martes, 21 de febrero de 2012

LEGEA LEGE, HAIZE BERRIRIK EZ NAFARROAN

Euskararen legea Nafarroan: Aurrera begira, geroa ez dugu samurrik eta ez dirudi ondoko urteetan ere Nafarroako euskaldun jendeak foru lege babes hoberik erdietsiko duenik. Orain artio bezala iraun beharko dugu gizarte ekimeneko egitasmoei eutsiz eta udalerri mailako kudeamenaz baliatuz.

Hogeita bost urte joan dira 1986ko abenduaren 15ean Euskararen Foru Legea indarrean sartu zenetik. Nafarroa berant bezain eskas ibili zen elebitasuna arautzeko orduan. Legea eztabaidatzen hasi zenerako Foru Parlamentuak Kataluniako, EAEko, Galiziako, Valentziako eta Balear Uharteetako hizkuntza legeen ereduak zituen mahai gainean, hala ere nafar legegileek oso bestelako bidea jorratu zuten: lurraldea hiru eremutan zatitu eta horien arabera herritarrak —euskaldunak zein euskaraz ez dakitenak— bereiztea. Harrezkero nafarrak ez gara berdin euskara eskola publikoetan ikasteko, afera administratiboetan erabiltzeko eta leku publikoetan mintzatzeko eskubideak aitortzeko orduan. Erran dezagun garbi: ez zen hori euskara normaltzeko legea izan (garai hartako Estatuko bertze erkidego elebidunetako “hizkuntza normalizazio legeak” bezala). Ez, Nafarroakoa euskara normaltasunaren azpian zangoperatzeko legea izan zen hizkuntza babestu eta sustatzeko neurriak eta hiztunen eskubideak zedarritu, mailakatu eta, zenbaitetan, ukatu zituena.

Arauaren ondorioei erreparatuta, Legeak bere kontzeptuak ezarri zituen eta okerrena da gu geu, euskaldunok ere hasi garela ohiko moduan eta oharkabean Nafarroako eremu euskaldunaz, mistoaz eta ez-euskaldunaz mintzatzen, jatorrizko errealitateak balira, Nafarroak berezko eremu misto eta ez-euskalduna balitu eta nafarron artean bereizkeria egiteko oinarrian berezko zio naturala balego bezala.

Bestalde, hogeita bost urteotan Nafarroako agintetxean izan diren gobernu guztiek ez dute benetako neurririk hartu lege horrek —bere eskasean eta bereizkerian ere— ezartzen zituen gutxienezkoak bete eta garatzeko. 1999 aldera Nafarroako Foru Administrazioaren euskararekiko nolabaiteko permisibitatea eta sustapen epelaren politika, euskararen hedapena galgatzea eta haren erabilera soziala etsiaraztea xede zuen hizkuntza politika batek ordezkatu zuen. Harez geroztik, Nafarroako Gobernuak dekretuz, ebazpenez, aginduz, ekintzez... aldez edo moldez, euskarak Nafarroako gizartean irabazia zuen tokiari mugak jarri ez ezik, murriztu ere nahi izan zuen. Euskararen gutxiagotze instituzional neurrigabearen hasiera izan zen, estrategia diskurtsibo kalkulatua nafar jendearen euskararako motibazio pragmatikoa eta identitarioa ahultzeko. Gauzak hain gordindu ziren ezen Euskaldunon Egunkariak 2001 urteko urtekarian “Annus horribilis” lerroburua eman baitzion Nafarroako euskararen urteari.

Nafarrok, bitartean, askotan mobilizatu eta karrikara atera gara lege baztertzaile horren lekuan herritar guztiontzako berdintzailea izanen den lege bat jartzearen alde. Eta mobilizazio horietan 55.000 sinadura biltzera ere ailegatu ginen Oinarriak elkartearen ekimenez. Baina legegileek entzungor egin dute beti. 2010etik, gainera, krisiak euskararen itotze ekonomikorako bide osoa eman du eta Foru Komunitateko hizkuntza politikaz arduratzeko 2007an sortutako Euskarabidea gero eta hutsago dago, gero eta ezdeusago.

Orain mende laurdena Legea adostasun politikorik gabe onartu zen (talde abertzaleak kontra agertu eta UPN abstenitu zela) eta horrek bere ondorioak izan ditu luzera. Hogeita bost urtetan ere Nafarroako Parlamentuan ez da Legea aldatzeko nahiko indar-adostasunik bildu, aurtengo moldaketatxo bakarra egiteko ez bada: Iruñerriko lau udalerri eremu ez-euskaldunetik eremu mistora pasatzeko aukera onartu zen, doi-doi onartu ere.

Bi hamarkada luze joan dira eta euskararako ere gizaldi berria iritsi da: hiztun berriak, hizkuntzarekin bestelako harremanak, euskararako beste behar soziofuntzionalak… Hizkuntzak gizarte gertakari dinamikoak dira baina Nafarroan legegileek ez diote araua egoera berriei egokitu nahi izan (Katalunian egin bezala, adibidez) eta Euskararen Foru Legeak indarrean jarraitzen du aldaketa handirik gabe. Ez dut buruan beste foru legerik azken hogeita bost urteotan ukiturik izan ez duenik.

Adierazgarria izan da, gainera, Euskararen Legea ez ukitzeko UPNren endrokatzea. Ikusita zer zisma politiko sortu zen Legean aldaketatxo hori egitea onartzeagatik (UPNk CDN gobernutik bota zuen), garbi da euskararen legeak bere horretan uzteak –atzerago eramatea posiblea ez bada— nafar eskuinaren gune gogorreko kontua izaten segitzen duela.

Bestalde, Legea onartu izanaren meritua bere buruari egozten dion PSNk arauaren argazki finkoa ontzat ematen segitzen du eta funtsezko edozein aldaketaren kontra darrai. Zonifikazioak balio du. Lelo horrekin jarraitzen du temati eta gor-itsu, gure errealitate eta beharretatik urrun baina Legea nafar gizartearen beharrei egokitzeko giltza bere eskuetan duela.

Legeak ez dio inola ere Nafarroako euskararen gizarte egoerari erantzuten. Nafar-euskal hiztunen aukerak babestu eta sustatu beharrean, hizkuntza atrofiatu egiten du, egungo aje-gabezia anitz horren seinale garbiak ditugula: euskarazko hedabideen egoera tamalgarria, euskarazko zerbitzu publikorik eza, seme-alabak euskaraz eskolatu nahi dituzten milaka familien traba-arazo-ezinak…

Aurrera begira, geroa ez dugu samurrik eta ez dirudi ondoko urteetan ere Nafarroako euskaldun jendeak foru lege babes hoberik erdietsiko duenik. Orain artio bezala iraun beharko dugu gizarte ekimeneko egitasmoei eutsiz eta udalerri mailako kudeamenaz baliatuz. Legea lege, Nafarroan ez dugu aurki euskararako haize berririk izanen. Bitartean, euskaltzale masa kritiko nahikoa eratzea noiz erdietsiko dugun peskizan.

Paula Kasares, ARGIAn

No hay comentarios: