Espainiako Estatuko Fiskaltzak erabakia bi egunetan hartu du: Sortu alderdien erregistroan ez onartzeko eskatuko du. Baina eskaera ez du egingo martxoa arte. Fiskaltzak epeak muturrera eramango balitu, Sortu legezko izanik ere ez da iritsiko maiatzeko hauteskundeetara.
20 eguneko epea zuenean, bi besterik ez ditu behar izan estatutuak eta Barne Ministerioak bidalitako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenak ikusi ostean ebazteko ezker abertzalearen alderdi berriak ezin duela erregistratu. Bi egunetan hartu du erabaki hori, Sortu legeztatzearen aldeko manifestazioaren bezperan justuki, baina martxoa arte ez du egingo eskaera hori ofizial. Fiskaltzak horretarako daukan hogei eguneko epea martxoaren 11n amaitzen da. Bestetik, Estatuko abokatuak martxoaren 4aren aurretik aurkeztu behar du Sorturen erregistroaren aurkako eskaera, hala ikusiko balu beharrezko.
Epeak muturrera eramanda, Sortu maiatzeko hauteskundeetan egon litekeen ala ez erabaki gabe igaro daitezke hauteskundeak martxa honetan. Horrela, Espainiako Estatuak PSOEren Gobernuarekin ez luke alderdi berria legez kanpo uztearen ardurarik izango, baina de facto ez litzateke hauteskundeetan egongo, eta horrek hainbat herritan edo diputaziotan gauzak erraztu ahal izango dizkie.
ASBren erabakia hilabete eta erdira
Fiskaltzak martxoan dagoeneko erabakia duen eskaera aurkeztuta, denbora askorik ez dago Auzitegi Gorenak Sortu legezkoa dela ebatziko balu alderdi berria hauteskundeetarako garaiz erregistratzeko. Abertzale Sozialisten Batasunaren kasuan hilabete eta erdi behar izan zuen Auzitegiak (kontrako) epaia emateko. Beraz, epea muturrera eraman eta martxoaren 11n egingo balio Auzitegi Nazionalari eskaera, hilabete eta erdiko epean apirilaren 25a izan liteke Auzitegi Nazionalak bere erabakia jakinarazteko. Alegaziorik balego bost-hamar eguneko epean horiek aurkeztu ostean, auzi saio bat egingo litzateke, eta bertan erabaki. Auzitegi Nazionalak erregistroa ukatuko balio, Konstituzionalera jo lezake Sortuk.
Alderdi berria udal eta foru hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko apirilaren hasierarako legeztatuta egon beharko luke. Izan ere, apirilaren 13tik 18ra bitartean aurkeztuko dira hautagaitza zerrendak, eta hilaren 20an egingo dira publiko. Apirilaren 25ean aurkeztu beharko lirateke maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan parte hartuko duten zerrenda definitiboak.
A.Etxaniz (zuzeu.com)
No hay comentarios:
Publicar un comentario