lunes, 8 de abril de 2013

EUSKALERRIA IRRATIKO AKZIODUNEK DIRUA EMAN EGITEN DUTE, IRABAZI ASMORIK GABE


Diario de Navarra egunkariak Euskalerria Irratiari eta Uxue Barkosi buruz argitaraturiko informazioaren harira, Euskalerria Irratia editatzen duen Iruñeko Komunikabideak SA enpresak honako ohar hau karrikaratu du:

1. Euskalerria Irratiaren ibilera ekonomikoaren oreka hautsi  zuten  Madrildik Industria Ministerioak  eginiko zigor espedienteak eta horren ondorioz ordaindu behar izan genuen 30.000 euroko isunak.
Emititzeko eskubidea aitortu gabea edukitzeak ekarri zuen ondorioa izan zen isun hura.
Iruñeko Komunikabideak SAk kapital hedapenaren formula erabiltzea erabaki zuen isun hori ordaintzeak eragindako egoera orekatzeko.
Beste 122 euskaltzalek bezala, Uxue Barkosek isuna ordaindu ahal izateko dirua eman zuen. Bere izenean sei euroko 200 akzio errejistratu ziren, 2012ko apirilean eta maiatzean.

2. Beste hainbat akziodunek bezala, Uxue Barkosek akzio horien agiririk ez du jaso, eta enpresaren esku geratu dira, helburua ez baita inoren partetik diru etekinak izatea, baizik eta euskarazko komunikazio sozialaren proiektuari ekarpena egitea.

3. Euskalerria Irratia Iruñeko euskal jendearen zerbitzuan sortu zen unetik erabaki zen enpresa eratzea zela proiektua kudeatzeko egiturarik arinena eta eraginkorrena. Horrela sortu zen 1984an Iruñeko Komunikabideak SA.Migel Jabier Urmeneta izan zen lehendabiziko presidentea. Gure enpresak ez du,  bistan denez,  etekin ekonomikorik izateko asmoa.  Eta  ia 30 urteko ibilera honetan ez du sekula dibidendorik banatu.
Lortu nahi dituen onurak bestelakoak dira: Komunikazio zerbitzua, euskaraz, hemen, Iruñerrian. 

4. Euskalerria Irratiak hamaika traba pairatu ditu bere ibilbidean: emititzeko eskubidea ukatuz, segurtasun juridikorik gabe ibili beharra du. Egoera horretan Administrazio Publikoak  eragindako zigor espedienteari aurre egin behar izan dio. Nafarroako instituzio publikoek urtetan ukatu dizkiote dirulaguntza ekonomikoak, halakorik banatu  izan dituenean.
Hori guztia ezaguna izanik, agerian dago Iruñeko Komunikabideak SAren akzioen erosleak ezin duela diru irabazteko asmorik izan. Alderantziz, dirua eskuzabaltasunez eman du, ekarpen soziala eginez proiektu honen mesederako.

No hay comentarios: