Emakumeen espetxeen inguruan ikerketa ugari egin dira azken urteetan. Ricard Vinyes, Fernando Hernandez, Giuliana di Febo eta gure artean, besteak beste, Xabier Basterretxea, Arantza Ugarte, Maria Gonzalez edo Eduardo Barinaga aritu izan dira horretan. Bereziki aipagarria da EHUko Kriminologia Institutuan, Emakundek lagunduta, burutu den ikerketa multidisziplinarra. Autore hauek idatzitako lanak, dokumental batzuk eta pelikularen bat edo beste oso lagungarriak izan dira errealitate hori ezagutarazteko. Urte askotan ezkutuan egon dira testigantza horiek. Sarritan emakumeen isiltasunari leporatu izan zaio, baina beraiek argi dute: “Guk beti hitz egin dugu, baina inork ez zigun entzuten”.
Leporatutako delituak
Errepresio frankistaren ondorioak jasateko, emakumea izanez gero, ez zen beharrezkoa espetxeratua edo atxilotua izatea. Asko izan ziren, esate baterako, lan egiteko aukerarik izan ez zuten alargunak, miserian bizitzera kondenatuak “gorri” baten senideak izateagatik. Beste askok familia ibiltariak osatu zituzten, Espainiako geografian zehar mugituz senarra, semea edo aitaren atzetik hauen ibilbide penitentziarioaren segizioa egiten. Kasu hauetan, maiz duintasunik gabeko lanpostuak (prostituzioa barne) bete behar izan zituzten senideei espetxe barruan behar zutena eman ahal izateko. Emakumeak eta bakarrik emakumeak izan ziren kanpoko laguntza hau aurrera eraman zutenak. Alderantzizko kasurik ez da ezagutzen. Emakume presoen kasuan askatasun faltari bakardadea gehitu behar zaio. “Espetxe barruan gure burua baino ez genuen”, esan ohi dute.
Atxilotutakoen artean, leporatutako delituari erreparatzen badiogu bi multzo handi bereiz ditzakegu. Lehenengoan, araudi frankistaren arabera, lege haustura egin zutenak zeuden. Hauek, gizonezkoak bezala, errepublikaren alde edo faxismoaren kontrako borrokan nabarmendutako militanteak ziren: abertzaleak, komunistak, sozialistak, anarkistak, feministak… Borroka egin zuten eta beraien konpromiso mailagatik, bazekiten errepresio gogorra jasotzeko aukera handiak zituztela. Beraien ideologiarekiko koherentziaz zetorkien patu iluna onartzen zuten eta espetxe barruan, modu batez edo bestez, borrokarekin segitzeko asmoa azaltzen zuten.
Errepresio zuzenaren biktimen bigarren taldea askoz zabalagoa eta anitzagoa izan zen. Delitu zehatzik ez zitzaien leporatzen, “ondoan” egotea baizik. Errepublikazale baten emaztea, alaba edo ama izatea nahikoa zen zorigaiztoko talde honetako kidea izateko. Egoera honen inguruko testigantzak ugariak dira. Saturrarango kartzelako emakume baten esaldiak argi uzten du hori: “nola nire senarra ez zuten aurkitu, ni hartu ninduten”, edo aurrerago ikusiko dugun Larragako nerabe baten kasua, aitarekin batera atxilotua. Errepresio mota honen helburua, beraien emazte edo alaben bidez, ihes egindako gizonak zigortzea zen, logika frankista erabiliz, beraien “propietatea” erasoz.
Zigorrak
Frankismoak, hasiera-hasieratik garbi utzi zuen zein izango zen beraien justizia sistema. Jimeno Jurio historialari nafarrak garbiketa politikoa terminoa proposatu zuen egindako errepresioa izendatzeko. II. Errepublikan indarrean jarritako erreforma guztiak deuseztatuak izan ziren eta lege berezi batzuen bidez, eredu berria, erabat punitiboa, martxan jarri zuten. Gauzak horrela, gaizkilea zuzentzeko asmoa aplikatzeari utzi zioten. Errudunek argi eta garbi jakin behar zuten zein zen haien etorkizuna. “Irabazleak eta galtzaileak egongo dira”. “Beraien akatsak odolez ordainduko dituzte”. Horiek ziren hasierako gerraondoan irabazleek idazten zituzten esaldiak. Helburua lortu ahal izateko, heriotza zigorra erabiltzeko, ez zegoen inolako oztopo moralik. Victor Mañu apaiz nafarrak hala adierazi zuen: “Bosgarren agindua, ‘Ez duzu hilko’ da, baina salbuespenak daude”.
Emakumeen artean fusilamenduak ez ziren oso gertaera ohikoak eta egin zirenei ez zitzaien inolako publizitaterik eman. Ezagunak dira, hala ere “13 Arrosen” hilketak edo Guillenako 17ak. Haurdun zeuden kondenatutakoen kasuetan, emakumea erditu arte itxaroten zen fusilatzeko. Haurra Estatuak zainduko zuen, ama akabatu eta gero.
Espetxea zen, beraz, emakumeentzako zigorrik ohikoena. Aurretik zeuden kartzelak azkar bete ziren tropa frankistek harrapatutako preso kopuru handia zela-eta. Espainia Berria edozein eraikin egokitzen hasi zen prisio funtzioa bete zezan. Biltegiak, zezen plazak, komentuak, zine-aretoak... Edozein tokik balio zuen. Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko mugan, Ondarroa eta Mutriku artean, garai batean luxuzko hotela, geroago seminarioa eta azkenean koartela izan zen eraikin multzoa, Estatuko emakumeen kartzela handiena bihurtu zen: Saturrarango Espetxe Zentrala. Bertan, eta garaiaren arabera, batez beste 2.000 emakume inguru giltzaperatuak egon ziren 1938tik 1944ra arte.
Kartzela horretaz gain, Euskal Herrian Zornotzakoa, Bilbokoa, Gasteizkoa eta Iruñeko bi izan dira emakumeentzako espetxe bezala dokumentatu direnak. Gauza jakina da, emakume asko beste atxiloketa zentro edo espetxeetan giltzapeturik egon zirela, baina arestian aipatutakoak dira soilik emakumeentzat atondutako kartzelak. Espetxe hauen ezaugarri nagusienetakoa mojen presentzia izan zen. Errepublika garaian debekatuta egon ondoren, zaintza lanak egitera itzuli ziren, baina ez horrenbeste aurretik egondako prisioetara baizik eta komentuetan edo seminarioetan sortutako berrietara, Saturraranera edo Zornotzara adibidez. Horrek, kontrol politikoaz gain, kontrol ideologikoa eta morala bermatzen zuen, emakume “galdu” hauek gertutik jarraitu ahal izateko. Onura handia lortzen zuten bai Estatuak baita Elizak ere. Frankistek eraikin berriak eta eskulan merkea lortzen zuten. Erakunde katolikoek Jaungoikoaren bidera erakartzeko emakume galduen multzo handia. Guztiak irabazle.
Kartzeletako bizimodu gogorra ahaztu gabe, zigor asko espetxeko hormetatik kanpo burutu ziren. Hauetako batzuk emakumeei bakarrik ezartzen zitzaizkien. Sexu bereizketa horrek eta ekintza horien maiztasunak zigor berezien bat-batekotasunaren teoria baztertzen dute. Goitik planifikatutako eta agindutako mendekuak izan ziren.
Garaiko emakumeen ikur femeninoena ile luzea zen, gizonengandik bereizten zituena eta, askotan, edertasunaren seinalea zena. Zigor ohikoenetakoa ilea mozkea zen, burusoiltzea. Hau kentzea emakume kondizioa ezabatzea zen, ia biluztea. Gainera denboran luze irauten zuen iraina zen, ileak aurreko egoera berreskuratu arte hilabeteak behar baitzituen. Batzuetan, adar moduko bi xerlo uzten zitzaizkien demonio itxura har zezaten, “gorria-infernua” lotura eginez. Gainera, askotan, ile mozketa hauek publikoak ziren; adibidez, 1936ko irailean, tropa frankistek Donostia hartu ostean Amarako Easo plazan burutu zirenak.
Higienearen ukapena izan zen bigarren zigor motaren helburua. Rizino olioa edanaraztearen ondorioek zikinkeri bikoitza erakutsi nahi izan zuten: alde batetik gorputzarena eta bestetik arimarena. Espainia Berriko emakume eredugarriaren antitesia. Isabel Katolikoa edo Jesusen Teresaren garbitasunetik ezin urrutiago kokatuak. Ikerlari batzuen arabera, ekintza hauek, barruko demonioak ateratzearen ideiarekin lotzen dute, berriro infernua eta marxismoaren ideiak elkartuz.
Ander León (Argian)
No hay comentarios:
Publicar un comentario