miércoles, 12 de octubre de 2011

UXUE BARKOS: "NaBai EZ DAGO HILDA, AGIAN ASKOK NAHI IZAN DUTE HIL POLITIKARAKO"

Iruñeko Gaztelu plazan gaude, NaBaiko egoitzan. NaBai ez da datozen hauteskundeetan aurkeztuko. Egoera berriak ez du Uxue Barkos kikildu, ezta pairatzen duen eritasunak ere: “Oso ongi nago. Uneon, tratamendua bukatu berria, nekatuago. Erradioterapia gogorra da. Nire lehentasunak familia, lagunak eta lana izan dira, baina askotan lanak hartu dit aurrea. Senide eta lagunei denbora gehixeago eskaini behar diedala ikasi dut”.

Elkarrizketa honen ondoren Iruñeko Udaletxera joanen zara NaBaiko kide bezala. Zer-nolako giroa bizi duzue egoera berrian?

Azken urte pare honetan egoera ez da batere erraza izan, une gogorrak izan dira politikoki –eta pertsonalki ere– bai niretzat bai guztiontzat. Izan ere, azken zortzi urteotan lana ongi egin dugu, baita NaBai proiektua ongi kudeatu ere. Maiatzean, foru eta udal hauteskundeetan izan zen lehen haustura, orain bigarrena. Batzuek bestelako erabaki politikoak hartu dituzte, legitimoak. Herenegun Foru Parlamentuko edo udal taldeko kide batzuk Amaiur koalizioaren aurkezpenean zeuden. Beraz, lehenengo momentu hauetan gauzak nahasita daude. Normala da hori. Amaiur nahiz Geroa Bai hauteskundeetarako koalizioak dira eta horrela hartu behar dira. Artean, NaBairen proiektua aurrera eramateko gauza izan behar dugu, gure konpromisoa da gure ahaleginen ardatza.

Bixente Serrano Izkok berriki honela idatzi du Argian: “Itxuroso jaio zen. Denek batera hilarazi eta berez hil zen” erran beharko? NaBaiz ari zen. Geroa Bai koalizioa sortu duzue orain.

NaBai ez dago hilda, agian askok nahi izan dute hil politikarako. NaBairen helburuek bizirik jarraitzen dute, horiek Geroa Bairen asmoetan daude, hori da honen izateko arrazoia. Orain zortzi urte aurrera bultzatu gintuen asmoa, iragan maiatzean jarri genuen mahai gainean, eta jarraitzen du izaten, ez dago hilik, asmo bera da une honetan ere. Askoren ustez, siglak bestelakoak izan arren, halako proiektu batek badituela lekua eta zeregina Nafarroan, gure asmoa hori gauzatzen segitzea da. Asmoak berak dira. Nik espero dut denok saiatuko garela lanak giro onean eramaten, gauzak portu onera iritsi daitezen.

Uxue Barkos independentea, Aralarren nahiz EAren desiratua aldian-aldian. Orain, aldiz...

Haien alde bat egin dut askotan, gehienetan. Nik koherentziaz jokatu dudala uste dut. Noski, batzuetan gaizki egiten duzu bestetan ongi, baina saiatu naiz helarazitako mezu politikoei jarraipena ematen. Aurreko hauteskundeetan proiektu bat defendatu dugu denok, bada, eta nik proiektu hori defendatzen jarraitu nahi dut.

EAJ-EAren kultura politikoetatik datorren NaBaiko kidea omen zara. Batzuek independente izate hori zalantzan jarri dute orain. Egiguzu zure buruaren definizio ideologikoa.

Bai, hori entzun dut askotan. Familia EAkoa dut, tira, aita EAko kidea da. Beste senideren bat ere kide izan da, gero ez. Eta? Eta horrek ez du kentzen EAk defendatzen dituen sozialdemokrazia eta abertzaletasunaren esparruarekin bat egitea. Aukera hori Aralarrek ere defendatu du. Halaber, EAJ ere –nahiz eta alderdi demokrata-kristaua izan jatorriz– kudeaketa sozialdemokrata lantzen ari da egun. Ni esparru horretan kokatzen naiz modu independentean.

Espainiako Kongresuan zortzi urte eman duzu diputatu lanetan. Egiguzu balantze bat, pertsonala hasteko.

Esperientzia interesgarria eta gogorra izan da aldi berean, pasio handikoa. Lan berezia da nafar abertzaleon ahotsa Madrilera eramatea, erronka zoragarria, politikoki asko eman dit. Batzuek diotenez –Euskal Herritik begiraturik noski–: “Gure politikariak Madrilen epeltzen dira”. Nik Euskal Herrian paseatuko nuke goxo-goxo eta lasai-lasai, politikoki esan nahi dut, eta hori diotenak han jarriko nituzke gure helburu politikoak defendatzen.

Zein izan da NaBairen ekarpena bi legealdietan?

Bat, pedagogikoa: Madrilen Nafarroako politika kolorebakarrean ageri zen. UPNk eta PSNk erabilitako mezua garaile zen beti, hori ezabatzea lan ederra izan da. Bi: aniztasun politikoaren mezua hara eraman izana. Ez da gutxi. Halaber, praktikan, udal askorentzako diru laguntza garrantzizkoak ekarri ditugu. Sozialki, niretzat ederrena, NaBairen mozio bat aurrera atera izana politika osoko batzarrean: etxeko zerbitzuan lan egiten duten eta dependentzia duten pertsonak gizarte-zerbitzuan sartu izana. Kongresuak aho batez onartua, orain Toledoko Itunean landu behar dena.

Eta lortu gabeko zerbait?

Bardeetako tiro poligonoaren eremua itxi ez izana. PSOEk atzera egin zuen lotsagarri.

Esperientziaren ondoren, subiranozaleagoa, ezkertiarragoa al zara? Edo alderantziz.

Hasteko, ez naiz partidista, duela zortzi urte ez nintzen eta orain are gutxiago. Independentista naiz, baina modu berriak bilatu eta aurkitu behar ditugula uste dut. Independentzia ez dugu Madrilen lortuko, independentzia Euskal Herrian lortuko dugu gehiengoa independentista izango denean. Horretan ez nator bat “Madrilera goaz gure subiranotasuna defendatzeko eta independentzia lortzeko” esaten dutenarekin. Nola lortuko dugu independentzia Nafarroan daukagun gehiengoen jokoarekin? Araban dugunarekin. Eta Iparraldean? Gipuzkoako Goierrin gehiengoa daukagu eta Bizkaiko Durangoaldean ere bai. Eta? Halaber, abertzale naiz, baina Nafarroa subjektu politikoa izateko gaitasuna defendatzen dut tinko eta bizkor. Zentzu horretan aritu naiz azken zortzi urteotan.

NaBai ez da datozen hauteskundeetan egongo...

...hori Aralarrek esana da. Izan ere, NaBairen jabego legalak Aralarrek dauzka eta Aralarreko zuzendaritzak erabaki du aukera hori ez gauzatzea. Dena dela, zergatia haiei galdetu behar zaie.

Patxi Zabaletak esana da hau ere: “Zabaltzen eta EAJk betoaren doinua hartu eta NaBai bere egin nahi izatea huts bat da”.

Une honetan komeni da nork bere espresio politikoak baretzea eta ezberdintasunak leuntzea. Azaroaren 21 iritsiko da, eta Nafarroako herritarren beharrek berberak izaten jarraituko dute. Hobe ordura arte espresio horiek bere horretan uztea.

Iñaki Aldekoak honela esan du: ez dago bi espazio ezkerreko abertzaletasunean. EAJrekin doanak eskuinaren espazioa hartzen du.

Aralarrek orain ematen dituen arrazoiak ez al zuten azken foru eta udal hauteskundeetarako balio? Ulergaitza egiten zait. Iragan maiatzera arte ez al ziren esparru berak? Ezkerra norena zen? Eta eskuina? Non zegoen Aralar? Mesedez. Proiektuak dira ezberdinak. Guk Nafarroak bere bidea subjektu politikoa izanik urratu behar duela diogu, eta eraikuntza nazionala aurrera eramateko –edo ez– Nafarroan jokatu behar dugula. Aralarren erabakian EAEko egoera politikoak eragin handia izan du. Berriz ere, Nafarroa galtzaile edo ordaintzalea da.

Geroa Baik UPNren edota Arabako UA ohiaren eredua hartuko duela diote zenbaitek.

Gu ez gara UA ez UPN. Gu abertzaleak gara, ez espainolistak. NaBai ez da alderdi bat, Geroa Bai ere ez. NaBai alderdi nazionalen koalizio bat da, baita Geroa Bai ere. Nafarren berezitasunei erantzuna emateko koalizioak dira biak. Guk, Nafarroa subjektu politikoa izateaz gainera, abertzale eta abertzale ez direnen arteko espazioa zabaltzea nahi dugu. Horra hauteskunde hauetarako bi proiektu abertzaleen arteko beste diferentzia bat.

Baskisten tokia bilatzea leporatzen dizuete, baita abertzaleak eta ezkerrekoak zaretela zalantzan jarri ere.

Niri abertzale pata negra... Ezker pata negra, Espainia pata negra... enfin! Mundu honetan mestizaia onartzea beharrezkoa da. Nor da kapaz egun esateko, nor den abertzale eta nor ez? Askotan topiko erraz eta pobreekin egiten dugu lan. Bixente Serrano Izkori ukatuko diote ezkerrekoa eta abertzalea izatea? Zabaltzenen ezkerreko jende asko dago. Noski, EAJ hor dagoenez, erraza da hau eta beste esatea. Uxue Barkos ere San Fermin ikastolan ikasia da, hara.

Zabaltzeneko kide zara. Independentea. Zabaltzen alderdi politikoa bihurtuko al da?

Ez da hori bere bokazioa eta horrela balitz, nik ez nuke nire burua halako batean ikusiko.

Independenteen rola beti eztabaidagai izan da NaBai koalizioan.

NaBai koalizio bezala sortu zen, alderdi abertzaleen koalizio bezala, baina ez bakarrik, Batzarre ere zegoen, gehiengo ezkertiar bat zegoen. Hori zen gehien gustatu zitzaidana, esparru hura nola eratu zen. Ideologikoki askotan zaila ziren erabaki batzuk hartzea, baina aurrera egin genuen puntu amankomunetan bat eginda. Zentzu horretan esperientzia ederra izan zen, eta da. Hau da, zer da independente izatea? Bada, kaleko jendeak politika egiteko aukera izatea. Hori izan da benetan interesgarria. Geroa Bairen asmoa hori da eta NaBairena ere bai. NaBai bizirik baita. Zentzu horretan Zabaltzenen asmoa independenteek eta alderdien militanteek eszenatoki bat eratzea da, denok elkarrekin lan egiteko. Hori da gure izateko arrazoia.

Orain bi urte ez zinela berriz diputatu izateko hautagai izango esan zenuen. Orain berriz, aurkeztea erabaki duzu.

Hori esan nuen orduan eta argi eta garbi diot orain: Aralarren asmoa NaiBairekin segitzea izan balitz, zerrendaburua beste bat litzateke, eta ni kanpainan ariko nintzateke buru-belarri. Orain baina, gauzak aldatu eta zaildu dira. Horregatik saiatuko naiz nire esperientzia jartzen proiektu berrian, horregatik naiz Geroa Baiko zerrendaburua. Politikan kapaz izan behar dugu –gauza bat esan dugun arren– gauzak aldatzen direla onartzeko, eta egoera zailtzen denean ere, horretan lan egiten jarraitzeko.

Zein da Geroa Bairen mezua hauteskundeetan?

Abertzaleen eta ezkertiarren ahotsa Madrilera eramatea, nafar guztien interesak defendatzea, azken zortzi urteetan izan den mezu berbera.

Amaiurrek ere gauza bera edo antzekoa erranen du.

Amaiur eta Geroa Bairen plano politikoak ezberdinak dira. Praktikan ezberdintasun bat dago. Raxoi presidentea dela, edo Rubalcaba dela, UPNko diputatuak talde mistoan izango dira, Nafarroako irudi planoa edo ikuspegi bakarra berriro eraikitzen Madrilen. Madril opinio publikoaren foroa da, interesgarria, bertan egon behar da politika egiteko. Geroa Bairen ordezkaririk ez badago, ez da nafar abertzaleon ahotsik izango UPNri erantzuteko. NaBaik lortu zuen hori, Geroa Baik horri eutsi nahi dio. Baina ez da diferentzia bakarra. Proiektuak ere ezberdinak dira: besteak beste, parte-hartzerakoan edo proposamenak egiterakoan. Parte hartzeko moduak, NaBaik landu duena, segitu behar du izaten. Esaterako, EAJk edo EAk izan duten jarrera, parte-hartze aktiboa. Gure mezu ideologikoa entzunaraztea ondo da, baina ez hori bakarrik. Adibidez: zein dira euskaldunon gaiak? Medizinen salneurria ez al da euskal gaia?

Amaiur ez duzu tankera horretako gaietan sartzeko asmotan ikusten?

Ez dakit. Beraien mezua ez da hori. Beraien mezua da Madrilera goaz herri bat garela aldarrikatzera, etorri nahi ez dugula esatera. Ondo da, herria hemen eratuko dugu, baina Madrilen herri hau eratzeko gai pila lantzen dira. Adibidea eman dut: medizinen salneurria ez da euskal gaia? Nire ustez bai. Eta Espainiako Gorteetan erabakitzen da.

Azken hauteskundeetan NaBai eta Bildu aurkeztu ziren. Bi aukera izanik, espazio politikoa areago zabaltzen zela, baita boto eta eserleku gehiago eskuratzen zirela erran zen. Orain, ez bata ez bestea ez izatea gerta liteke?

Ez dut uste. Nafarroatik diputatu abertzale bat izango da. Gure errealitate soziologikoak horretarako ematen du. Zatiketa hau ez da egokia, baina badago diputatu bat lortzeko aukera. Noski, nik Geroa Baikoa izatea espero dut Nafarroarako proiektu egokiena delako.

Esparru abertzalea areago zabalduko al da?

Agian, bai. Baina, bakoitzak bere proiektua defendatuz.

Mikel Asurmendi (Argian)

No hay comentarios: