sábado, 25 de septiembre de 2010

"ALEX, NIRE LAGUNA" HAURRENTZAKO LIBURUA AURKEZTU DUTE

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen eta euskararen arloko zenbait udal zerbitzuren bidez, “Alex, nire laguna” liburua aurkeztu du . Haurrentzako album hori Mikel Gurrutxagak idatzi du eta irudiak Maite Gurrutxagarenak dira. Lanak albumak sortzeko Etxepare saria irabazi zuen 2009. urtean. Pamiela argitaletxeak kaleratu du eta 14 euroren truke eros daiteke.

Lan horretan Ixabelen istorioa kontatzen da. Neskatoak munstro bat hartzen du lagun –munstro bihozbera-. Ametsezko laguna da eta berarekin batera bakardade uneei aurre egiten die eta sentimenduak berari agertzen dizkio. Baina lagun mutu horren agerpenak gutxitu egiten dira Ixabelek adiskide berriak egiten dituen neurrian. Alex apurka-apurka desagertu egingo da eta haurtzaroko oroitzapen gozoa bihurtuko da.

Epaimahaia Miren Agur Meabe eta Patxi Zubizarreta idazleek eta Aitziber Alonso eta Mikel Valverde irudigileek osatzen dute. Epaimahaikideek azpimarratu zutenez, lan honek “xarma berezia du, testuaren eta irudiaren artean egiten duen bat-egite zoragarriari esker”. Horrez gain, lan honek kalitate estetikoa, hizkera poetikoa eta irudien ikuspegi zinematografikoa du. Albumak 32 orrialde ditu koloreetan eta 6 urteko haurrentzat gomendatuta dago.

Argitalpena hurrengo hauek aurkeztu dute: Rubén Fuertes Euskararen Garapen Zerbitzuko zuzendariak, Euskarabidearen aldetik, ekimen honetarako 7.000 euro eman dituenak; Miguel Ángel Zubiria Sakanako Mankomunitateko presidenteak, euskararen udal zerbitzuak ordezkatuz, Etxepare sariaren antolatzaileak diren aldetik; Pello Elzaburu Pamiela argitaletxeko ordezkariak, eta lanaren egileek.

Mikel Gurrutxaga (Amezketa, Gipuzkoa, 1972) zenbait kontakizun laburren egilea da, haurrentzat zein helduentzat. Maite Gurrutxagak (Amezketa, Gipuzkoa, 1983) Arte Ederrak ikasi zituen Leioan eta Bartzelonan, eta Ilustrazioa Bartzelonako Escola Donna izenekoan, eta haurrentzako zenbait liburutan irudiak egin ditu.

Etxepare sariak 2004. urtean sortu zituzten Nafarroako euskararen arloko zenbait udal zerbitzuk, Foru Komunitatean euskal literaturaren esparruan erreferentziako saria izan zitezen. Lehenengo bi edizioetan (2004 eta 2005), saria haurrei zein helduei zuzendutako narrazioek jaso zuten.

2006an, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen. Modu horretan, euskaraz sortutako albumen ekoizpena sustatu nahi zen, euskaraz argitaratutako album gehienak itzulpenak baitziren. Hiru edizio antolatu zituzten. 2009an, beka hori sari bihurtu zen. Horren ondorioz, iaztik, hautagaiek amaituta dauden albumak aurkeztu behar dituzte.

Sariak sortu zituztenetik, hauek izan dira irabazleak: Rubén Ruiz, “Nora joan da argia?” lanarengatik (haurrentzako narrazioa) eta Alberto Ladrón “Tunguska” lanarengatik (helduentzako narrazioa) 2004an; Patxi Zubizarreta “Txantxa. Quick” lanarengatik (helduentzako narrazioa) 2005ean; Pello Añorga (idazlea) eta Jokin Mitxelena (irudigilea) “Gerlari handia” lanarengatik 2006an; Joxan Ormazabal (idazlea) eta Iraia Okina (irudigilea) “Zirkua amets” lanarengatik 2007an; Iñaki Zubeldia (idazlea) eta Estibalitz Jalón (irudigilea) “Katalina kontalari” lanarengatik 2008an; eta Mikel Gurrutxaga (idazlea) eta Maite Gurrutxaga (irudigilea) “Alex, nire laguna” lanarengatik 2009an.

Etxepare saria antolatzen dute Barañain, Baztan, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Lizarra, Uharte, Gares eta Zizur Nagusia Udalek eta Bortzirietako eta Nafarroa iparraldeko euskara mankomunitateek, Malerreka eta Sakana mankomunitateek eta Erronkariko eta Zaraitzuko batzar nagusiek. Nafarroako Gobernua lankidetzan aritzen da, Euskarabidearen bidez, udal esparruan euskararen erabilera normalizatzeko toki entitateekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan, 7.000 euro emanda.

Albumak ekoiztea oso garestia denez, Etxepare sariek finkatutako helburuak betetzeko, lan saridunaren egileei ematen zaien zenbateko ekonomikoaz gain (6.000 euro), lana argitaratu egiten da administrazio publikoen eta Pamiela argitaletxearen laguntzarekin.

euskarabidea.es

No hay comentarios: