martes, 7 de diciembre de 2010

"ZER GARA GU, NOR GARA GU", HAURRENTZAKO ETA EUSKARA IKASLEENTZAKO JOKOA

"Nire zortzi urteko seme-alabek ederki asko dakite nortzuk diren Messi, Ronaldo, Llorente eta abar, telebistagatik eta futbol ligaren kromoekin jolasten ibiltzen direlako. Pentsatu nuen pena bat zela ez jakitea nor den Atxaga, etxe paretik pasatzen den ibaia Nerbioi dela, non dagoen Txindoki... Eta nire haurrei horiek guztiak jolastuz irakasteko karta joko bat diseinatzea erabaki nuen", azaltzen du Gotzon Barruetak.

Esan eta egin, eta ez hori bakarrik. Berak diseinaturiko jokoa Elkar argitaletxeko arduradunei gustatu eta orain dela hilabete bat 'Zer gara gu, nor gara gu' Euskal Herriko liburudendetan dago salgai. Gainera, azken bertsioa ez da umeentzako bakarrik, jokoa euskaraz ikasten ari direnentzat ere oso aproposa izan daitekeela ikusi baitzuten. Lehendabiziko tirada 2.500 kutxakoa izan da eta Euskal Herriko 400 dendetan dago salgai. Eta salmentak onak ari dira izaten.

'Jokoa diseinatzeko haurren buruarekin pentsatzen saiatu naiz. Trivial eta horrelako joko asko zailegiak dira eta nire seme-alabak aspertu egiten dira berehala. Gainera gehienetan ez dira Euskal Herriari buruzkoak, nazioarteko bertsio euskaratuak baino ez. Beste batzuk aldiz, oso lokalak dira, adibidez Bilbori buruzko triviala bezala. Nik Euskal Herri osoari buruz ikastea nahi nuen", dio egileak.

Ikastea eta dibertitzea da jokoaren helburua eta egilearen arabera horixe lortzen du. Bidea oso kuriosoa da: galderen erantzuna erraz-erraza dela. 'Uribe ala Mortadelo? Zer demontre!' pentsatuko du batek baino gehiagok. Baina Barruetak ongi pentsatuko erabakia dela azaltzen du. "Adibidez, galdetuko bagenu: zein da Atxagaren libururik ezagunena, Obabakoak hala Harri eta Herri? Askok bata edo bestea bota eta agian asmatuko lukete. Baina ez dute erantzun zuzena zein den gogoratuko. Obabakoak ala Saltxitxa Gorriak galdetuta seme-alabak barrez hasi eta 'Aita, Obabakoak, nola izango da ba Saltxitxa Gorriak!' erantzuten didate. Eta gero gogoratu egiten dute", dio berak.

Ez al da orduan errazegia? Egilearen arabera ez, jokoaren ibilbidea osatzeko --Tuteran hasi eta Lantzera heldu arteko 49 lauki-- zortea ere behar delako. "Gainera, karten artean bikoteak osatu behar dira eta azkenean kartarik gabe gelditu behar du jokalariak bukatu ahal izateko", argitzen du Barruetak. Jokoak beste berezitasun bat du: alde batetik, etxean eta ibilbidearen taularekin jolas daiteke; baina posible da ere karta-sorta bakarrik hartu eta edonon jolastea.

Jokoan Euskal Herriko kulturari buruzko gaiak hainbat familiatan sailkatuta agertzen dira: mendiak, ibaiak, idazleak, kirolariak, euskara, ohiturak, jaiak, naturaguneak... Horietako batean, Antzina izena duenean, Diasporak ere badu bere lekua eta atzerrira joandako euskaldunei eta euskal etxeei buruzko hainbat galdera agertzen dira.

Barrueta berebiziko ahalegina egiten ari da jokoa ezagutarazteko, euskal Diasporan ere. Sei urtetik gorako haurrentzako pentsatua bada ere, jokoak euskaraz jolasteko eta Euskal Herriari buruz ikasteko aukera bikaina eskaintzen du eta Diasporako euskara ikasleentzako interesgarria izan daitekeela uste du. Horregatik harremanetan da dagoeneko AEBetako euskal etxeekin eta Mexikoko hainbat euskaltzalerekin, eta Hegoameriketan ere zabaldu nahiko luke jokoaren berri.

Jokoa ingelesera eta gaztelerara itzultzeko prest legoke, horrela euskaraz ez dakiten Diasporako euskaldunek ere Euskal Herriko kulturari buruzko datu hauek ikasteko aukera izan dezaten. "Ea guztion artean Euskal Herriko kultura munduan zehar zabaldu ahal dugun... Hainbeste Messi, Bob Esponja eta Hanna Montana entzun eta hurbil ditugunak batzutan ezagutu ere ez! Gurea dena ezagutu eta zabaldu behar dugu", bukatzen du.

euskalkultura.com

No hay comentarios: