viernes, 5 de junio de 2009

JAKIN NAHI DUGU

Aurkeztu berri du Nafar Garaiko Gobernuak, Juan Ramon Corpasen eskutik, Nafarroako konkistaren V. Mendeurrena gogoratzeko Kongresu Nazionala antolatuko duen zientzilari taldea. Dirudienez, 1512ko eta 1212ko daten inguruan benetan zer gertatu zen argitzeko antolatu da; gertatutakoa “inbasioa, atxikidura, anexioa ala berreraikipena izan zen” argitu nahi da alegia. Ongi, guk geuk ere jakin nahi baitugu...

Jakin nahi dugu jakin hemen, bertako euskaldunok hitz egiten dugun hizkuntza naturala, euskara edo lingua navarrorum-a, zergatik eremuak galdu dituen eta hiztunez gutxitu den mendez mende; jakin nahi dugu jakin zergatik Akitaniatik Ebro hegoalderaino eta Oina eta Oka mendilerroetatik Pallars baino haragoraino hitz egiten zen hizkuntza galduz joan den, jakin nahi dugu azpikeriarik gabe, aurreiritzirik gabe eta trabarik gabe benetan gertatutakoa: zigortuz, debekatuz, gutxietsiz... jazarpena jaso duen euskarak; nork, zergatik eta nola lingua navarrorum-a gal zedin jokatu duen; nork, zergatik eta nola tokiko hiztunen eskubideak errespetatu ez dituen.

Jakin nahi dugu, azpikeriarik gabe, aurreiritzirik gabe eta trabarik gabe jakin ere, nork eta zergatik hautsi zituen behin eta berriro (1016an, 1127an eta 1177an) Gaztelako konderriarekin eta Gaztela-Leongo erresumarekin Nafar erresumak hitzartutako mendebaldeko mugak, nork lagunduta eta zergatik 1099-1200ean sartu ziren gaztelarrak jada bertan eta bakean bizi ziren euskaldunen lurrak, herri eta haziendak inbaditzera. Zergatik setiatu zuten Gasteiz eta zergatik sartu ziren gaztelarrak Hondarribiaraino.

Jakin nahi dugu nork, nork lagunduta eta zergatik izan ziren kanporatuak Hispaniako lurretatik arabiar, judu eta penintsularrei onura besterik ekarri ez zien jendea; nork eta nork bultzatuta behartu zituzten garaiko Nafar agintariak kanporatze horretan parte hartzera 1212an.
Jakin nahi dugu jakin nork, nork lagunduta eta zergatik 1512an, Nafar erresuma subirano osotik geratzen zena, berak aurretik inori agresiorik egin gabe, armaz eta bortxaz izan zen inbaditua: Nafarroa Garaia eta Beherea. Zergatik inbasioaren ondoren Inkisizio basatiena ezarri zen Euskal Herrian, egun estatu terrorismoa izendatuko genukeena. Halaber, jakin nahi dugu zergatik Europako beste estatuek eta Erromako elizak, ez aurrekoetan, ez eta honetan ere, ez zuten esku hartu eta, aldiz, onartu egin zuten, eta duten, inbasio ez legitimoa eta, haren ondorioz gure herrirako sortutako instituzio atzerritarrak.

Jakin nahi dugu jakin zergatik baskoien habitat edo bizilekua izan dena eta bertakoek sortutako erakundeak auzo estatuen jazarpena sofritu behar izan duten mendez mende, sistematikoki. Zergatik bereizarazi zuten, eta duten, Akitania-Albret, Foix, Biarno, Bureba, Errioxa osoa eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa nafar Estatuaren zentralitatea ordezkatzen zuen Nafarroa Garaia eta Nafarroa Behereagatik.

Jakin mina badugu, egia jakiteko eskubidea ere bai, azpikeriarik gabe, aurreiritzirik gabe eta trabarik gabe egia jakiteko. Eta honetara baldin badator Kongresu “nazionala” bejondeiola. Izan dadila internazionala eta ez soilik “ez-nazionalisten kongresu nazionala”, esku har dezatela historia honetan biktima izan direnak eta ez borreroak soilik, betoz Akitaniatik, Foixetik, Errioxatik, mendebaldeko Nafarroatik, Arabiatik... zientifikoak, hausnartu dezagun elkarrekin eta egin dezagun bakea. Beste galdera bat, izango al da euskaraz egindako ponentziarik?
Beñi Agirre (marigoogle.com)

No hay comentarios: