domingo, 11 de enero de 2015

"LEHEN HITZA EUSKARAZ ERRATEN DELARIK, BADA IRRIÑO BAT, LASAITASUNA ETA GOXOTASUNA"

Iragan astean Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Kostaldeko Ospitaleak osasun zentroaren guneetan euskararen presentzia ziurtatzeko hitzarmena sinatu zuen. Akordio honetara ailegatzeko urteetako «xinaurri» lana egin du Ospitalean Euskaraz elkarteak. Taldeak orain arte egin duen akuilu lanarekin segitu beharko du; izan ere, jarraipen batzordeko kide izanen baitira hitzemandakoak betetzen diren segurtatzeko.

Zer da Ospitalean Euskaraz?
Duela 16 urte sortu zen elkartea, euskaldun batzuek elkar ezagutzen genuen eta enbeia ukan genuen Korrikan parte hartzeko Ospitaleko langile gisa. Horrela hasi ginen gure arteko sarea egiten. Ikusiz Korrika bi urtetarik behin dela pentsatu genuen anartean behar genuela zerbait egin, eta horrela hasi ginen. Emeki taldea azkartu zen eta hasi ginen zuzendaritzarekin harremanetan.

Elkartea sortu eta aski fite egin genuen hitzarmen bat Euskal Kultur Erakundearekin. Haren bidez egin ditugu erakusketak, kantalditxoak haurrentzat Eguberrien kariaz... Nahi genion euskarari presentzia eman Ospitalean.

Ekintza kulturalez gain, beste gauza batzuk ere egin dituzue.
Nahi genuen ospitalean euskara ikusia izan zedin; beraz, itzulpen batzuk egin ziren, esaterako geletan eta sarreretan agertu behar den Eriaren Karta.

Pentsatu genuen bisaia pixka bat euskalduntzen bazen, beharbada mintzaira errazago helduko zela. Orain langileak identifikatzen ari gara. Mahaietan karteltxoa ematen da euskaraz mintzatzen ahal dela erranez eta badira pinak ere.

Horiek abian eman zenituztenetik euskararen erabilerak erietxean gora egin duela sentitu duzue?
Handitu ez dakit, baina batzuk ausartu dira. Ordura arte jende batzuk euskaraz mintzatzen ziren, baina ez zen azkar entzuten. Ekintza horiek guztiek eman dute onarpen bat, ene ustez. Nik horrela sentitzen dut.

Gero erran behar da ere anitz langile kanpotik etorri dela eta zailagoa dela euskaldunak atzematea. Badira euskara eskolan ikasi duten gazteak ere eta orain lanean normaltasunez erabiltzen dutenak.

Euskaldunak identifikatzeko erabiltzen dituzuen pinen ideia nondik dator?
Donostiako ospitalearekin eta Osakidetzako euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri ginen, eta horietan izan gara zenbait aldiz. Han erakutsi ziguten zer egiten duten euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko. Erabiltzen dute pin bat, biziki polita atzeman genuena. Erraten du «Euskaraz, nahi baduzu» eta irriño bat marraztua du. Hori proposatu genion gure zuzendaritzari, Donostiak bere adostasuna eman eta, Baionakoek onartu egin zuten.

Paziente euskaldunek zuk euskaraz badakizula ikusten dutelarik ze erreakzio dute?
Hemen badira adineko jende anitz. Euskara egunerokoa dute, eguneroko bizitzan erabiltzen dute eta ikusten da euskaraz mintzatzeko beharra. Baina ez bakarrik horiekin, badira euskaraz ikasten duten haurrak eta familian euskaraz mintzatzen direnak, eta badira helduak ere.

Norbait begiratzen duzularik ez duzu jakiten ahal euskalduna den ala ez. Lehen hitza euskaraz erraten delarik, bada irriño bat, lasaitasun bat eta goxotasun bat heldu dena.

Zuzendaritzaren eta EEPren arteko hitzarmena sinatu ahal izateko nolako lana egin da?
Lana pixka bat zaila izan da. Bitartean Euskal Kultur Erakundearekin genuen hitzarmena bukatu da. Ezin zen beraiekin segitu, eta nahi genuen beste zerbaitera pasatu EEPrekin.

Guretzat zinez helburu bat zen hau lortzea, beharrezkoa. Orain dira benetan gauzak hasten; badugu marko bat, adostuko gara, bada diru pixka bat eta jarraipen batzorde bat izanen da; beraz, espero dugu gauzak hobeki aitzinatuko direla.

Zer lan egin beharko da orain?
Prest diren material horiek badirela jakinarazi behar da, eta jendeak behar dira ausartu erabiltzera. Hori ez da erreza denentzat; batzuek ez dute behar hori ikusten, erraten dute «ni euskaraz mintzatzen naiz, ez dut horren beharrik». Bada ere lan bat egiteko horretan.

Egin gabe dagoen lan handia seinaleztapena da, horretan arrunt gibelean gara. Dena bat- batean egitea ez da posible izanen; hortaz, ikusiko dugu nondik hasten garen. Segituko dugu paisaia euskalduntzen, itzuliak diren testuak agerian ematen... Ideiak helduko dira.

Gauzak aitzinatzen badira toki batean, beharbada beste arlo batzuetan ere aitzinatuko dira.

Idoia Eraso, GARAn

No hay comentarios: