Aspaldi dakigu Nafarroan euskaldunok ikusmena hobea dugula erdaldunek baino, horregatik karteletan letra txikiagoa erabiltzen dute euskaraz idazteko. Orokorrean osasun hobea omen dugu, horregatik osasun kanpainak ez dira beti elebidunak. Aurreko egunean deskubritu nuen entzumena ere hobea dugula, badirudi euskaldun gorrik ez dagoela, horregatik zeinu hizkuntza erabiltzekotan gazteleraz egin behar omen da.
Egun horretan parlamentura etorri ziren entzuteko urritasuna duten pertsonen elkarteko ordezkariak, beraiekin zeinu hizkuntzako interprete bat etorri zen, lan saio horretan gehienak gaztelaniaz aritu ziren, honaino deus ez berria. Urte berriak ez ditu “betiko” ohiturak, mitoak eta argudio faltsuak aldatu eta bati bururatu zitzaionean euskaraz egitea -hau bekatua- gehienek itzulpena behar izan zuten. PPrentzat hau hizkuntza inposizio bat izan zen nahiz eta inolako arazorik gabe, naturaltasun osoz, zeinu hizkuntzako interpreteak kaskoak jarri eta bere lanarekin segitu.
Arraroa bada ere, kasu honetan ados nago, hizkuntza inposizio bat egon zen baina ez aipatzen dutena. Beraiek, PPkoek, ez omen dute ulertzen zergatik erabiltzen dugun euskara denok gaztelania ulertzen dugunean, ziur aski berriz ere ahaztu zaie euskara gure hizkuntza dela. Hori …, edo igual ez dakite zeinu hizkuntza ez dela unibertsala, beraz kontuan izanik itzulpena gaztelaniatik izan zela; bietako bat aukeratu egin behar: edo urratu zen euskaldun gorrek duten eskubidea euskaratik zeinuetara itzulpena izateko edo ez dago euskaldun gorra denik.
Zalantzarik gabe, bigarrena aukeratzen dut, argi dago Nafarroan osasunaren alde egiten ahal den aukerarik onena euskara jakitea dela.
Nekane Perez, Euskalerria Irratian
No hay comentarios:
Publicar un comentario