Maisu lana pagotxa, txoiua omen da, zer deritzozu?
Hori jendeak uste du ditugun oporrengatik, baina gero eta jende gehiagori entzuten diot: "Ze gogorra izan behar duen maixuen lana". Eta ez dabiltza oker. Gero eta gogorragoa da.
Maisuaren autoritatea eta berarekiko errespetua galdu dira?
Lankideen artean inkesta txiki bat egin dut eta bataz beste baietz diote. Nik ere horrela uste dut, ez dakit galdu, jaitsi....Gero beste kontu bat dago: zer errespetuaz ari gara, ikasleek eta gurasoek eduki behar digutenaz? Bien kasuan.....
Aurten kantu klaseak ematen hasi zara, zer ba?
Ahotsa kontrolatzen ikasteko, arnasketa. Maisuok....badakizu...Dena den ez dakit hurrengo urtean jarraituko dudan.
Nola ikasi duzu euskara?
Lehendabiziko harremana euskararekin 14 urterekin izan zen Erriberrin antolatu ziren eskolaz kanpoko batean. Gero baztertuta izan nuen eta Magisteritza bukatu eta gero berreskuratu nuen. Buru belarri sartu nintzen. Lehenengo Diputazioko euskaltegian eta gero barnetegian izan nintzen. Lazkaoko Maizpiden hain zuzen. Han 11 hilabete eman nituen. Asko ikasteaz aparte, oso ongi ere pasatu nuen. Geroztik sekula ez dut galdu harremana: eskolaz kanpokoak, AEKn...Gero maisu hasi nintzen publikoan, A ereduan euskara irakasle eta orain D ereduan ari naiz. 13 urte daramatzat irakaskuntzan.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Erriberrin?
Ez dakit zer erantzun. Oso motel, baina aurrera goaz. Orain ardura gehiago ikusten da udalaren aldetik. Olite izenari Erriberri gehitzea lortu da. Azken bolada honetan ekintza gehiago egiten dira euskaraz, euskara ikastaroa, zinea...nahiz eta oraindik gutxiegi izan. Beste aldetik, pasa den urtetik, beste lekuetan egiten den bezala, Mintzakide egiten hasi gara, euskara praktikatzeaz aparte, euskara plazara ateratzeko.
Eta oro har, Merindadean eta Nafarroan?
Merindadeko egoera antzekoa dela uste dut. Tafalla salbuespena izan daiteke, ikastola dela, AEK, eragile gehiago dago, baina inguruko herrietan....eta Nafarroako egoeraz, ez dakit zer esan. Argi batzuk ikusten dira, adibidez, eremu mistoa zabaldu da pixka bat; baina beste aldetik, hainbat ikastolaren egoera larria, D eredua behera egiten ari da.... Beraz, ez dakit zer erantzun.
Herrian euskara klaseak ematen dituzu eta Mintzakiden ere zabiltza, ezta?
Euskara ikastaroa udalak antolatu zuen, niri eskaini eta nik onartu. Jende asko etortzen ez bada ere, aurrerapauso bat da. Urteak ziren Erriberrin ez zela antolatzen euskara ikastaroa eta Mintzakiderekin ere pasa den urtean hasi ginen. Asteazkenetan biltzen gara 7'30 etan Toki tabernan. Uste baino euskaldun gehiago gara, baina zaila da elkartzea, adina, interes ezberdinak....Hemendik aprobetxatu nahi dut jendea animatzeko, batez ere ikastolara joan eta egun 20 urte inguru dituztenak, ahalegintxo bat egin denon artean euskarari bultzada bat emateko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario