viernes, 13 de mayo de 2011

ABSTENTZIORIK GABEKO ZAHAR-ETXEAK

Hilean behin edo Gazteluko Plazako Txoko, Kiosko edota Gure Etxean institutuaren garaiko ikaskideak elkartzen ohi gara. Bost urte pasa dira ohitura hau ezarri genuenetik, gogoan dut non ginen elkartzearena proposatu genuen unea, Donibaneko tanatorioan ginen, Xabierren aita hil berria zen eta Txemak azken boladan tanatorio, hilerri eta gisa horretako tokietan elkartzen ginela ohartarazi zigun. Laupabost hurbiltzen ohi gara Gaztelukora, eta bi ordu eskas irauten duen solasaldian hitza elkarri kentzen diogu etengabean. Pasa den astean elkartu ginen hondarrekoz eta espero zitekeen gisan hauteskundeen ingurukoak hartu genituen hizpide. Txemak kontatu zuena izan zen atentzio gehien bereganatu zuen pasadizoa. Hona Txemak kontatu moduan.

Susmoa ez zen ordukoa. Aurreko bozketetan ezer arraroa sumatu nuen nortasun agiriaren kontura. Gure amak sei urte zeramatzan Agoitz ondoko zaharren egoitzan. Gogorra da esatea, baina gure ama guztiz ezindua zen, ohetik aulki gurpildunera eta hortik berriz ohera. Igaroak ziren ezagunen bat ikustean aurpegia alaitzen zitzaioneko garaiak. Arreba eta biok ere maiz arrotzak ginen amarendako. Nire ardura zen amaren inguruko gestioak egitearena, nortasun agiriaren fotokopia bat erabiltzen nuen horiek egitean. Nire urtebetzerako larruzko maleta bat oparitu zidaten etxean, zinez dotorea etxekoen presenta. Apirila ailegatu zen eta amaren zenbait agiri berritu behar nituen, nortasun agiriaren fotokopia bilatu nuen larruzko maletan, alferrik bilatu ere, maleta zaharraren barnean geratu zen. Beste fotokopia bat behar nuen, ia egunero hurbiltzen nintzen Agoitz ondoko zaharren egoitzara, arratsalde horretan bertan eginen nuen egin beharrekoa. Amaren mesanotxia goitik behera arakatuta ere ez nuen agiria topatu. Zahar etxeko arduradunarengana joan nintzaion, ez ulertuarena egin zuen.

-Zertarako behar du hori zuen amak?
-Gure amak ez, guk behar dugu.

Azkenik amore eman zuen, baina maiatzerako agiria behar zutela ohartarazi zidan.

Ez galdetu nola ikasi nuen, baina gure amak zahar-etxean egon zen bitartean hutsik egin gabe bozka eman zuen hauteskundeoro. Beno, hau ez da guztiz egia. Azkenekoetan abstentziora lerratu zen, nortasunan agiriaren orijinala ez bainuen itzuli.

Honaino Txemaren kontakizuna. Bere amak pasa den neguan utzi gintuen. Ez da aztia izan behar egun ere zahar-etxeetan gisa horretan jokatzen ote duten igartzeko. Hori bai, eskuina inoiz baino zatituago ageri da hauteskunde hauen aurrean, bada pentsa daiteke konpetentzia latxa izanen dela boto horiek erdiestean. Ea lehiak leihoren bat zabaltzen digun, afera honen inguruan argitasun pixka bat emanen duen leihoa.

Patxi Larrion, ARGIAn

No hay comentarios: