagros Rubio ‘euskaltasunera’ aldatu zela”.
Horrek ez du gauza bat besterik esan nahi: alegia, hemen, gehiengoaren kultura erdalduna dela eta ni ere kultura horretakoa nintzela. Euskaraz ikasten hasi nintzenean, eta neure burua vasquista agertzen, bada, jendeak ez zuen bere burua nekatu nahi izan; ñabardurarik ez, “bata ala bestea” zen haien aukera, eta nik, aldiz, Nafarroako bi hizkuntzak integratu nahi nituen, bi munduak. Tuteran, askok, euskaltasuna hemendik kanpokoa zela uste zuten. Esaten ere zidaten: “Euskalduna ez bazina, boto gehiago izango zenituzke!”.
Kar, kar, kar…
Hitz horiexek, ordea! Ez zidan jende gutxik esan ere. Makurrena, arrazoi zutela. Baina nork bere bidea du, eta nik neurea.
Miel Anjel Elustondo, ARGIAn
No hay comentarios:
Publicar un comentario