miércoles, 2 de julio de 2014

"EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ" ELKARTEA TAFALLAKO UDALAREN ERANTZUN EZAZ KEXU

Duela hile batzuk “Udalak eta biok, euskaraz” dinamika abiarazi genuen Tafallan. Udalarekiko harremanak euskaraz izan daitezen norbanakoen borondatetik abiatuta udalean eskaera zuzenak aurkezteko ariketari hasiera eman genion. Herritarron euskaraz bizitzeko hautu pertsonala indartzearekin batera, Udalarekiko ahozko zein idatzizko harremana eta bere eskumena den errotulazioa euskaraz izan dadin aldaketak eragin nahi genituen.

Iragan martxoaren 28an 56 lagunen eskaerak aurkeztu genituen Udalean, sozializazio kanpaina baten ostean, dinamikaren berri emateko.

Ordutik ia hiru hilabete igaro diren honetan ez dugu Udalaren partetik inolako erantzunik jaso, eta zentzu horretan egoerak berdin jarraitzen du: Ezinezkoa ematen du udal bulegoetan euskaraz artatua izatea. Iaz alderdi guztiek izenpetutako dekalogoan jasotzen den arren, kaleko errotulazioan euskarak ez du behar bezalako trataerarik oraindik, ezta inprimaki ofizialetan ere. Egoera honen aurrean kezkaz bizi dugu aurkeztu genituen eskaeren aurrean udalaren erantzun eza. Udaleko Euskara Batzordearengana jo genuen eta bertatik argibide zehatzarik ez genuen jaso; “tramitazioan izanen direla”, “Eskaerek erantzuna jaso beharko luketela”... Horrela beharko luke, bai.

“Udalak eta biok, euskaraz” dinamikak aurrera darrai ordea eta, pixkanaka, gero eta herritar gehiago dira euskaraz bizitzeko nahiaren aurrean udalarekiko harremanak euskaraz izatea eskatzen dutenak. Iragan ekainaren 20an, 40 eskaera gehiago aurkeztu genituen udaletxean eta aurrerantzean eskaera gehiago izan daitezen lanean dihardugu. Bertan jakinarazi ziguten moduan eskaerak alkatearen esku daude eta eskaerei erantzuna ematea eskatzen duen istantzia aurkeztu ezean ez genuela erantzunik izanen. Gauzak horrela, aholkatutakoa egin eta istantzia aurkeztu dugu.

Aitzakiarik gabe, egindako eskaerei udalak epe laburrean erantzuna eman diezaion exijitu nahi dugu, bertan jasotzen diren eskakizunak aintzat hartu eta aldeko erantzuna emanaz; Modu horretan, euskaraz bizitzeko dugun nahia errespetatuz.

2014ko uztailaren 1ean
Tafallako Euskal Herrian Euskaraz

No hay comentarios: