martes, 18 de diciembre de 2012

MEMORIA HISTORIKOA

Vascosnavarros du izenburua Jose Mari Esparza idazle eta historialari emankorraren azken liburuak. Bere idazlan gehienetan bezala, gai kitzikagarria darabil tafallarrak oraingoan ere. Zer eta euskaldunak eta nafarrak gauza bat eta bera gineneko garaiak, erresuma zahar honetako jendearen begitan nahiz bertako eliteen hizkeran. Ahantzi gara kasik; nafartasuna eta euskaltasuna besoz beso joan izan dira hemen mendez mende. Irudi hori, gainera, ideologia guztietako jendeak partekatu izan du, ezkerretik eskuinera, nazionalismotik espainolismora. Ez Historiaurrean, duela 30 urte baizik. Gauza aunitz gertatu da geroztik. Esparzak ba-tzuk aztertu ditu bere liburuan. Elite horiek errotikako euskaltasunaz arnegatu eta arrotz bilakatu diote biztanleriaren zati handi-handi bati. Boterean betikotu nahia eta agintea bertze inorekin ez partekatzeko grina izan dute horretarako akuilu. Esparzak egun hauetan ongi adierazi duen bezala, otarre bereko intxaurrak dira Nafarroako agintarien antieuskalduntasuna eta haien ustelkeria. Badu, beraz, mami itxura Vascosnavarros honek. Baita zerbait deigarria ere. Egun hauetan egileari egin dizkioten elkarrizketetan eta liburuaz argitaratu diren iruzkinetan, aipamen bakarrik ere ez dut irakurri ETAri buruz. ETA ez da, nonbait, inoiz ari izan hemen. 30-40 urte hauetan, ordea, nafar -eta espainol- eskuin antieuskaldunak bere helburuak betetzeko, ETA izan du laguntzailerik finena. Aizpun, Del Burgo eta haien ondokoei ez zitzaien inondik ere hain kontu borobilik aterako haren jarduna gabe -eta ezker abertzalearen sostengu itsua gabe-. Hori fini da, badakit. Orain gustu txarrekoa bihurtu da, zenbait ingurutan, hori guztia gogora ekartzea. Ahanztura praktikatzen da, ahanzteko eskatzen zaigu. Memoria historikoa ezabatzeko. Ez dira ohartu gauzak zuzen-tzeko urratsak emateko, bide sendoagoa dela 30 urte honetako desastrearen oroimena barneratzea, ahanztura baino.
Aingeru Epaltza (Diario de Noticias egunkarian)

No hay comentarios: