domingo, 8 de diciembre de 2013

BATUAREN MAKURRAK

Tirabirak eta arazo larriak azaleratu dira azken egunotan Euskaltzaindian, aspaldiko jelosia eta konponezinen isla, hain segur. Lehenbailehen bideratu beharreko afera izanik ere, horretaz landa ere ez du beharleku makala euskararen akademiak, euskalgin-tzak, euskaragin edo euskaragileon komunitateak oro har. Zarauzko batzar iskanbila-tsuaren ondoren, euskaltzain eta bidegilez beteriko mahai batean bazkaltzeko zoria izan genuen, eta askoren kezka irten zitzaigun platerera: zer gertatzen da euskara batuarekin? Zergatik izan du hainbesteko prestigio galera azken urteotan? Zergatik ditugu hainbesteko arazoak euskalkien eta euskara batuaren arteko elkarbizitzarako, bakoitzaren lekua eta garaia zein den bereizteko?

Euskara batuaren aurkako jarreran tinkaturik daudenen artean -esan gabe doa-, asko dira inongo euskalkitan itxuraz aritzeko gai ez direnak. Ezjakintasunean eta ezinikusian oinarrituriko jarrera da, jaramon handirik egin behar ez zaiona, konponbiderik ez duelako, besteak beste. Euskara erabiltzen eta estimatzen duten askoren batuaren aurkako joera, ordea, kezkagarria eta aztertu beharrekoa da. Euskal filologia ikasten ari den kirolari bat sumatu nuen orain pare bat urte "herri euskerie" goraipatu eta batua mespretxatzen, berak egiten dituen adierazpenak bizkaitik kanpo ia inork ulertzen ez dituela ohartu gabe. Ikasketak oso-osorik euskaraz -euskara batuan, jakina!- egindako bat baino barrundatu dut batuak hainbat gauzatarako ez duela balio esaten. Umoregintzarako, esate baterako. Kezkatuta nauka EiTBk gaiaz duen jokabideak ere. Horrez guztiaz gain, alor politikoan batuaren aldeko apusturik argiena egin izan duen eremuan ere, ezker abertzalearenean, jarrera aldaketa gogoetagarria hauteman du hainbatek.

Batuan komunikatzeko, irri edo negar egiarazteko, zernahi grazia ederrean helarazteko gai den jende asko dago, nire iritzian, baina zerbaitetan huts egiten ari gara, agidanean.

Euzkitze, Noticias de Gipuzkoa egunkarian

No hay comentarios: