Jakin-minarekin batera itxaropena ere piztu du CAN auziari buruz Guardia Zibilak emandako azken txostenak. Izan ere, bertzela iduri duen arren, auzia ez dago itxia eta Nafarroan zabalik dirau, hiru lagun baitaude oraindik ere inputaziopean: Miguel Sanz lehendakari ohia, Alvaro Miranda ekonomia kontseilari ohia eta Enrique Maya Iruñeko alkatea. Auziak, egia erran, joan den udaberrian jo zuen goia, bai behinik behin herritar aunitzen esperantzari dagokionez. Hilabete haietan, gainera, Nafarroako eltzeak bor-bor zirakien eta gainezka egin hurran zegoen, edo halaxe ematen zuen, behintzat. UPNko ordezkariak Iruñeko Auzitegira bana-bana epailearen aitzinera deklaratzera agertu ahala berotu zen hura. Eta berotu ere, jakina, Yolanda Barcinaren gobernuak murrizketak ezarri arau. Manifestazioak, elkarretaratzeak, protesta-ekintzak... eguneroko ogia bezala egin ziren, bai murrizketen eta ustelkeriaren aurka, bai langileen eskubideen alde, bai lantegiak ixtearen eta etxegabetzeen aurka, bai hauteskundeak egitearen alde. Barcinari berari aurpegiko irribarrea itzali zitzaion. Horrekin batera, alderdien artean zerabiltzan inkesta batzuen arabera, Nafarroan alimaleko aldaketa gerta zitekeen, hauteskundeak orduantxe egitera, sozialistak erroiztearen ondorioz. Gero, ordea, inkesta baten emaitzek erakutsi zuten sozialistek, indarra galduta ere, ez zutela hainbeste jarleku galduko, eta Izquierda-Ezkerra ez zela igoko. Erran nahi baita, Bilduk, Geroa Baik eta Izquierda-Ezkerrak ez zutela 26 eginen, eta, hori, jakina, guztiz funtsezkoa da Nafarrora zinezko aldaketa ekartzeko. Bertzela erranik, UPN eta PSN artean 26ra irits zitezkeela. Aukera hori izanik, sozialistek, zer erranik ez, betikoari eutsiko diote; gauzak bere horretan iraunarazteari, alegia.
Gero, behin uda hasita, parlamentua itxita, jai giroan, opor usainean, nekeza da nekeza denez plazara ateratzea eta, hori gutxi delakoan, Tuterako txupinazoa lehertzearekin batera, Barcinaren irribarre zabala eta algarak ikusi genituen, Auzitegi Gorenaren erabakiaren karira. Akabo eltzeko uraren borborra. Egun hartan luze eta zabal mintzatu ondoren, kukutua ibili da udako egun sargoritsuetan, ez da plazaz plaza ibili. Uda, ordea, akitzera doa, eta laster sasitik atera beharko du. Bitartean, Guardia Zibilaren txostena azaleratu da. Ikusteko dago behar adinako indarra ote duen eltzea berriz ere borborka hasteko.
Kike Díez de Ultzurrun (ARGIAn)
No hay comentarios:
Publicar un comentario