domingo, 1 de enero de 2012

MIKEL GOÑIRI GAZTEZULON EGINDAKO ELKARRIZKETA

Zertan dabil Mikel Goñi?


Asteburu gehienetan partidak izaten ditut eta astean zehar berriz, duela lau edo bost hilabete Arraiozen ireki genuen arropa dendan aritzen naiz goiz eta arratsaldez.


Hortaz, posible da gaur egun lehen mailan aritu gabe ere pilotatik bizitzea?


Nire kasuan bai. Momentuz, partida anitz jokatzen ditut urtean zehar eta pilotatik jasotzen dudan soldata oraindik ere hagitz ona da. Berez, horrek bizitzeko adina ematen dit, baina aukera ikusi nuen arropa denda irekitzeko eta......aurrera begira ere jarri behar dut, hau lau edo bortz urte barru amaituko dela pentsatzen dut eta. Dendarekin, gainera, asmatu dugu! Inguruan ez zegoen horrelakorik, jende anitz ibilki da eta kolpean gabiltza!


Betetzen dituzu pilotalekuak?


Bai, bai. Aurten jokatu ditudan partiden %90etan, frontoian 200 lagundik goiti izan dira, eta behin baino gehiagotan 500 edo 600 ere sartu izan dira. Duela gutti, adibidez, Azpeitian jokatu nuen eta 500 baino gehiago bildu ziren, eta aste honetan ere beste bi partida jokatuko ditut eta dagoeneko sarrerak agortu dira bietan.


Badirudi 33 urterekin oraindik asko duzula emateko....


Pilotarion artean, profesionalak ez dira bakarrik Aspe eta Asegarce. Anekdota gisa, aurten -2011-, ni izan naiz partida gehien jokatu dituen pilotaria, 97 guztira. Egia da bertze era bateko pilotariak garela, baina ni oraindik hagitz gustura nabil, jendeak kantxan gozatzen du, eta horrekin aurrera!


Enpresak aipatu dituzula eta, zer dute Garfek edo Egur Sportek, Aspek edo Asegarcek ez dutena?


Tira, haiek -Aspe eta Asegarce- antolatutako partiden sarrerak anitzez garestiagoak dira, eta kantxako giroaren izaera ere desberdina da. Gure kasuan, normalean, bi pilotarik jokatzen dugu, Eulatek eta nik adibidez, eta gero herriko edo klubeko bertze pare batek. Dinamika horrek frontoian bertze giro bat sortzen du, jendea frontoira gustura heldu da, eta kantxan ere hori nabari dugu.


1998an egin zenuen debuta eta 2007an lehen maila utzi behar izan zenuen. Gorabehera anitzeko ibilbidea izan da zurea, nola bizitu duzu?


Bizitzan zehar gauza anitz egin izan ditut, tartean gauza onak eta baita txarrak ere. Baina argi daukat inori ez diodala kalterik egin, nire buruari besterik, eta horrekin gelditzen naiz. Argi dut gorabeherak nireak izan direla eta horretan geldituko direla.


Aldatuko al zenuke zerbait?


Ez. 24 edo 25 urte nituenean egunerokoa sekula ez zela aldatuko pentsatzen nuen, baina denborarekin, argi dago, martxa horretan jarraituz gero dena bukatzen dela. Baina, aldatu? Ez, orain ez nuke ezer aldatuko. Gaur atzera begiratu eta bidean egin ditudan gauza positiboekin gelditzen naiz, gaizki egin ditudanetik ikasi baitut eta garrantzitsuena harri berarekin bi aldiz estropuzu ez egitea da. Orain dudanarekin izugarri kontent nago eta horregatik aurrera begiratzen dut soilik.


Baina, sasoi hoberenan zinenean galdu zenuen pilotari batek izan dezakeen aukera gorena.


Erran bezala, nire ibilbide profesionalean egin ditudan gauzekin ez naiz harro sentitzen, baina nire bizitza izan da, eta azken finean, orain kontent nago, pilotan jokatzen dut eta frontoia betetzen da oraindik. Nortasuna dut, eta horri eusten diot beti. Nire hankasartze eta erruak onartu izan ditut beti, eta horretan jarraituko dut.


Garai batean zure izena bolo-bolo ibili zen drogak zirela batetik, eta partidetako iskanbilen harira bertzetik. Zer dakar horrek kirolari batentzat?


Beti lotu izan naute drogen munduarekin eta inoiz ezin izan dute hori frogatu. Horren aurka ere salaketak jarri nituen, baina azkenean denak atzera bota zituzten. Egia da beti izan naizela hagitz juergazalea, horrek dakarren guztiarekin. Azken finean, parranda egitea ez da kirolari batentzat bizimodurik egokiena. Baina guztiaren gainetik, arazoa izan da kirolarien bizitza profesionala baino gehiago aipatu izan dutela nire bizitza pertsonala. Min handia egin zidaten.


Komunikabideak izan al ziren irudi horren eraikuntzaren erantzule?


Zalantzarik gabe. Baina bai onerako eta baita txarrerako ere. Kazetariek anitz saltzen zuten nire inguruan sortu zituzten baieztapenekin, baina, hala ere, jendeak beti jakin izan du nolakoa naizen.


Eta zein da zuk zure buruarekin egin duzun injustiziarik handiena?


Konpromisoan jartzen nauzu, neska! -barrez-. Uste dut injustiziarik handiena nire frontoietako lagunei espero zutena eman ez izana dela, kantxan baldintza onenetan egon ez naizenean behintzat.


Behar izan duzunean, sentitu al duzu kideen babesa?


Ibilbide osoan zehar izan dut ingurukoen babesa, bai pilotarien aldetik eta baita lagunen aldetik ere. Aholku faltarik ez dut sekula sumatu.


Onak dira, beraz, pilotarien arteko harremanak.


Hagitz onak. Nik, behinik behin, harreman hagitz ona daukat denekin. Hilabetero egiten dugu bazkari edo afari bat, beti deitzen didate eta hor izaten naiz izugarri gustura. Polemikoa izan naiz, baina horren gainetik, nire lagunen laguna. Eta jendeak bereziki eskertzen du hori.


Eta zuk sentitu al duzu inoiz besteekiko inbidia?


Guztiok izaten dugu duguna baino gehiago eskatzeko ohitura, baina eduki dudan guztiarekin kontent bizi izan naiz beti eta, ez, inbidiarik ez dut inoiz sentitu.


Zer da pilotari gisa duzun hoberena eta zer txarrena?


Karisma. Bai onerako eta baita txarrerako ere, jenio handiko mutila naiz, gaztea eta oldarkorra, horrek pilotazalea betetzen du eta horregatik, uste dut, betetzen ditudala frontoiak. Batzuk kritikatzera doaz eta bertzeak, berriz, gozatzera. Hala izan zen unerik gozoenak bizi izan nituenean, 2001 eta 2002 inguruan, sasoi onenean nengoenean, eta baita momentu garratzenean ere, Aspek nirekin ez jarraitzea erabaki zuenean. Deus egin gabe kanpoan gelditzea gogorra izan zen.


Une gogorrak pasata ere, kirolari ez diozu sekula ukorik egin, eta orain ere bestelako maila batean, baina horretan zabiltza. Zer ematen dizu?


Pilota dena da niretzat, beti iza da nire bizitza, nik berari posible nuen adina eman gabe ere, berak niri dudan guztia oparitu dit.


Baina lehenengo mailan berriz ere saiakera egiteko inongo asmorik ez.....


Ez, ez! Batetik enpresek ez dutelako dirurik ni berriz bueltatzeko eta, bertzetik, hagitz pozik sentitzen naizelako nagoen tokian. Nire martxara noa, erdi nagusi lanak ere baditut lantokian, partida anitz jokatzen ditut eta jendeak egiten dudan lanagatik aipatzen du nire izena, ez nire bizitza pertsonalagatik.


Azken aldian pilota munduan izan diren zenbait aldaketa mahai gainera ekarrita: partida harmailetatik jarraituz gero, purua eskuan ala ez?


Bai, dudarik gabe -barrez-. Puruarena ohitura da. Ongi bazkaldu, kopa hartu eta purua frontoian. Orain arte hala izan da, ez dut gaizki ikusten.


Pilotarien janzkeran harira sortu zen eztabaidan zer duzu errateko?


Modak aldatuz doaz, eta honetan ere horrela gertatzen da. Ni hasi nintzenean, adibidez, ez ziren belarritakoak erabiltzen kantxan, eta gaur egun denek eramaten dituzte. Aldatzen jarraituko du eta, azkenean, publikoak eskatzen duen horretara egokituko da.


Nola ikusten duzu Bilboko maxi-frontoi berria?


Yankeegia iruditzen zait. Niretzat, betidanik, Donostiako Atano III eta Beasaingo Antzizar izan dira gustukoenak, berezko kultura dutelako.


Bukatzeko, kuriositatea: nor aukeratuko zenuke frontoian aurkari eta nor juerga lagun?


Pilotarien artean badago beti ilunpean gelditzen den tipo handi bat eta hori Abel Barriola da. Zoriontzeko pilotaria, ez du inoiz deus erraten eta beti izan da kaltetua pilotarien nahiz enpresen aldetik. Hemendik animatu nahiko nuke aurrera segitzera, izan ere, tipo handia da eta are pilotari handiagoa. Baita Irujo ere. Juergarako, berriz, edozein. Horretarako denek balio dute.


Aurrerantzean, zer asmo?


Nagoen moduan mantentzea da nire erronka eta nahia, bizi erdia behintzat egina dut dagoeneko eta, gauzek horrela segituz gero, hagitz pozik egonen naiz.


Saioa Baleztena (Gaztezulon)

No hay comentarios: