Oso ongi ezagutzen du Iñaki Camino filologoak Aezkoako mintzamoldea, hainbat ikerketa lan egin baititu ibarreko euskararen inguruan. Atzo hitzaldia eskaini zuen Ariben, Zerika Aezkera Taldeak gonbidatuta.
Urteetan zehar, aezkera eta Nafarroako hizkerak azter-tzen ibili zara. Zerk bultzatu zintuen ikerketa hauek egitera?
-Alde batetik hizkuntzaren egoerak, 80ko hamarkadaren hasieran Zaraitzun eta Aezkoan euskara galtzen ari baitzen; mintzo horiek hobeki ezagutu nahi bagenituen beren ezaugarriak bildu beharra zegoen, aukera ez zen luzaroan hedatuko, hiztunak adinekoak ziren. Bigarren arrazoia intelektuala da, mintzo horien ezaugarrien azterketaren edo interpretazioaren aldetik bazen halako erronka bat, izan ere, ordura arteko analisiek ez baitzuten mintzo hauen egitura behar bezala islatu.
Ikerketa sakona egin ostean, zer esango zenuke Nafarroako euskalkien inguruan?
-Ezagutzen ditugu Nafarroako euskararen ezaugarri ba-tzuk eta etorkizunean ikerketak tasun gehiagoren berri emanen du, baina oraindik ez dugu behar bezain xehe ezagutzen gertakari horien historiaren nondik norakoa; zorionez, Urtzi Reguero ikertzaileak honetan dihardu. Oro har, erran liteke inguruko min-tzoekin Nafarroakoak ongi komunikaturik daudela, bereziki herrialdearen saihetsekoak, eman dezagun, Burundakoa, Araitz-Betelu alderdikoa, Arano-Goizuetakoa, Bidasoaldekoak, Baztangoa, Erroibar-Esteribarkoa, Luzaidekoa, Aezkoakoa, Zaraitzukoa edo Erronkarikoa.
Nafarroako erdigunean bestelako egoera dago hizkuntza-ezaugarrien grabitazioari dagokionez. Eskualde zabal horretan, berrikuntzen erdigunea aspaldiko Iruñea euskalduna izan behar du ziur aski, edo hori uste dugu intuizioz, baina Iruñeaz goiti edo beheiti gauden, ez da euskara bera ibarretan eta azterketa xeheagoak beharko ditugu baieztapen intuitiboak funtsatzeko edo ukatzeko; nolanahi ere den, hizkuntzaren historian behar dugu ai-tzinatu orain, bai Nafarroan, bai Gipuzkoan, bai Ipar Euskal Herrian, Bizkaian, Araban edo nonahi. Euskal Filologiaren arazoa da oro har, ez Nafarroako mintzoena bakarrik.
Aezkerari dagokionez, nolakoa da aetzen ‘uskara’?
-Ez da nafarrera arrunta, baina beraren ezaugarri nagusiak partekatzen ditu. Oro har, Iruñerritik eskuin hedatu diren berrikuntza batzuk parteka-tzen ditu, baina beste batzuk ez, eman dezagun, Erroibar edo Esteribarren badirenak eta Aezkoan edo Zaraitzun ez direnak. Ez da Garazi edo Baigorriko euskara bezalakoa, baina ibar horietako berrikuntza batzuk bildu ditu ere. Ez da Zaraitzukoa bezalakoa, baina bilakabide guti batzuk partekatzen ditu Pirinioetako mintzoekin. Ez dago aetzen esklusiboa den bilakabiderik, eta baldin badago, ez dira Aezkoa guztira hedatu, herri batean edo bestean gauzatu eta gelditu dira. Hartara, ae-tzek ez dituzte ezaugarri esklusiboak garatu, baina erabiltzen duten euskaran ageri den ezaugarrien konbinazioa, hori bai, hori esklusiboa da, ez da inguruko beste inolako ibarretan ageri. Nolanahi ere den, garbi utzi behar da aetzen euskarari idurienak direnak ez direla urrun: Urraul, Artzibar, Longida eta Eguesibarren aurkituko ditugu.
Zerk bereizten du gainerako euskalkietatik?
-Guztietarik bereizten da, baina ez ezaugarrien esklusibotasunagatik, hauen konbinazio esklusiboagatik baizik.
Zeintzuk dira, bada, ezau-garri nagusi horiek?
-Iruñeaz beheko edo ekialdeko euskaran (g)ebek ‘hauek’ erakusle plurala: -n gabeko iraganeko adizkiak (nue, nin-tze, ze, gin(d)e, zin(d)e, zindue, gindue...) ditugu; toketako adizkietan -t- dago -k- beharrean: xeota ‘zegoan’, xitxeidata ‘zitzaidaan’, ginddakota ‘genioan’...; gauren ‘geure’ izenordain indartua; ezaugarri hauek guztiak Estellerritik Aezkoaraino heltzen dira, ez dira Aezkoako esklusiboak. Gero badira hego-nafarreraren barreneko ezaugarri esklusiboak, baina ez direnak mintzo guztietan ageri: x- aditzetan: xan, xarri, xokatu, xakin, xarreki...; -one > oe > oi > -io atzizki aldaera: arrazio ‘arrazoia’, arratio ‘arratoia’, montio ‘montona’, sario ‘saroia’, matio ‘matoea’; g- erakusle eta adizlagunetan: gau, gori, gura, gemen, gor, gan, goin, gola, gala, gena, gorra, gara... baina ez dira Aezkoako ezaugarri esklusiboak, Eguesibartik Aezkoaraino bitartekoak dira; niz ‘naiz’, gira ‘gara’, zira ‘zara’ erako aditz laguntzaileak egiten dira Aezkoan, iduriz Baxenabarretik ekarririk edo.
Zein da mintzamoldearen errealitatea?
-Arian, Hiriberrin eta Abaurregainean badira 65-80 urte bitarteko hiztunak; Garraldan 80 -> ko ale batzuk; Orbaizetan, eta Orbaran 85-> ko ale bat edo beste. Garaioa, Aribe eta Abaurrepean... nekez.
Egoera ez da batere gozoa... Zergatik hartu zuen euskarak desagertzerako bidea?
Botereak, XIX, XX. mendeetan funtsean gaztelaniari eman zion prestigioa eta aitzineko mendeetan ere bai; balio ekono-teknikoak eragin zuen euskara gibelamendu eta iraganarekin lotzea: eskola, administrazioa eta gobernua, hedabideak, eliza, aitzinamendua... erdaraz ziren. Eragin makro hau euskal eskualde gehienetan edo guztietan bera edo bertsua izanik ere, ez da berdin gertatzen euskarak babestuago dauden eskualdeetan, eman dezagun: Basaburuan, Larraunen, Araitzen, Leitzaranen, baina erdaratzea etorri da erdara auzo zuten ibarretara: Erronkari, Zarai-tzu, Aezkoa, Erroibar, Esteribar, Anue, Ezkabarte, Txulapain, Odieta, Gulibar, Arakil, Olloibar, Goñerria, Izarbeibar, Gesalatz, Ameskoa, Burunda; Ergoienera ez, mendi garaiak baitaude erdaratik babesteko, baina ez da hau gertatzen Arakilen; nolanahi ere den, azalpen hauek makro eraginari dagozkio, gero eskualde bakoitzak eta herri bakoitzak bere mikro eraginak ditu eta kasuistika zabal eta konplexua sortzen da eskualde batzuk eta besteak azterkatzeko. Eta ez dezagun osoki euskaldunak diren eskualdeen barrenean ere sozialki gibelera jo duela euskarak; eman dezagun, badira Arraratsen edo Igan-tzin euskaldun petoak izanik ere erdara ederresten duten euskaldunak, gizartean goiti jotzea erdara ongi jakitearekin identifikatzen dutenak, edo alderantziz.
Putzu sakona eta iluna izan arren, itsaso urdin eta zabal baten alde dihardute herritarrek: euskaltegiak daude, hezkuntzan D eredua dago, Zerika Aezkera Taldea jaio da… Nola baloratzen duzu egiten ari diren lana?
-Euskaltegien lana ona da, noski, ahal duten guztia eta gehiago egiten baitute, Nafarroako Gobernuaren inplikazio eza eta hark ezarri behaztopa harriak gainditu behar baitituzte; eta AEK aipatzen dugunean ohar gaitezen ez direla irakasleak bakarrik, AEK irakasle-ikasleek eratzen dute, gizarte nafar euskaldun, erdaldun eta euskaltzale orok.
D ereduaz 1986ko Aribeko bilkura bat dut gogoan; Patxi Zabaleta etorri zen Vascuencearen legea aetzek baliatuko zuten zerbait dela erratera eta arrazoi zuen, Garraldako eskolan bederen legeak berreuskalduntzearen lehen harriak ezartzea bermatu duen aldetik, bederen. Afera ez zen, beraz, ea Vascuencearen Legea onuragarri zen ala ez, eginahalak eginez gero lege hori baliatzen asmatuko ote genuen baizik. Eskolan egin den lanak gaztetxo aetzak euskaldundu ditu, baina erabileraren erronka dago orain eta hori gizarteari dagokio, gaztetxo aetz horiei, ez irakasleei bakarrik.
Zerika-ren lanaz etorkizunak erran beharko du. Aitor dut ez dudala talde horren lana ezagutzen, baina irudipena dut zer egiten ari ote daitezkeen, eta erakargarria da zinez. Ez nuen etxideten honelako talderik sortuko zenik. Ez dakit beransko ere ez ote den sortu, baina beren borondatea irmoa baldin bada ez da hain berandu izanen. Ez dut zalantza izpirik Aezkoako euskararen egoera orokorrari bulkazon gaitza ematen ahal diotela, baldin ibarreko mintzoarekiko duten sentikortasun eta gozotasun hori hedatzeko eta barreiatzeko gai badira; zinez uste dut onura handia izan daitekeela; ikusiko. Eta ez bada Aezkoako mintzo berexiaren alde, euskararen beraren kalitatearen alde bai bederen. Geroak erranen. Nolanahi dela ere, aetzak dira Zerika, ez da sekta edo talde hertsi bat, neska-mutil aetz batzuek ibarreko euskaran balio sinboliko eta emozionala datzala sinesten dutela erakusten du eta beren eta ingurukoen esku dago alderdi horretarik Aezkoako bereko mintzamoduak ibarrean indarra hartuko duen ala ez duen; berriz ere gizarteaz mintzatzen ari gara, jendeaz, aetzez, funtsean guhauren buruaz. Gazte aetzei dagokie, ez beste inori, gai hauetaz arduratzea eta iritzia ematea, eginahalak egitea, sortzea, hori baita giltza. Garraldako Xamarrek anitz aldiz dioen gisa, sorkuntza da giltza, eta sorkuntza hori taldean egiten bada indar handia hartzen ahal du. Nor egokiago Aezkoako uskararendako bertako gazteen sorkuntza bera baino?
Halaxe da, bai. Hortaz, nola eman buelta egoerari?
-Etorkizuna gazteen esku dago eta Aezkoako mintzo bereziak iraunen duen ala ez duen berek determinatuko dute; erantzunaren “onus probandi”-a gazteei dagokie, eta etorkizun hurbileko urteetan ikusiko da. Ezkor izateko arrazoirik ez da falta, baina ez dut dudarik Aezkoako ohiko mintzo zaharrean oinarrituz etorkizunerako hizkuntza sorburu egokiak etor daitezkeela; oihal zaharren bidez soineko berria egin behar dutenak aetz gazteak dira, horretan ez dago balizko magiarik, beren esku dago. Halaz guztiz ere, zinez zail da honelakoen berri a priori ematea. Gazteek arnasa soberan dute, eman diezaiogun denborari bere lana egiteko bidea.
Arkaitz Almortza eta Jabier Bergasa, Diario de Noticias-en
No hay comentarios:
Publicar un comentario