viernes, 4 de junio de 2010

UITZIKO KANPALDIAREN KRONIKA


Azkenean, horrenbeste espero genuen eguna heldu da. Uitzira goaz! Han gure begiraleak Patxi eta Nekane gure zain zeuden eta aurkezpenak egin ondoren bi taldeetan banatu gintuzten: natura eta homo sapiens.

Uitzi naturan dagoen herrixka bat da eta izugarrizko etxe politak ditu. Aterpea harrizko etxe handia da, lehengo eskolak.

Berehala ekintzak hasi ziren, lehenengo gure izena eta gure izen ekologikoa txartel baten jarri behar genituen, ondoren jokoak egitera joan ginen, denak natura zuten ardatza bezala eta gauza asko ikasi genituen: hainbat zuhaitz eta landareen izenak eta beraien ezaugarriak, hainbat animalien bizimodua.....

Koldo eta Mariana gure sukaldariak ziren eta oso ongi zaindu gintuzten. Gauean afari goxoaren ondoren eta jolas libre batzuk egin ondoren, geletara igo ginen, dexente kostatu zitzaigun lokartzea eta hitz eta pitz ibili ginen gure irakaslea haserretu arte.

Bigarren egunean mendian barrena, eta Xarpa izeneko herriko txakur batez lagundurik, Iñaki Perurenaren museoa ikustera joan ginen. Peru Harria du izena. Iñaki harrijasotzailea da eta aktorea ere. Oso harrera ona egin zigun eta harria nola jasotzen zen azaldu zigun eta batzuk harri borobil bat jasotzen ere animatu ginen, baserriko goiko aldean duen gela ere erakutsi zigun eta gauza interesgarriz beterik zegoen. Baina gehien harritu gintuena kanpoan zegoen soro handi batean eskultura erraldoiak ziren eta baita katapultak ere, hau izan zen gehien gustatu zitzaiguna. Baserriaren atzealdean, leize txiki polit bat ikusi genuen hainbat estalaktita zituena.

Iñakik euskaraz horrenbeste hitz egiteagatik zoriondu egin gintuen eta gure irakaslea oso pozik jarri zen.

Menditik berriro Uitzira bueltatu ginen, dutxatu, lunch goxo bat hartu eta....GAU BELA!!! 11 ak arte eten gabe dantzan egon ginen, irakasleak ere! Leher eginda ohera joan ginen eta berehala lokartu ginen.

Azken eguna heldu zen, goizean motxilak prestatu eta ondoren material bertziklatuarekin animali bat egin genuen.

Bazkal ordua heldu zen eta joatekoa ere, autobusa heldu zen gu Tafallara eramateko prest, zer pena! Han utzi genituen gure lagun guztiak: Patxi, Nekane, Koldo, Mariana, Keltze eta noski Xarpa txakurra.

Hiru egun zoragarri eman genituen eta bueltatzeko irrikan gaude.
Garcés de los Fayos Ikastola (La Voz de la Merindad aldizkaritik)

No hay comentarios: