sábado, 12 de junio de 2010

BIXENTE SERRANO IZKOK AFORISMO LIBURU BAT AURKEZTU BERRI DU

Egunero sortzen diren gogoetatik abiatuta iralurkeari pentsaraztea. Hauxe de Bixente Serrano Izkok aurkeztu berri duen Jauzika bere azken lanaren xedea. Historialari, idazle eta irakasle nafarraren liburu hau azken urteotan bere blogean plazaratu dituen aforismoen bilduma da. Saratsarrak gogoeta labur hauen hautaketa eta sailkapena egin du bere diskurtsoari egitura bat emate aldera. Azkenean, lau atal nagusitan banatu ditu aforismoak. Lehendabizikoan munduaren noranzkoaz hausnartzen du, Euskal Herriko egoera du hizpide bigarrenean, hirugarrenean Europako demokrazien gabeziez egiten du gogoeta eta, azkenik, etorkizunaz pentsatzera gonbidatzen du.

Iruñeko Auzolan liburutegian atzo izandako aurkezpenean Serrano Izkok esan zuenez, bada gertaera bat aforismoak idaztera bultzatu zuena bera: ETAren 2007ko su-etenaren haustura. "Betidanik izan naiz aforismo zalea, baina idatzi baino gehiago irakurri egiten nituen. Alabaina, su-etenaren eten horrek aforismoak idaztera eraman ninduen indarkeriaz nuen iritzia emateko", azaldu zuen. Horrela, idazlea bere iruzkinekin batera aforismoak plazaratzen hasi zen Nafar periferiatik deritzon bere blogean. Eta bortizkeria gai nagusia izan bada ere -blogean argitaratu duen azken aforismoak zera dio: "Irentsiko al du behingoz sugeak aizkora?"-, gehiago ere badira Serrano Izkok ukitu dituen gaiak.

Liburuaren lehen atalean, egileak Mundu zabaleko gaixotasuna bataiatu duen horretan, planeta mailako gabezien inguruko hausnarketak biltzen dira. Idazleak pentsamendu bakarraz, fedeaz, kapitalismoaz edota ekologismoaz bere burutazioak bildu ditu ehun aforismo inguruan. Nazioarteko kontuetatik etxera egiten du jauzia bere bigarren sailean idazle saratsarrak.

Bixente Serrano Izkok Gure ekarpentxoa deitu du bigarren atal hau eta Euskal Herriko egoeraz hausnartzen du, bereziki indarkeriaren inguruko ohiko eztabaidez. Liburuaren aurkezpenean Serrano Izko lagundu zuen Alberto Barandiaran kazetariaren arabera, indarkeriaren inguruko eztabaida honetan badago, hain zuzen ere, liburuaren muina: "Bortizkeriaren inguruko galderak izan daitezke liburuaren alderik erakargarriena. Han egon zen abiapuntua eta badago lanaren muina".

Demokrazia bahitua deitutako lanaren hirugarren eremuan, Serrano Izkok Europako demokrazien gabezien inguruko aforismoak bildu ditu. Gehien bat Espainiar erregimen politikoaren ajeen gaineko gogoetak jaso ditu egileak, Pirinioak baino haragoko kontuez ere hausnartu duen arren.

Azkenik, Serrano Izkok etorkizunaz hausnartzen du Bertze etorkizun bat deritzon atalean. Azken sail honetan euskararen etorkizunaren inguruko hausnarketek pisu berezia dute. Idazleak atzo azpimarratu zuenez, pentsaraztera mugatzen da bera. Bere gogoetak nolabaiteko galderak dira, berak ez baitu erantzunik. Halaber, liburuaren aurkezpenean esan zuen bere asmoa ez dela irakurlea kitzikatzea aforismo bakoitzarekin, baizik eta irakurle bakoitzak kitzikagarri aurkitzen duen gogoetaren bat aurkitzea. Horrekin bere helburua aseturik ikusiko omen luke idazle nafarrak. Diario de Noticias

No hay comentarios: