viernes, 8 de abril de 2011

IRUÑEKO FINALA DASTATZEKO TENOREA

Larunbatean, apirilaren 9an, amaituko du bere bidea aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Iruñeko Labrit pilotalekuan arratsaldeko 17:00etatik aurrera izanen den finalarekin.

Finaleko zortzikotea honela osatu da: finalaurrekoak irabazi dituzten hiru bertsolariek zuzeneko sailkatzea lortu dute: Jon Barberenak, Estitxu Arozenak eta Julio Sotok. Horiekin puntuazioz sailkatu diren beste bost bertsolarik kantatuko dute: Xabier Silveirak, Julen Zelaietak, Eneko Lazkozek, Oskar Estangak eta Xabier Terrerosek.

Izugarrizko ikusminak sortu du Labriteko finalak eta larunbaterako salgai ziren sarrera guzti-guztiak saldu dira jadanik. 1.300 bertsozalek lepo beteko dute Labrit pilotalekua. Sarrerarik gabe gelditu denak aukera izanen du finala internetez segitzeko www.bertsoa.com atarian eginen duten zuzeneko emanaldian.

Igandean, gainera, Hitzetik Hortzera saioan Nafarroako finalari buruzko saio berezia eskainiko da, iluntzeko 21:00etatik aurrera, ETBren lehenengo katean.

Ohi bezala, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala amaituta festa giroa izanen da nagusi. Behin Labriteko saioa bukatuta, triki-poteoa izanen da Alde Zaharreko karriketatik.

Horren ostean, Txapelketako parte-hartzaileek eta bertsozaleek Iruñeko Errotxapea auzoko sagardotegi batean afaria eginen dute, Txapelketaren eta finalaren "kupela arteko balorazioa" esaten zaiona. Hor ere trikitilariek alaituko dute giroa

Sagardotegirako oraindik badira txartel batzuk, 25 eurotan. Interesa duenak 948143747 telefonoan edo nafarroa@bertsozale.com helbide elektronikoan egiten ahal du erreserba. Kopuru mugatua da, hortaz lehenbailehen egin beharko da.

bertsozale.com

No hay comentarios: