viernes, 26 de abril de 2013

MINAREN HIZKERA ALDATZEN


Minez dagoenak ez du erraz ikusten «bestearen» mina. Askotariko minak daude Euskal Herrian, elkarrengandik urrun. «Ama guztien negarrak berdinak dira». Pako Etxeberriari entzundako esaldia ekarri zuen gogora Pili Zabalak, hark mota guztietako biktimen negarrak entzun zituela azalduz. «Gorrotoa gehiago dago inguruan dagoen jendearengan. Guk badakigu bestearen lekuan jartzen», esan zuen Maixabel Lasak. Minaz hitz egitea kosta egiten dela onartu arren, nabari zen sintonia bien artean.

Lazkaoko Gerriko elkartean (Gipuzkoa) elkartu ziren atzo, dozenaka herritarren aurrean, Joxi Zabalaren arreba eta Juan Mari Jauregiren alarguna. GALek bahitu, torturatu eta erail zuen Zabala 1983an; ETAk erail zuen Jauregi 2000. urtean. Biktimen (sa)mina, bizi berri baten sormina? izenburua ezarri zioten solasaldiari. Inazio Usarraldek azaldu zuenez, BERRIAn argitaratutako iritzi artikulu batzuetan topatu zuten sorburua. Zabalak berak eta PSE-EEko Rafaela Romerok trukatu zituzten, iazko otsailean, artikulu horiek. «Hori da tonua», esan omen zuten: «Hitz egiteko modu hori bultzatu behar dugu».

Mina eta tonua bat etorri arren, ezberdina da hizlariek atzean duten istorioa. Sei neba-arrebetatik bosgarrena da Zabala. Bost urte zaharragoa zen neba, GALek bahitu zuenean. «Niretzat eredu bat zen, eta oso galduta sentitu nintzen desagertu zenean», kontatu zuen. Ez du min hartaz hitz egin jendaurrean duela gutxi arte, «ezin izan» zuelako. «Estatu legal batek ekintza ilegal bat egitea, hainbesteko injustizia egitea, ezin nuen jasan». Urteotan erakundeen aldetik babes gutxi izan dutela salatu zuen; haren hitzetan, «batez ere, tipologia jakin bateko biktimak» entzutea izan delako ohikoena. Horregatik, ezinbestekotzat du sufritu duten guztiei egitea aitortza hori: «Erakunde armatu bati eskatzen zaionean zerbait, estatuari ere maila berean exijitu behar zaio. Hasteko, onar dezala erabili dituen metodoak ilegalak izan direla».

Nebaren gorpuzkinak Euskal Herrira heldu zirenean gertatua buruan iltzatua du Zabalak. Hura agurtzeko Tolosako hilerrian bildutakoen aurka egin zuen Ertzaintzak, 1995ean. Egin egunkarian egiten zuen lan Zabalaren senarrak, eta egun hartako argazkiak iritsi zitzaizkion haren bidez: «Hamazazpi urtean ez ditut errebelatu».

Aitortu ditu Lasak hainbat poliziek egindakoak. «Egia da gertatu dela. Estatuak autokritika egin behar du, ikertu egin behar da, eta errudunak aurkitu». Hala ere, ez dago erabat ados «ETAren biktimak beti babestuta» egon diren ideiarekin. Herri mailan izan duen babesagatik «pribilegiatua» sentitzen da, baina gogoratu zuen pertsona bat erailtzen denean «bi aldiz» erailtzen dela: «Tiroa botata aurrena, eta 'zerbait egingo zuen' esanez gero». Senarra hil ziotenean proiektu guztiak bertan behera bota zizkiotela dio: «Ez duzu sinesten gertatu dela». Ordurako Txilen zebilen lanean Jauregi, eta tarteka etortzen zen Euskal Herrira. «Edozein unetan etxeko atetik sartuko zela pentsatzen nuen». Hura nolakoa zen gogoratzea da samina arintzeko aurkitu duen modua. «Egun hartan, esan zidan: 'Badakizu zein amets egin dudan? Hil egiten nautela'». Ordubete geroago hil zuten: «Baina irribarre bat nabaritu nion».

Etorkizunari begira, ados daude biak alde guztiek egin beharko dutela autokritika, eta sufrimendu guztiak aitortu beharko direla. «Bakoitzak bere mailan, baina autokritika egin behar dugu».

Gertuko keinu txikiak 

Hortik abiatuta, gauza asko aldatu beharko direla uste dute. Hasteko, hitz egiteko modua bera. «Garaile eta galtzaileen» dinamikan sartzea, adibidez, ez dute begi onez ikusten. «Hitz gogor asko daude, exijentzia asko zenbait biktimaren aldetik», azaldu zuen Lasak. «Horiek batzuk dira, baina gehiengoak beti esaten du: 'Azkena izan dadila'». Hizkeratik hasita, «pedagogia soziala» egin behar dela dio Zabalak; bai lege aldetik, bai hezkuntzan, bai herritarren artean, bai etxeetan... «Lehentasun ezberdinak izan arren, denok bideratu behar ditugu indarrak prozesu honetara. Ekintza txiki askotatik etor liteke iraultza».

Bide horretan, senarra hiltzea leporatuta zigorra betetzen ari den batekin izan zela kontatu zuen Lasak. «Sinetsi nion benetan barkamena eskatu zidanean, eta askoz lasaiago nago orain». Langraiz Bideko preso batekin izan zen, baina argi du hori ezin dela «legez» orokortu: «Hori bakoitzarengan dago».

Konfiantzazko giroan, ordu eta erdi bete zuten biek solasean. Giro horrek lagunduta, gertuko keinu txiki horietako bat irten zitzaion amaieran entzuleetako bati. «Aspaldiko laguna nuen Juan Mari, eta orain arte ez naun gai izan hirekin hitz egiteko». Hortik etorriko dira aurreragoko pausoak, gizon hark azaldu zuenez: «Hau ezin dugu utzi politikarien esku».

Hodei Iruretagoiena, Berrian

No hay comentarios: