lunes, 2 de septiembre de 2013

ADIO, JEAN HATIRSCHELHAR, SEIGARREN MERINDADEKO EUSKALTZAIN NAFARRA

Luze eta zabal aipatzeko modukoak dira utzi berri gaituen Jean Haritschelharrek bere bizi ibilbide oparoan lortutako titulu, kargu, merezimendu eta errekonozimenduak, hala nola, Bordeleko Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Literatura katedra, Baionako Euskal Erakustokiko zuzendaritza, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Espainiako UNEDeko Doktore Honoris Causa tituluak, etab.
Hala ere, uste dut ez naizela batere oker ibiliko erraten badut bertze berezitasun aipagarri batzuen eraginez izan dela hagitz ezaguna eta gogoko Nafarroa Behereko Jean Haritschelhar gure artean ere, hemen Nafarroa Garaian. Euskaltzainburu izan zen urte luzeetan, batik bat, bisitari eta parte hartzaile izan genuen maiz aski Nafarroan, hiriburuan ez ezik erkidegoaren eremu luze-zabaleko herrietan ere, Luzaidetik edo Beratik hasita Lodosa edo Tuteraraino, harreman instituzionaletan, egitarau akademikoetan, ageriko ekitaldietan edota bertzelako bilera eta bisitatan. Planta ederreko gizon errespetagarria izateaz gainera, beti atsegin, irribarretsu eta gozo agertu izan zaigu Jean, jendearekiko hurbila eta agerraldi akademikoetan hizlari adierazkorra, entzuleen arreta erraz bereganatzea lortzen zuen komunikatzaile bikaina.
Mundu akademikoan entzute aitortua izan duen irakasle euskaltzaina, aldi berean, herriari lotua ikusi izan dugu, ez bakarrik bederatzi urtez bere sorterriko alkate edota bertze urte anitzez Pilotarien Biltzarreko kide eta zuzendari karguetan egona delako. Izan ere, euskaltzainburu izan zenean maisuki jakin izan zuen Akademia gizarte maila guztietan ordezkatzen, bai goi mailako herri aginteekiko harremanetan, bai herri eta jende xumeekikoetan ere.
Bere burua «izatez nafarra eta politikoki frantziar hiritarra» definitzen zuen Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiak, Nafarroako seigarren merindadeko Baigorrikoa zen, mugaz haraindiko eta honaindiko nafarrok, muga kontuak gaindituz, urtero udaberrian Nafarroaren eguna elkarrekin ospatzen dugun herrikoa, hain zuzen ere. Adio eta goian bego seigarren merindadeko euskaltzain nafarra!
Andres Iñigo, Nafarroako Euskaltzaindiaren ordezkaria

No hay comentarios: