sábado, 3 de agosto de 2013

NOR ETA.....GOYO IRISO, TAFALLAKO AIZKOLARIA

Zure aurkezpena
Goyo Iriso Martikorena naiz; tafallarra, 46 urte dauzkat eta Agirre-n lan egiten dut.

Nola eta noiz hasi zitzaizun zaletasuna?
Gogoratzen naiz 13-14 urterekin Tafallako festetan aizkolariak ikustera joaten nintzela eta asko gustatzen zitzaidala. Gutxika-gutxika afizioa sortu zitzaidan eta hamabost bat urterekin nire lehenengo enborrak moztu nituen. Etxe ondoan bazegoen “Jaurrieta” zerrategia eta tokiz aldatu zutenean haritz enbor txiki batzuk utzi zituzten. Orduan bagenuen etxean aizkora txiki bat, “segureta” bat, eta enborrak moztera joaten nintzen. Kriston palizak hartzen nituen. Hamazazpi urterekin hire lehenengo aizkora erosi nuen eta orain arte.

Nola praktikatzen duzu? Egurra inoiz erosi al duzu entrenatzeko?
Ez dut behin ere erosi, egiten dudana bada bizikleta hartu eta pinudietan batez ere begiratu ea baten bat erori den. Makal, platanero, zumarren bat edo beste ere moztu izan dut, baina batik bat pinuak. Erosi berria izan behar da, sikatzen bada ez baitago mozterik. Tamaina ere kontuan hartzekoa da; izan ere, lodi samarra izan behar baita, bestela ez duzu gozatzen. Gero beste egun batean prestatzen dut. Aitzurra eramaten dut toki egokian jartzeko, toki lauan, eta adarrak kentzen dizkiot. Azkenik, mozten hasi eta txikitu arte aritzen naiz. Holaxe, gustura.

Urtean zenbat enbor mozten duzu, gutxi gorabehera?
Urteen arabera, hiru edo lau batez beste. Aurten urte oso ona izaten ari da neguan elur eta euri dezente erori zelako eta asko mozten ari naiz, Puiun esaterako. Adibidez, orain baditut hiru enbor Beratxan mozteko.

Gero egurra aprobetxatzen duzu?
Ez, nik bertan uzten dut. Baina jendeak, ehiztariek eta, bai, behin edo behin eramaten dute.

Pinua egur gogorra da?
Ez, ez da oso gogorra, ezpalak aise ateratzen dira, baina barruan adar asko izaten ditu. Inguruan ez dago pagorik edo halakorik eta pinuekin konformatu behar. Lehen ibai ondoan ere gehiago ibiltzen nintzen eta makalak edo zumarrak moztu izan ditut; dena den, ibai bazterra ebakitzeko toki desegokia izaten da eta gainera egur mota horietan aizkora itsatsita bezala geratzen da, enborretik atera ezinik. Arteak ere badira inguruan, baina egur hori oso oso gogorra da eta mozteko ez du balio, gozakaitz aritzen zara.

Hasi zinenetik, hogeita hamar urte hauetan beti jarraitu duzu?
Bai, bai….afizioa mantentzen dut, gertatzen dena zaila dela formari eustea. Aurten sei bat pinu moztu ditut dagoeneko, baina beste urte batzuetan bat edo bat ere ez. Bestalde, ezin dut egurra erosi. Ez dut toki aproposa. Horretarako bajera handi bat behar duzu, azpiegiturak…..eta garestitxoa da. Aizkoran serioago arituko banintz, igual bai, baina hori ez da nire asmoa, nik ongi pasatzeko bakarrik egiten dut, beste batzuk mendira edo eskiatzera joaten diren bezala.

Oroitzen naiz behin plazetan Julian Zufiaurre eta Patxi Azkaratek erakustaldia egin zutela. Tafallan badago giroa?
Ez. Horiek ez zuten jarraitu. Turrunbal taldeak antolatutako ekintza izan zen, oso polita. Dena den, esan daiteke ni bakarrik aritzen naizela. Nire koadrilan Karlos Lergak eta Toño Flamarikek zeozer egin zuten, baina ezer gutxi. Tafallan eta Baldorban ni bakarrik ibiltzen naiz eta ziur aski Iruñetik hegoaldera ere bai. Pena da, besteren bat balego elkarrekin entrenatzeko askoz hobeki litzateke, baina gure inguruan ez dago beste inor.

Apusturen bat egin duzu? Eta erakustaldiak?
Apusturik ez, inoiz ez; baina erakustaldiak bai, urtero zerbait egiten dut, batez ere Baldorban: Puiun, Garinoainen….Sansoainera urtero joaten naiz; nire lagun Rekaldek harrapatzen nau eta joan beharra. Tafallako Ikastolak abuztuaren 13an lehen antolatzen zuen jaialditxoan ere parte hartzen nuen. Behin batean kriston enborra moztu nuen, oso lodia. Aizkora berezia prestatu behar izan nuen, kirten luze batekin. Gorriak eta bi ikusi nituen ebakitzeko, zumarra zen eta aizkora barruan iltzatuta bezala geratzen zen.

Ongi pagatuko dizute, ezta?
Jaja, bai, bai, oso ongi. Batzuetan bazkaltzera gonbidatzen naute, jaja.

Aizkora mundua jarraitzen duzu?
Bai. Behin edo, txapelketa edo apusturen bat ikustera joan naiz eta ETBn ere jarraitzen dut, Urrezko Aizkora dela, eta abar.

Esan daiteke aizkolaritza desagertzen ari dela?
Ez, ez. Gazteak badira, aizkolari handien semeak edo hauen lehengusuak. Hala ere mundi txikia da eta izen gehienak errepikatzen dira: Mindegia, Saralegi, Arria….Zaila da, diru asko behar da entrenatzeko, toki aproposa ere.

Zenbat aizkora daukazu?
Hamarren bat. Denak ez dira on-onak, baina baditut sei bat nahiko txukunak eta bat berezia kirten luze batekin prestatuta. Lehen Leitzan erosten nituen eta orain Urnietan. Duela gutxi bat berezia egin zidaten; izan ere, ibai ondoan bat hautsi zitzaidan zumar lodi bat ebakitzen eta bat gogorragoa egitea eskatu nien, hemengo egurrak mozteko modukoa.

Zenbatean daude aizkora horiek?
Según, baina aizkora on batek 300 euro inguru balio du.

Jarraitzeko asmoa, bai?
Horixe baietz, oraindik sasoian nago eta pinu asko geratzen dira inguruan. Kirol gogorra da eta entrenatzea zaila denez, nekez eusten diozu forma onari. Batzuetan gorputza kexatzen da, berrogei urteko ajeak. Erakustaldietan enbor dezente mozten ditut, sei edo hamar bat. Lehenarekin bukatzen dut eta dagoeneko nahiko jota, eta pentsatzen dut: “Uf, oraindik sufritu behar dudana”, baina gustukoa dut eta badakizu: gogoko tokian aldaparik ez.


Zaki Iriso, La Voz de la Merindad-en

No hay comentarios: