lunes, 21 de febrero de 2011

EREMU EUSKALDUNEAN ERE LANGILE ERDALDUNAK LIBURUTEGIETAN

Nafarroako Euskararen Legeak eremu euskaldunerako hauxe dauka ezarrita: “Administrazio bakoitzak, beraiei dagozkien eskumenen esparruan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, kontuan hartzeko merezimendutzat hartuko da besteren artean”. 55/2009 Foru Dekretuak Nafarroako Gobernuaren Administrazioan euskararen balorazioa arautzen du: Eremu euskaldunean, baremoaren % 6a eta zenbait lanpostutan % 10; eremu mistoan, baremoaren % 3a eta zenbait lanpostutan % 6a.

Zein da Nafarroako Gobernuak erabiltzen duen bidea, euskara baloratzea saihesteko? Baremorik ez jartzea; hau da, oposizio-lehiaketaren ordez, oposizioa antolatzea. Ingelesarekin, ordea, ez du problemarik oposizio barruan froga sartzeko eta ederki puntuatzeko (% 10a, A eta B mailetan).

Oposizioa aukeratu du liburutegiko arduradun izateko 14 lanpostu betetzeko deialdian. Euskararen baloraziorik ez dago.

Berako eta Lesakako lanpostuetan balorazio falta horrek talka egiten du Euskararen Legearekin. Hala ere, Nafarroako Gobernuak halaxe egin du.

Herri horietako lanpostuetan euskara jakitea beharrezkoa ez da. Meritu gisa baremoaren % 6a baloratu ere ez du egiten (puntu guztien % 1’8). Ezta baremoaren % 10a ere (puntu guztien % 3), nahiz eta liburutegiko arduradun postua aipatua dagoen horrelako balorazioa jaso dezaketenen artean.

Ondorioa garbia da: Nafarroako Gobernuak eremu “ez euskaldun”-eko eta eremu mistoko euskaldunen hizkuntz eskubideak kontutan ez hartzeaz gain, eremu euskalduneko euskaldunen hizkuntz eskubideak ere ez ditu aintzat hartzen (nahiz eta Legean jasota egon).

Errealitate hitsa: Euskaldunoi aurpegira barre egiten digu.

2011-02-21. ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.

No hay comentarios: