sábado, 13 de abril de 2013

PACO IBÁÑEZ: "TUBERKULOSIAK JOTAKO EZKERRA DUGU, ETA ESKUINA NAZKAGARRIA DA"


«Kantu on batek ez du konponduko mundua, baina hari ondo erreparatuz gero, ondo begiratuz gero, gauzak poliki-poliki hobetzen joan litezke. Baina azkenaldian futbol gehiegi dago beste gauza batzuei erreparatzeko». Euskal Herrira gogoz eta indarrez etortzen da Paco Ibañez (Valentzia, 1934). «Etxera itzultzea bezala da». Eta igartzen zaio indarra, nahiz telefonoz bestaldetik aritu. Are, amorrua eta haserrea ere bai, gaur egungo egoera orokorraren inguruan, amorru handia. Lehen esalditik ahoan bilorik gabe mintzo da. «Kantu on bat, edo poema on bat zure aurrean jartzen den paisaia bat da, bizitzen jarraitzea merezi duela esaten dizuna. Itsasoari begiratzea bezala da, edo fruitua ematen duen arbola bati, edo nik zer dakit ba, bizitzaren aurrean aurkitzen zara, bat-batean, existentziaren aurrean».


Bizitzaren aurrean eta publikoaren aurrean bihar jarriko da kantari eta musikari beteranoa, Donostian, Kursaaleko auditoriumean (20:00), bere amaren Adunako (Gipuzkoa) Apakintza baserritik ez oso urrun, non haurtzaroan babes hartu zuen. Berak «kontzientziaren kantua» deitzen duen hori eskaintzen saiatuko da. «Irauten duen kantua da. Badaude kantuak duela 40 edo 50 urtetik kantatzen ditudanak, eta oraindik ere gaurkoak dira. Badute gaurkotasuna eta eskaintzeko zerbait, hunkitzeko zerbait».



Kantuek badute gaurkotasuna eta jendearen kontzientzian atximur egitea da kantariaren guraria, baina ez du langintza erraza: «Jende askoren kontzientziaren ehuna suntsitu egin dute. Askok, kontzientzia lagata, alde egin dute; beste askok, belarriak itxi dituzte; beste batzuek, beste alde batera begiratu dute. Eta asko eta asko, diru madarikatu nazkagarriak erosi ditu...».



Ezkerreko kantagintza konprometituaren ikonoetako bat da Paco Ibañez —George Brassens eta Atahualpa Yupanqui izan zituen irakasle eta pizgailu, besteak beste—, eta egungo ezkerrarekiko ere hitz gozorik ez du: «Bere burua iraultzailetzat daukan asko dago munduan barrena. Asko dira lehen iraultzaile izan eta gero kudeatzaile bihurtzen direnak. Jende askok uste du ukabila itxi eta besoa altxatzea nahikoa dela iraultzaile izateko. Gezur etengabeko batean bizi gara. Tuberkulosiak jotako ezkerra dugu, zainketa bereziko unitatean dago... eta eskuina nazkagarria da, eta hura leku guztietan dago... Eta horrela gabiltza».



Gaur egungo egoera horretara nola iritsi garen galdetuta, hauxe dio: «Gizartea kikildu egin da. Geroz eta interes gutxiago du bere existentzian, eta bestearenean, jakina. Krisi existentzial sakona dugu. Gizarteak amore eman du eta lokartu egin da. Han eta hemen!».



Haren ustez, azken urte luzeetako eredu neoliberala eta, batez ere, Amerikako Estatu Batuen hegemonia ahalguztiduna dira eragile nagusiak. «Orain liburu bat irakurtzen ari naiz frantsesez:Contre la pensée unique (Pentsaera bakarraren aurka). Aholkatzen dut biziki. Den-denok irakurriko bagenu, gauzak argiago ikusiko genituzke. Claude Hagege hizkuntzalari frantsesarena da. Eraso argi eta gupidagabe bat da AEBen hegemoniaren aurka, haiek zibilizazio guztiak hondoratzen ari baitira, eurena salbu. Ea euskarara itzultzen duten, adibidez».


Hizkuntz aniztasunaren aldeko jarrera askotan defenditu du Hagegek, eta halaxe egiten du Ibañezek ere. Bere burua internazionalistatzat dauka, eta zera dio: «Euskaraz hitz egiten dut nire haurtzaroarengatik, gaztelaniaz eskolarengatik, frantsesez erbestearengatik, italiar eta hebreera plazerarengatik, katalana adiskidetasunarengatik...».


Euskaraz etenka hitz egiten du, baina hitz egiten du. Haurtzaroan ikasi zuen, amarekin beti hala egiten baitzuen. Ondoren, urte batzuk geroago, Adunako baserrira itzuli zenean, konturatu omen zen euskara asko galdua zuela eta berreskuratu behar zuela, txukun kantatzeko moduan, gutxienik. Ahalegina egin zuen, eta berrikasitakoa praktikan jarri zuen Imanolekin batera 1998an kaleraturiko Oroitzen diskoan. Patxiku BazterretxeMaitiak galde egin zautanTriste bizi naiz eta eta Pello Joxepe klasikoez gain, BihotzaIllun ikarak eta Heriotzaren begiak hunkigarriak biltzen zituen, besteak beste, bi kantariek bi ahotsetan soilki kantatuak. Donostian horietako hiruzpalau kantatuko ditu Ibañezek; «Ez zarete nire euskaraz libratuko». Imanol beti gogoan dauka kantariak. «Euskal Herrian ez zuten ondo tratatu azken urteetan, eta omenalditxo bat egin nahi nioke, berak eta harek obrak merezi dute hainbeste. Haren obra Lete edo Laboaren parekoa da». Euskal Herria «asko» maite du, «duen kulturagatik, indarragatik». Baina baditu ajeak ere: «Zer da orain dena ingelesez izendatu behar hori? Sukaldari onak dauzkagula? Ondo da, baina zertan ari dira Basque Culinary Centre eta halakoak egiten, negozioa egiteko... Lotsatu egiten al dira euskaldun izateaz? Lotsagarria da!».



Emanaldiaren zati handiena, ordea, poeta latinoamerikarrei eskainia izango da. Lau urtez diskorik argitaratu gabe egon ostean, iaz kaleratu zuen Paco Ibañez canta a los poetas latinoamericanos. Pablo Neruda, Cesar Vallejo, Nicolas Guillen, Ruben Dario eta Alfonsina Storniren olerkien zerbitzura jarri zituen ahotsa eta gitarra. Ohiko musikariak izango ditu lagun: Cesar Stroscio (bandoneoia), Mario Mas (gitarra), Gorka Benitez (saxofoia), François Rabbhat (kontrabaxua), Pep Pascual (efektuak), Roqui Albero (fliskornoa), Joxan Goikoetxea (akordeoia), Chicharo (kaxoia). 



Hego Amerikako herrialdeak bertatik betara ezagutu izan ditu. «Maite dut hango jendea, musika, kultura, borroka...». Han ere baditu, ordea, arantzak eta ulertu ezinak. Eta berriro mihia zorroztu du: «Venezuelak gidari izan duena pailazo handi bat izan da, lotsagabe bat. Jendeari sinetsarazi dio iraultzaile bat zela. Baina norbaitek azaldu beharko du, esaterako, zer-nolako harremana zuen Siriarekin. Eta Sirian milaka lagun hiltzen, baina inork ez du ezer esaten. Munduko leku askotan egunero gernika bat dugu, eta inork ez du ezer esaten». Paco Ibañezek esan du.

Berria


No hay comentarios: