viernes, 29 de abril de 2011

BIZKARTZAINAK SU-ETENAZ KEZKATUTA

"Bakea ez da inondik inora ikusten". "ETA atentatuak egiteko lanean ari da". "Kalean tentsioa areagotu da". Bilbon Espainiako bizkartzainen elkarteko kongresuan entzun ziren perlak dira hauek. Su-etenaren ondorioz, 600 lanpostu galdu ditu segurtasunaren sektoreak urte eta erdian. "Kezkatuta" egoteko arrazoiak dituzte. Besteen zoritxarrari etekina ateratzen dietenen kontuak dira.

Bakea berez denontzako da ona. Baina, horrek kale gorrian uzten banau niretzat ere ona al da?

Pentsatzekoa da Euskal Herrian lan egiten duten ehunka bizkartzainak dilema hau izango dutela buruan itzulbiraka. Edo, auskalo, baliteke erantzuna aspaldi aurkitu izana. Bilbon Espainiako Bizkartzainen Elkarteak burutu duen kongresuan entzundakoei jaramon eginez gero, dilemaren erantzunak nahiko argia dirudi. Beldurra eta mesfidantza izan dute ahotan: ETAri atzemandako lehergaiak erabiltzeko prest zirela, su etena edozein momentutan eten daitekeela, gero eta tentsio gehiago dagoela kaleetan...

Arotzak zura behar duen moduan behar dute bizkartzainek ETAren mehatxua. Horregatik... zer esango dute ba? Komeni zaiena, alegia, segurtasun zerbitzuak beharrezko izaten jarraitzen dutela. Zintzotasun izpirik ez da espero haien hitzetan, interesa baizik. Besteen zoritxarrari etekin ateratzearen kontuak.

Hala ere, Vicente de la Cruz elkartearen presidenteak esan du "mehatxu terrorista amaitzearen guztiz alde" daudela. Sinesgarritasun gutxi badu ere, eskerrak esan duen!

Bakearen ideia hutsa atsegin ez duten bizkartzain mordoa dago gure kaleetan. Esaterako, Donostiako epaile baten postontzian itxurazko lehergailua jarri zuen bizkartzaina. Ez da lehenengoa izango, ezta azkena ere, eraso baten itxurak egiten dituena probetxu politikoa edo ekonomikoa eskuratzeko. Lanari eusteko ahaleginean zebilen gizajoa. Berriz ere, besteen miseriez bizi beharraren komeriak.

ETAren biolentzia amaitzeko bidean dirudien honetan, bizkartzainek (gehitu kolore guztietako poliziak) kolokan ikusten dute haien lana eta enpresek haien negozioa. Mehatxurik gabe ogirik ez.

Hala ere, bizkartzainen etorkizuna ez da guztiz beltza. Lanpostuak galtzen ari direlako kezkatuta egon arren, irtenbideak proposatu dituzte Bilboko kongresuan: "merkatu berriak irekitzea". Hau da, maletak hartu eta beste nonbaitera joango dira giza miserien bila.

Gizatxar izatetik ez dira urruti ibiliko bakeaz hitz egitean etsipena sentitzen dutenak. Besteok, amets egiten dugu, besteak beste, bizkartzain eta poliziak langabezian izan daitezen.

Iñaki Larrañaga, zuzeu-n

No hay comentarios: