Lizarran abiatuko da larunbatean Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 41. edizioa eta martxoaren 23an amaituko, Iruñean. Inoizko parte-hartzaile kopururik handiena izango du Nafarroako Bertsolari Txapelketak. 31 bertsolarik hartuko dute parte, horietatik sei lehen aldiz aterako dira Txapelketaren plazara.
Parte-hartzaile kopuru handiaren ondorioz, saio bat gehiago izanen du aurtengo Txapelketak, osotara bederatzi saio izango dira: Lizarra, Aldatz, Larraintzar, Ituren, Zubiri, Atarrabia, Etxarri Aranatz, Elizondo eta Iruñea. Bertsolari guztiak lehen fasetik abiatuko dira, iazko txapelduna izan ezik.
Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketak beste hainbat nobedade ditu. Batetik, ziklo berri baten hasiera da Nafarroako bertsolaritzarako, 2011ra arte urteroko maitasuna baitzuen txapelketak. Horren ostean, Nafarroako Bertsolari Txapelketa bi urtetik behin egitea erabaki zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak. 2012an, berriz, Bardoak taldekako bertso ekimena antolatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Beste nobedadeetako bat finala lekuz aldatu izana da. 2011ko txapelketan finala Iruñean egin zen, Labrit pilotalekuan. Arrakasta handia izan zuen final horrek, pilotalekua goraino bete zen eta hainbat egun lehenagotik sarrera guztiak saldu egin ziren. Aurten finala berriro ere Iruñean jokatuko da, baina kasu honetan Anaitasuna kiroldegian.
Horrez gain, kontutan hartu behar da aurten ez dela bakarrik Nafarroako txapela jokoan dagoena. Izan ere, txapelketako lehen lau sailkatuek udazkenean izango den Bertsolari Txapelketa Nagusirako txartela eskuratuko dute.
Aurtengo Txapelketaren leloak Nafarroako bertsolaritzaren izaera jaso nahi izan du. Txapelketa, lehiaz harago, oro har sare sozial gisa irudikatzen dugu. Bertsolariek, gai-jartzaileek, epaileek, antolaketa lanetan laguntzen dutenek, bertso-eskoletako kideek, bertsozaleek eta beste askok osatzen dute sare hori. Kultura ere horrela ulertzen dugu, giza harremanetan eta auzolanean oinarritzen den sare gisa.
Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eu web gunean daude salgai. Txapelketaren xehetasun guztiak webgune honen bitartez segitzen ahalko dira. Sare sozialen bitartez ere, txapelketaren informazioa jasotzeko aukera izango da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario