domingo, 17 de febrero de 2013

ADIO, YOLANDA?


UPN oso ataka estuan ari da aspaldian, eta hainbat arrazoirengatik gainera: 2008aren bukaeran PPrekin emandako apurketa, hauteskundeen ondoren PPrekin bakarrik gobernua osatzeko aukerarik eza, krisi ekonomikoa eta egindako murrizketek Nafarroan ekarritako giroa, PSNrekin egindako koalizio gobernuaren apurketa, CANeko eskandalu guztiak… eta orain barne krisi sakona, Yolanda Barcina eta Alberto Catalanen lehian islatzen dena. Eta eremu batean krisi latza dena, aukera gisa ikusten da bestean.
Beste esparru hori oposizioa da, Barcina astetik astera higatzen ari dena eta, berriz ere, UPN Nafarroako boteretik kentzeko aukera ikusten duena; aukera teorikoa bederen, egiazko aukerak askoz urriagoak dira eta. Baina badira, eta badira, ez bakarrik Nafarroako eskuina ataka estuan ari delako eta azken urteetan boterean arrastaka dabilelako; aukerak badira, oposizioa ere sendotu egin delako eta sendotzen jarrai dezakeelako. Abertzaletasunak, EH Bildu eta Geroa Bairekin, egungo posizio ona hobetu dezake etorkizun hurbilean; eta Ezkerra (Ezker Batua-Batzarre) moduko koalizio batek ere bai, bai krisiak aukerak ematen dizkiolako, Espainian hainbat lekutan gertatu den moduan, eta bereziki, PSNren orain arteko jardunak uzten dion tarteagatik.
Nafarroako herritarren artean ia irudigaitza da UPN boteretik kanpo imajinatzea, eta are irudigaitzagoa abertzaleak gobernuan ikustea. Baina duela sei urte era horretarako aukera bat gauzatzekotan izan zen, 2007ko udan PSN, NaBai eta NEB Fernando Purasek gidatutako gobernua eratzekotan izan zirenean. Ferrazek zapuztu zuen aukera. Eta orduan, ETA oraindik jardunean eta Europan krisiaren leherketa eman gabe oraindik, ia posible izan bazen, gaur egun are eta posibleago da. Abertzaleek are eta indar handiagoa dute orain, UPN larriago dago eta PSN bere historiako hauteskunde emaitza txarrenarekin eta UPNrekin koalizioan aritu izanaren zamarekin. Aukerak badira.
Eta hori zapuztera dator Alberto Catalan eta UPNko alderdi aparatua: 2007an bezala, PSNk abertzaleengana jo beharrean, UPNrantz egin dezan, Nafarroaren egungo estatusaren defentsa aitzakia gisa hartuta. UPNk martxoaren 17an egingo du kongresua eta aste hauetan hobeto ikusiko dugu bere barne egoera zein den, baina badirudi Barcina anderea urrutiegi joan dela bere ametsetan eta lepoa moztuko diotela. Lepoa moztu lehenik alderdian; eta hori eginda, bere lehendakari ibilbidea ere urria litzateke.
Hainbat hipotesi egin daitezke. Catalanek irabaziko balu, ikusi beharko litzateke Barcinaren izaera eta harrokeriak Gobernuko lehendakari gisa jarraitzen utziko liokeen. Posible litzateke, baina dagoeneko jota legoke, eta gainera hor du oraindik Nafarroako Kutxako auzia epaitegietan. Baina gutxiengoan eta gainera alderdiaren sostengurik gabe… logikoena dimisioa litzateke.
Dimititu ondoren, hauteskundeak aurreratzen diren ala ez ikusi beharko litzateke, baina badira arrazoiak pentsatzeko UPNri ez zaiola aurrerapena interesatzen, eta saiatuko dela denbora irabazten, bai bere burua sendotzeko, baita PSNrekiko harremanak birbideratzeko ere. Eta Barcinak dimitituko balu eta hauteskundeak aurreratu ez, norbaitek lehendakaria izan behar duenez, hara Alberto Catalanen aukera: bigarren bozketan, UPNren 19 parlamentariak nahikoak lirateke hautatua izateko.
Hori oposizioak alternatiba osatzeko indarrik ez balu, eta ez dirudi PSN horren aldekoa litzatekeenik. Areago, prest balego ere, legealdiaren sasoi honetan ez litzateke aukerarik onena. Oposizioan indar abertzaleak giltzarri dira edozelako gobernu alternatibarako, baina berau osatzeko PSN ere bai. Eta hor da dilema, PSNk berriz UPNra jotzen badu desagertze bidean jar litekeela. Edozein egoera eta logikan, EH Bilduk eta Geroa Baik indartzen jarraitu beharko lukete, hauek indartsu izatean samurrago erakarri ahal izango luketelako PSN. Eta abertzaletasuna Nafarroan indartsu izan dadin, EH Bilduren eta Geroa Bairen artean behar da lehia, baina baita ere estrategia bateratu bat egituratzeko elkarlana.
Abertzaleen eta indar aurrerazaleen indar metaketa geldoa gertatzen ari da Nafarroan, eta badira aukerak metatzen jarraitzeko. Nafarroako gizartearen errealitatea irakurtzeko gaitasuna, gizarte mugimenduekin konektatzeko ahalmena eta pazientzia dosi handiak ezinbestekoak dira gobernu alternatibaren eraikuntzan. Beti ere gaitzak diren baldintzak, eta areago alderdiak tartean direnean. Eta hala ere, bada aurrera egiteko aukerarik.
Xabier Letona, ARGIAn

No hay comentarios: