martes, 28 de abril de 2015

XORROXIN IRRATIA LAGUNTZA ESKE

Astean euro bat baino guttiago. Behin baino gehiagotan aitu izanen duzue esaldi hori azken egun hauetan Xorroxin Irratian. Seguraski bat baino gehiago pentsatzen aritu izanen zarete zer ote den edo zeri buruz ariko ote ginen. 
Bada, laguntza eske ari gara. Zuen laguntza behar du Xorroxin irratiak.

Azken urte hauetan, berexiki Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei, tartean Xorroxin irratiari legez dagokien diru laguntza kendu zigunetik hedabideen eta gure kasuan, Xorroxin irratiaren egoera ekonomikoak makurrera egin du. Makurrera, ezen azken bi urteetan, xorroxin irratiko langileok erregulazio espedientean, EREan gauden.

Xorroxin irratiak, gehienbat erakunde desberdinek, tartean eskualdeko udal eta mankomunitateek ematen duten dirulaguntzei esker eta publizitateari esker burutzen du bere jarduna. Urte auntizetan gure bazkide izan direnek eta direnek ere laguntza ematen digute. Aprobetxatuko dugu bertze behin ere laguntza ematen diguten guziei gure eskerrik beroenak emateko. Dena den, laguntzaile aunitz izan arren, laguntza guzi hori ez da nahikoa eguneroko lana bermatzeko, eta azken bi urteetan, murrizketak egin behar izan ditugu, batetik programazioan, ordu gutixeago emititzen baitugu, eta bertzetik langileon egoeran, erran bezala, enplegu erregulazioan baikaude, EREan.

Egoera ekonomiko exkaxaren ondorioz, bertzelako diru iturri batzun bila ibili gara, ez gara geldirik egon, saiatu gara eta horren adibide, errate baterako behikaka.com zozketa. 6 urtez egin dugu eta funtzionatu du, jende aunitzek lagundu duzue. Dena den, hori ere ez da nahikoa xorroxin irratiak duintasunez aitzinet segitzeko, hortaz, aurten, etorkizunean egonkortasun ekonomikoan oinarrituz proiektu komunikatiboa garatu ahal izateko helburuarekin, behikaka.com alde batera utzi eta laguntzaile kanpaina burutzeko erabakia hartu dugu.

Badakigu ez dela errexa, jende aunitzen egoera ekonomikoa ere ez delako hoberena. Badakigu aunitzetan laguntza eskatzen dugula, eta jende aunitz laguntzeko prest egon dela beti. Baina Xorroxin Irratiak, orain arte bezala bere eguneroko jarduna aitzinet eramateko entzuleen beharra du. Kasu honetan behar ekonomikoa. Laguntza eske gatozkizue.

Irratia, dohainik eskaintzen den komunikabidea da. Albisteak, elkarrizketak, musika, aisialdia, informazioa, partehartzea, merkatu ttikia, zorion agurrak, mezen berri…gauza aunitz eskaintzen ditu Xorroxin irratiak egunero, eta jende aunitz egoten da transistorearen gibelean, aitzen.

Dena den, hala izan dadin segitu ahal izateko zuen laguntza behar dugu. Egonkortasunaren bila, egunerokoa duintasun minimo batekin, ahalik eta txukunen egiteko asmoz, Xorroxin irratiak zuen laguntza behar du.

Zuengandik astean euro bat baino guttiago behar dugu. Urtean 50 euro. Hori da eskatzen duguna. Xorroxin irratiaren laguntzaile egin zaitezten. Azken 34 urte hauetan bezala, orain arte bezala, etorkizunean ere, egunero xorroxin irratiaren uhinak zuen etxeetan sar daitezen. Hitza eskualduna duen, bihotza bertakoa duen irrati xume honek bizirik segi dezan.

Xorroxin irratiko laguntzaile egin nahi baduzue, guregana etor zaitezkete, deitzen ahal dakuzue, e-posta bat bidaltzen ahal dakuzue, eta zuen datuak eman. Bakotxak bere ekarpen ttikia eginda, Xorroxin Irratiak pausu handia emanen baitu. 
Astean euro bat baino guttiago, urtean 50 euro. Hori bakarrik eta hori dena.

Inori ez zaigu eskean ibiltzea gustatzen. Baino beharra dagoenean, beharrak agintzen du.

Aldez aitzinetik, Milesker.
Gurekin harremanetan jartzeko:
e-posta: xorroxin@gmail.com
telefonoa: 948 581 226 edo 948 581 374

erran.eus

No hay comentarios: