viernes, 13 de diciembre de 2013

EITBK ATZERA EGIN DU ETA BARCINAREN "KONPONBIDEAREN ZAIN" GELDITU DA

Atzo 07:30ean hastekoa zen EITB lurreko telebista digital (LTD) bidez emititzen, Iruñerrian. Halaxe iragarri zuen EITBk berak, herenegun, prentsa ohar baten bidez; 07:30ean, Euskal Telebistaren seinalerik ez zen, ordea. Ezta goiz osoan ere. EITBn galdetuta, asteazkenean iragarritako asmoei eusten zietela erantzun zioten BERRIAri. Arratsaldean, ordea, digitalizazio prozesua Nafarroako Gobernuaren «konponbidearen zain» gelditzen zela iragarri zuten EITBko arduradunek, prentsa ohar baten bidez, prozesu hori martxan jartzeko baliabideak eta tresnak «prest» zituztela onartu arren. Konponbidea adostu arte, beraz, EITBrik ez da izanen Nafarroan, LTD bidez. Prozesua bertan behera gelditu da, oraingoz.

EITBko arduradunek digitalizazio prozesua martxan jartzeko asmoa iragarri bezain pronto, Nafarroako Gobernua asmo horren aurka agertu zen herenegun, eta «legez kanpokotzat» jo zuen. Gainera, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzari eskatu zion «beharrezko neurriak» hartzeko. Espainiako Gobernuari ere gutuna helarazi zion Nafarroako Gobernuak, bere kexa agertzeko.

Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak atzo berretsi zuen EITB ez zela legea betetzen ari: «EITBk ez du frekuentziarik Nafarroan; ondorioz, hemen emititzea legez kanpokoa da», erran zuen. Izan ere, frekuentzia bat lortzeko aukerarik gabe gelditu zen EITB, Nafarroako Gobernuak ate hori itxi ziolako. Iazko abuztuan bi lizentzia banatzeko prozesua martxan jarri zuen gobernuak, baina lehiaketa horretatik at utzi zuen EITB, Euskal Telebista Nafarroan zabaltzeko bidea Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko akordioaren bidez egin behar zelakoan.

EITBk atzo zehaztu zuen proposatutako digitalizazio prozesua «aldi baterako irtenbidea» zela eta martxan jartzeko ez zuela bertze leku erradioelektrikorik hartuko. Erreniegako eta Ezkabako hedagailuak digitalizatzea zen asmoa. «Kontua zen eduki digitalarekin ordezkatzea egungo eduki analogikoa», azaldu zuten atzo telebistako arduradunek.

Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk EITBren mezu bera nabarmendu zuen atzo: «EITBk proposatutakoa aldi baterako konponbidea zen, EITBk frekuentzi bat lortzeko aukera izan arte». Urkullurentzat, «ulertzen zaila» da nafarrek EITB ezin ikustea: «Parlamentuak berak eskatu zuen seinalea zabaltzea».

Urkulluk eta Barcinak hitz egiteko aukera izan zuten atzo, eta solasaldi horren ondorioz erabaki zuten lantalde bat osatzea, konponbide bat bilatzeko asmoz. Nafarroako Gobernuak prentsa oharra zabaldu zuen, Urkulluk EITB Nafarroan digitalizatzeko asmoa bertan behera utzi zuela ezagutarazteko. Gobernuak zehaztu zuen «legea beteko duen konponbidea» bilatuko dutela bi erakundeek.

Nafarroako Gobernuak argi utzi du azken orduetan EITB Nafarroan ikusteari buruz zer iritzi duen. Nafarroako Parlamentuak ere bai. Atzo, oposizioko talde guztiek, PPNk izan ezik, adierazpen instituzional bat aurkeztu zuten, EITBren seinalea herrialde horretan zabaltzeko eskatzeko. Urkulluk eta EITBko arduradunek atzo gogoratu zutenez, joan zen urrian ere parlamentua izan zen EITB Nafarroan ikusi ahal izateko urratsak eskatu zituena.

Talde bakar batek ere ez zuen parlamentuak urriaren 25eko osoko bilkuran onartutako erabaki haren kontra bozkatu, gainera: PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak aldeko boza eman zuten, eta UPN eta PPN, berriz, abstenitu egin ziren. 2009an, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ere akordioa sinatu egin zuten EITB Nafarroan LTD bidez ikusi ahal izateko, baina orain arte bi erakundeok ez dira itun horretan jasotakoak gauzatzeko gai izan.

Iruñerriko herritar anitzen artean ikusmina sortu zuen EITBk asteazkenean iragarritako digitalizazioak, eta euren telebistetan bilatu zuten seinalea atzo. Herritar horiek EITB ikusteko duten eskubidea aldarrikatu eta defendatu zuten, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuko talde gehienek atzo. Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezek «zentzugabekeriatzat» jo zuen Nafarroako Gobernuaren jarrera: «Obsesioa dute auzi honekin; UPNk utzi beharko lieke herritarrei EITB askatasunez ikusten», erran zuen. Jakinarazi zuen, gainera, EITB Nafarroan ikusi ahal izateko lanean jarraituko dutela parlamentuan.

Geroa Baiko Manu Aierdik ere gogor salatu zuen Nafarroako Gobernuak erakutsitako jokabidea. «Auzi honetan, eta bertze anitzetan, ez dute onartu nahi nafarren gehiengoak ez duela haien borondatearekin bat egiten», nabarmendu zuen parlamentariak, atzo.

PSNko Roberto Jimenezek ere herritarren nahia «errespetatzeko» eskatu zuen. «Herritarren zati handi batek ETB ikusi nahi du, eta guk ontzat jotzen dugu», azaldu zuen. «Nafarroako Gobernuak eta EITBk konponbideak bilatu behar dituzte, legeak zehazten duen esparruaren barruan, herritarrek Euskal Telebista ikusteko aukera izan dezaten», erantsi zuen parlamentari sozialistak.

Edurne Elizondo

No hay comentarios: