Gaurko egunez, 1990eko abenduaren 6an ikusi zuen argia Euskaldunon Egunkariak. Durangoko Azokan bertan aurkeztu zuten euskarazko kazeta, 32 orrikoa. Juan Del Olmo epailearen aginduz 2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak egunkaria itxi izan ez balu, gaur 20 urte beteko zituzkeen Euskaldunon Egunkariak.
Atzera egin behar da sorburura joateko. Euskal Kulturaren Batzarreak deituta, 1989ko azaroaren 1ean euskarazko egunkari bat sortzeko bilera egin zuten hainbat kulturgilek Donostian. Handik Egunkaria Sortzen lan taldea sortu, eta 143 herritan 185 batzorde antolatu zituzten Euskaldunon Egunkaria izango zena sustatzeko eta dirua lortzeko. 5.000 pezetako (30 euro) akzioak jarri zituzten salgai, eta 50 milioi pezeta inguru (300.000) lortu zituzten proiektua abiatzeko. Herri Batzordeetan 3.000 pertsona antolatu ziren, eta akzioan erosten nahiz bestelako ekintzetan guztira 90.000 euskal herritar inguru inplikatu ziren.
1989an, Durangoko Azokan zehaztu zituen Egunkaria Sortzen talde eragileak euskarazko egunkaria izango zenaren ezaugarriak eta 11 oinarriak: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, alderdi politikoekiko independentea, erdal komunikabideekiko independentea, ez-instituzionala baina bai diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria. Hasiera hartan Pello Zubiria izan zen zuzendari eta Iñaki Uria zuzendariordea. Administrazio Kontseiluan, Martin Ugalde lehendakaria zen, Joxemi Zumalabe kontseilari ordezkaria eta Joan Mari Torrealdai Kontseilu Editorialeko presidentea. 1993ko ekainaren 9an Martxelo Otamendik hartu zuen Egunkaria-ko zuzendaritza-lanari.
2003ko otsailaren 20an, baina, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, indarrez itxi zuten kazeta guardia zibilek, ETArekin lotura zuela argudiatua. Egin-en ondoren, Euskal Herrian itxiko zuten bigarren egunkaria izan zen. 10 lagun atxilotu zituzten: Martxelo Otamendi “Egunkaria”-ren zuzendaria, Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Fermin Lazkano, Iñaki Uria, Pello Zubiria, Luis Goia, Inma Gomila, Xabier Alegria eta Xabier Oleaga.
2003ko otsailaren 21ean Egunero argitaratu zuten Egunkariako kazetariek. Eta ekain hartan Berria sortu zen, berriro ere herri batzordeen laguntzarekin.
Kasuaren absoluzioa etorri da aurtengo apirilaren 12an, Auzitegi Nazionaleko epaimahaik aho batez berretsi zuen ez zegoela deliturik. Hala ere, auzi ekonomikoak martxan jarraitzen du eta Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Jose Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena auzipeturik daude.
zuzeu.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario