AURKEZPENA
Maider Belloso Oreja naiz; 28 urte ditut; Tafallan jaio eta orain Tafallan bizi naiz, baina ikasketak zirela eta, bolada batean Donostian bizi izan nintzen, eta gero, duela oso gutxi arte, Madrilen.
Lehenbizi Donostian Goi Mailako Ziklo bat egin nuen Arte Eskolan: "Proyectos y Dirección de Obras" eta gero Madrilen, "Arquitectura de Interiores" diplomatura atera nuen.
Donostian sasoi batean "Colegios de Arquitectos" delakoan lanean aritu nintzen eta gero enpresa eta denda batean. Madrilera joan nintzenean ikasteaz batera ostalaritzan aritu nintzen jatetxe batean. Karrera amaitu eta krisia etorri zen. Guretzat desastrea izan zen. Ikasketa horiek bazuten oso irtenbide ona. Mundu guztia, karrera amaitu orduko, lanean hasten zen: delineatzaile moduan, arkitektura estudioetan, erreformak egiten, dekorazioa egiten...baina orain oso zaila da lana aurkitzea arlo horretan; nirekin ikasi zutenen artean bat bakarrik aritzen da. Arkitekto asko langabezian geratu da eta horiek hartu dituzte guk lehen egiten genuen hainbat lan.
Nola sartu zinen koordinatzaile?
Ba....Madriletik alde egitea erabaki genuen Igor (nire bikotea) eta biok, lan egoera ikusita. Lehenik, lau hilabetez, Asian zehar bidaiatzen egon nintzen; otsailean hona bueltatu eta aireportutik herrira gentozela, gurasoek esan zidaten hurrengo Nafarroa Oinez Tafallan izango zela. Gogoratzen naiz esan niela txosnaren batean arituko nintzela lanean. Gero Adrianak, nere lagunak, esan zidan pertsona bat behar zela koordinatzaile lanetarako. Ikastolatik pasa nintzen, neure burua aurkeztu, eta azkenean, aukeratu ninduten.
Euskera indartzea erabaki zenuen, ezta?
Pentsa, nik Ikastolan amaitu ondoren, Tafallako Institutuan jarraitu nuen erdaraz. Donostian bost urtez bizi izan nintzen, baina ikasketak gazteleraz egin nituen, eta gero Madrilen, lau urtez dena erdaraz, jakina. Horregatik abuztuan barnetegi batera joan nintzen Forura, hamabost egunez. Euskara ez nuen galduta, baina ziurtasuna lortu nahi nuen, lanpostu honetan beharko nuelako. Gainera, aukera aprobetxatu dut eta oraintxe HABEn azterketa egin dut EGA lortu ahal izateko. Probak egin eta, orain arte, dena gainditu dut, baina ahozkoa joan den astean egin eta oraindik ez dakit zer atera dudan.
Zertan datza zure lana?
Zaila da azaltzea. Informazio pila bat dago. Nik dena kontrolatu behar dut, denaren berri izan behar dut eta bakoitza zertan ari den jakin. Nolabait esateko ni banaiz "médico de cabecera", denetatik pixka bat dakit, baina gero dena espezialistei pasa behar diet, hau da, batzorde buruei. Denak koordinatu behar ditut; beharra zeintzuk diren jakin behar dut eta irtenbideak bilatu eta proposatu.
Eta zer moduz?
Ongi. Lan polita da. Berezia, badakizu bizitzan behin egingo duzula eta kitto. Gainera hemen ez dago nagusi bat zer egin behar duzun esaten dizuna, lana gainera datorkizu; alde horretatik, pixka bat zaila da, hasieran batez ere.
Aurrean duzun erantzukizunak beldurra ematen dizu?
Hasieran beldur pixka bat ematen du, baina gero lanean hasi eta lasaituz zoaz. Ikusten duzu gauzak aurrera doazela eta konfiantza hartzen duzu. Dena den, petsonekin lan egitea ez da erraza, denetatik dagoelako, eta batzordeetan bakarrik berrehun bat pertsona ari dira, denak boluntarioak.
Nola ikusten duzu giroa?
Ona, oso ona. Lehenengo jarduerak ongi atera izanak jendea energiaz bete du eta mundu guztia oso gogotsu dabil. Eta ez bakarrik ikastolakoak. Jendeak kalean ikusi eta berarekin kontatzen ahal dugula esaten dizu. Dagoeneko laguntzaile dezente dugu. Batzordeetan lan ta lan (auzolan) ari dira.
Nola baloratu duzue orain artekoa?
Lema: nik uste gustukoa dela eta, gainera, barneratu egin dugula. Oso ongi jaso du gure filosofia.
Logoa: batzuek pixka bat serio iruditu zitzaien, baina ongi funtzionatzen ari da. Gainera bazegoen gogoa estiloz aldatzeko. Arropan bestalde, oso aplikazio onak ditu.
Arropa: oro har, jendearen gustukoa izaten ari da. Gauza batzuk arrakasta handia lortzen ari dira.
Desfilea: primeran, zoragarria. Lan handia eraman zuen, baina emaitza bikaina izan zen.
Ziza eta Landare erakusketa: oso ederra eta oso interesgarria. Pena izan zen atera zen eguraldia.
Ikasle Ohien Eguna: oso, oso ongi, primeran. Jende asko, kalean giro izugarria. eta gainera laguntzaile pila bat lortu genuen.
Egutegia: oso polita geratu da. Hori ere lan handia izan da. Hamabi toki eta egoera ezberdin uztartzen saiatu gara eta kontent gaude emaitzarekin. Oso ongi saltzen ari da.
Abestia nola doa?
Lanean ari gara. Oraingoz ezin da deus esan, baina laster jakitera emango dugu zein den aukeratutakoa.
Hurrengo egitasmoen berri eman ahal da?
Beno.....baten bat aurreratu dezakegu. Adibidez, martxoan "Gu gira" ikuskizun handia ekarriko dugu. Orain arte hiriburuetan ikusi ahal izan da, batik bat, eta Tafallan ere ikusi ahal izango dugu. Besteak beste, Martikorena, Niko Etxart, Urko, Gorka Knorr....Ereta frontoian izango da. "Kantu afariak" egin nahi ditugu. Erriberrin uda partean, alarde bat; gazteentzeko kontzertu bat....baina dena airean dago momentuz. Beste gauza bat seguru egingo duguna bada, kiliki kontzentrazioa 1997an egin zen bezala, otsaileko ferietan izango da. Beste ekitalde batzuk urterokoak dira: Euskaltzaindiaren biltzarra, krossa, arte erakusketa, Oinez basoa....
Ibilbidea?
Ari gara. Hainbat zirriborro ditugu, baina nahiko aurreratua dago. Bost gune izango dira eta sei bat kilometro. Hiru gune herritik gertu nahi ditugu eta beste bi urrunxeago. Beti bezala, Ikastolatik hasita, hegoalderantz abiatuko da, Plano aldera nolabait esateko, baina hara iritsi gabe.
Dagoeneko hamaika amets egin duzu "hamaika"rekin?
Ez, eta gainera hitz hori asko gustatzen zait dituen "hamaika" interpretazioengatik.
Oraindik gogoratzen dut Maider Ikastolan: langilea, erresponsablea, eta oso, oso jatorra eta atsegina. Urteak pasa arren, bere dohainak ez dira makaldu, ez horixe. Elkarrizketa egin dugun bitartean ez zaio irribarrea ahotik joan. Lana gogotik hartu duela antzematen da, eta zalantzarik gabe gogotsu arituko da. Helduagoa da, logikoa den bezala, eta "pikaro" puntu bat ere garatu duela dirudi. Oso fitxaje ona egin du Ikastolak.
Zaki Iriso (La Voz de la Merindad)
No hay comentarios:
Publicar un comentario