Datorren asteazkenean, otsailaren 20an, Egunkaria, 10 urte geroago dokumentala estreinatuko da ETB-1en. Euskaldunon Egunkaria itxi zuteneko hamar urte betetzen diren egunean bertan emango den lanak, 2003tik 2013ra bitarteko irudiak, testigantzak eta elkarrizketak bildu ditu. K2000k ekoiztu duen lana Maite Ibañezek eta Begoña Atinek zuzendu dute.
2003ko otsailaren 20an Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak Egunkaria-ren itxiera prebentiboa eta bere ondasun guztien behin behineko bahitura agindu zuen, ustez, ETAk kontrolaturiko enpresa konglomeratu baten parte zelako. Operazio berean hamar pertsona atxilotu zituzten.
2003ko urriaren 17an zortzi pertsona gehiago atxilotu zituzten, ogasun publikoaren aurka ustezko delituak egiteagatik eta diru-laguntzen kobrantzan iruzur egiteagatik.
Sumario nagusirako ahozko epaia 2009ko abenduan hasi zen, eta 2010eko apirilaren 12ra arte itxaron beharko da Javier Gonzalez Bermudez epaileak auzi nagusian absoluziozko sententzia bat eman arte. Sumario ekonomikoa epaiketaren zain dago oraindik.
2010eko urrian, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia kondenatu zuen Martxelo Otamendik salatutako torturak ez ikertzeagatik, kazetariari 24.000 euroko isuna ordainaraziz.
Egunkaria, 10 urte geroago dokumentala irregulartasunez beteriko testuinguruan kokatuta dago.
Dokumentalak 2003 du abiapuntu, Egunkaria-ko eraikinean egin ziren erregistroekin eta bertoko langile eta erantzuleen atxiloketekin. Derrigorrezko abiapuntua da berau, atzera begirako bat eginez, kazetaritzaren egitasmo honen abiapuntua ezagutzeko, euskarazko egunkari moduan nola sendotu zen ikusteko eta bere itxierak ze ondorio ekarri zituen ezagutzeko. Adierazpen askatasunaren mespretxu honen ondorioz polemika gogorra piztu zen.Egunkaria-ren itxiera kulturaren eta euskararen aurkako eraso bilakatu zen, badaezpadako itxiera gauzatzeko argudio judizialen gabezia zegoen, elkartasunezko kanpainak sortu ziren, herri akusazioak aurkeztutako frogen ahultasuna nabaria zen, ikerketa poliziala eskasa izan zen, egozte kolektiboa, etab. Dokumentalak ahozko epaiketa eskatu ez zuen fiskalaren artxibatzearekin jarraitzen du, Dignidad y Justicia eta AVT kontrakoa eskatzen zuten bitartean. Eta azkenean, 2010eko apirilean, ailegatuko da absoluziozko epaia.
Sententzia edo epai hau izango da dokumentalaren haria, autoan dauden arbitrariotasunak gogoratuz eta nola hauek del Olmo epailea agerian uzten duten.
Egunkaria, 10 urte geroago dokumentalak ez du ahaztuko atxilotuek inkomunikaturik bizi izan zituzten egun gogor haien drama, torturak eta ondorengo urteetako bizimodu enbargatua. Nola aurrera jarraitu ailegatzen ez den epaiketa baten zain? Nola bizi epaia zein izango ote den ziurgabetasunarekin? Ez da ahaztu behar auzi ekonomikoa oraindik ez dela burutu.
Orain, 2013an, protagonistek hamar urte hauetako balantzea egiten dute.
Protagonistak
Honakoak dira dokumentalean lekuko eta adierazpenak utzi dituztenen zerrenda:
Komunikazioaren alorra: Antonio Franco, El Periódico de Catalunya-ko zuzendari ohi eta sortzailea; Luis Mª Anson, kazetari eta idazlea; Josu Juaristi, Gara-ko zuzendari ohia; Pablo Muñoz, Diario de Noticias-eko zuzendari ohia; Pedro Ontoso, El Correo Español-El Pueblo Vasco-ko kazetaria; Txetxo Yoldi, El Pais-eko kazetari ohia, eta David Bassa, TVCko kolaboratzaile, kazetari eta idazlea.
Kulturaren alorretik: Ignasi Riera idazle, politiko, hizlari eta irratiko solaskidea, eta Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzaina.
Epaitegi eta legearen alorretik: Josep Mª Loperena, abokatu eta idazlea; Santiago Vidal, Bartzelonako Lurralde Entzutegiko epailea, eta Garbiñe Biurrun, EAEko Auzitegi Goreneko epailea.
Azkenik, Euskaldunon Egunkaria-tik lehen eskuko lekukoak izango dituzte: Martxelo Otamendi zuzendari ohia; Iñaki Uria, kontseilari delegatu ohia; Joan Mª Torrealdai, Administrazio Kontseiluko presidente ohia; Txema Auzmendi, Administrazio Kontseiluko idazkari ohia, eta José Mª Sors, Administrazio Kontseiluko kontseilukide ohia.
eitb.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario