martes, 7 de abril de 2015

GURASOEN ILUSIOARI ESKER, EUSKARA BIZIRIK DA NAFARROA EKIALDEAN

Euskal Herriaren “ekialde urrunera” jo du Kike Amonarrizek ‘Tribuaren Berbak’ saioan: misterioz beteta dagoen Nafarroako Pirinioetara. Eskualde berezia da, klima gogorrekoa. Elurrak eta hotzak luze jotzen dute bertan, eta horrek eragina izan du bertako jendearen bizimoduan, baita darabilten hizkuntzan ere.

Hiru bailara ezagutu ditu Amonarrizek: Erronkaribar, Zaraitzu eta Aezkoa. Ibar horietan, euskarak bilakaera ezberdina izan du. Aezkoak bere euskara bereziari eutsi dio, baina, zoritxarrez, Zaraitzun eta Erronkarin galdu egin ziren bertako euskalkiak.

Erronkaribarren egin dute lehen geldialdia. Zazpi udalerrik osatzen dute bailara, eta, bertan, 1.500 pertsona eskas bizi dira. 1991n hil zen erronkarieraz hitz egiten zuen azken hiztuna, Fidela Bernat, baina horrek ez du esan nahi euskara bertan desagertuta dagoenik.

Dabid Lalana euskara teknikariaren hitzetan, Erronkaribarreko biztanleen % 16 dira euskal hiztunak; guztira, 250 bat herritar. izan ere, bertan,  “bizpahiru belaunaldi nahikoak izan ziren euskararen arrastoa desagertzeko”

Julian Gaiarre tenor handiak ezagutarazi ditu inork baino gehiago bere herria eta ibarraren izenak. Euskal hiztuna zen, Gaiarre bere belaunaldiko auzoak bezala, eta Europan barna ibiliagatik, ez zuen ahaztu bere ama hizkuntza, erronkariera. Horren froga dira, bere izeba Juanari bidalitako gutunak.

Emakumeak izan ziren erronkariera gorde zutenak. Askok bizibidea ateratzeko Maulera jo zuten espartin industrian lan egitera. Jakina, zuberotarrekin euskaraz egiten zuten, ezin bestela izan. Enarak esaten zieten emakume haiei.

Bitxikeria gisa, Amonarrizek Alberto Angos elkarrizketatu du, erronkarierak duen aditu handienetako bat. Ez da ordea, ez filologoa, ez soziolinguista. Barakaldoko soldatzailea da, eta haren abizenaren jatorria bilatu nahian, inguru harekin eta bertako euskararekin egin zuen topo. Hiru liburu argitaratu ditu erronkarieraren gramatikari eta hiztegiari buruz.

Joan den mendearen azken hamarkadan ekin zitzaion berreskurapenari, eta Lalanaren arabera, “oso urte emankorrak izan ziren”. D eredua ezartzea lortu zuten orduan, eta hori ezinbestekoa izan zen. Gainera, garrantzitsua izan zen euskaltegien, Kebenko kultur elkartearen eta euskara zerbitzuaren lana. Gaur egun, ikasle gehienak D ereduan matrikulatuta daude

.Dena den, haur horiek erronkarierako hitz gutxi jaso dute. Alabaina, inguru hartako persona heldu erdaldunek bertako euskarako hainbat hitz erabiltzen dute, euren gaztelanian barneratu zituztelako.

Zaraitzu ibarrera jo du ondoren Amonarrizek. Bederatzi udalerrik osatzen dute bailara, eta 1.500 pasa biztanle bizi da bertan. Zaraitzuera galdu zen, baina Erronkaribarren bezala, inguru horretan ere euskarak bizirik jarraitzen du. Hiztun gehixeago dago, euskara hamarkada batzuk gehiagoz mantentzea lortu baitzuten, eta bertako biztanleek hango euskalkiko hainbat ele gordetzen dute oraindik.

Itzaltzu herri txikia da, Gartxoten kondairari esker da ezaguna, batik bat. Biztanle gutxi dira, baina bertako lau umeak euskal hiztunak dira. Haiek dira azken 100 urteetan jaio diren lehen euskaldunak.

Zaraitzuko txokoez gozatu ostean, Aezkoara jo du Kikek. Bederatzi udalerrik osatzen dute Ibarra, eta biztanleak ez dira milara iristen. Baina ibar horrek badu berezitasun bat: Erronkarin eta Zaraitzun ez bezala, ibar honetan aetzek euskara bizirik mantendu dute. Oraindik badira aezkeraz egiten duten zaharrak, baita hauen ahotik ibarreko euskara berezia ikasi duten gazteak ere.

Juan Karlos Etxegoien Xamar irakaslearen iritziz, agian, Erronkaribar eta Zaraitzu izan direlako erdararen mugak “atxiki diote euskarari hobeki” bertan, beste bi bailaren babesean, alegia. Dena den, aezkera mantentzeko lan egin beharra dago, eta horretan dihardu Zerika taldeak. Euskal hiztun gehienak adinekoak dira, eta Ion Retegi taldeko kidearen hitzetan, zahar haiekin biltzen dira, “gazteengan arrasto bat gelditzeko”. Izan ere, ezinbestekoa da eragin hori izatea euskalkiak iraun dezan.

Euskal Herriaren sortaldean euskara lozorrotik ateratzen ari da, eta horren lekuko izan da ‘Tribuaren Berbak’. Ikusi saioa osorik EITB Nahieranen.

Euskara Kultur Elkargoa