Trankil plantak egin dituzte, baina Syrizaren garaipenak bortizki inarrosi ditu Bruselako agintarien bulegoak eta Alemaniako bankuetako administrazio kontseiluak. Europako eskuindar eta kontserbadoreentzat ere albiste txarra da Alexis Tsiprasen gobernu berria. “Espainia ez da Grezia” erraten zuten, igande gauaz, PPko bozeramaleek. Non mina han mihia. Iruñea Atenastik zer urrun dagoen errepikatuko duenik izanen da UPNn. Haien ezkerrera dauden gehienek, berriz, berentzat hartu dituzte hautestontzi grekoetako boto txartelak. Guztietan beroena, denen ahotan dabilen alderdia. “Greziakoa, Espainiakoaren atari”, laburtu du Pablo Iglesiasek Mediterraneoko bertze puntan gertatua. Hedabideek ere martin-puxtan madrildarra egin dute hango bozken hemengo irabazle. Segur aski horregatik, inoiz baino ipurdiko gehiago biltzen ari da Espainiako estatuko politika ipurdikatu nahi duen alderdia. Hemen ere, lehen bihozkada iraganda, goganbeharrez behatzen hasi zaio Podemosi, kastako jendea ez ezik, bertze esparrutakoa ere. Nafarroan kasik 40 urtez aginduan daramatenak bidaltzeko prestasuna ez dute, itxuraz, bermatua. Euskarari, autogobernuari edo Euskal Herriko gainerako herrialdeekiko harremanei dagokienez, iritzi lausoak eta ihesbideak aditu dizkiegu orain arte, non ez den bertzerik gabeko isiltasuna. Bada haiengan ikusten duenik PSNren keria historikoen bertsio eraberritu eta guay-agoa. Hori guztia bukatuko da aurki. Atzotik, hiru zerrenda dabiltza lehian Nafarroako Podemosko zuzendaritza orokorraren atzetik. Hautagaietariko bat euskalduna da, eta euskaldun eta euskaltzale gehiago daude haren taldean. Bertze zerrenda batek, berriz, indar euskaltzaleren batek baino euskara gehiago darabil, Twitter-en bederen. Ez dira berri txarrak. Bi asteren buruan jakinen dugu zer diren, laguntza edo traba.
Aingeru Epaltza (Diario de Noticias)
No hay comentarios:
Publicar un comentario