martes, 30 de abril de 2013

ISLANDIAR IZAN NAHI GENUENEKOA

Maite genituen islandiarrak. Maite, iparraldeko bikingo zibilizatuak. Krisi latz honi nola heldu behar zitzaion, haiek bilakatu ziren eredu. Merkeli eta Europako diktadore ekonomikoei kasu pizarrik egin gabe, beren bidea urratu zuten. Hotz uste genituen, hango glaziar amaigabeak bezain. Geyserretako ur irakin izaten ahal zirela erakutsi zuten, ordea. Matxinatu ziren, denen kontra, guztiaren kontra. Gobernua eraitsi zuten. Bozketak egin eta lesbiana bat ezarri zuten gobernuburu. Ezkerrekoa, bistan dena. Erreferendumean, gehiengo handiz deliberatu ziren kanpo-zorra ez pagatzera. Epaitegietara eraman zituzten bankari eta politikariak. Prest zeuden zehatzeko beren bizitzari pobrezia eta hondamena ekarri ziotenak. Horra hor 300.000 biztanleko herria munduari bidea erakusten. Interneten ikasi genuen hori guztia. Sarea pil-pil zebilen ipar lanbrotsutik heldu zitzaigun saga berriarekin. El Paisek eta La Sextak ere lekua eskaini zioten noizbait. Eta guk, inbidiaz, islandiar izan nahi. Herritar sentitzeko. Harrotasuna berreskuratzeko. Esperantzarik gabeko austeritatea ezarri nahi zigutenei ordaina emateko. Azken urte honetan, isildua zen lehenagoko bor-borra. Albisteak tantaka heldu zitzaizkigun Reykjavik-etik, eta horiek, nahasiak. Noski, adierazle ekonomikoak onak ziren berriz. Langabezia beheiti ari omen zen. Goiti ari omen, ekonomia. Alabaina, politikoki, Iparraldeko iraultza lasaia ez zebilen bere hoberenean. Ezkerreko koalizioa barne tira-biretan ari zen, eta ezin beterik zegoen egindako promesa guztiak. Islandiarrek hauteskundeak izan dituzte azken asteburu honetan. Horiek zer ekarriko, eta krisia piztu zutenen itzulera. Horrela izana zen, herri honek independentzia erdietsi zuenetik: eskuina agintean beti, azken hiru urteko parentesia kenduta. Berriz ere dena bere onean da, beraz, iparraldeko uharte hotz-beroan. Betikoak betikoan. Islandiaz oroitu beharko gara, UPN gobernutik bidaltzen dugun egunean.
Aingeru Epaltza, Diario de Noticias-en

No hay comentarios: