Eskoriatzako Udala banderen legea betetzera behartu dute. Ondorioz,
udaletxeko balkoian eta pleno aretoan bandera espainola jarri beharko
dute. 2010. urtean iritsi zen denuntzia, eta eman ahal ziren pausu
guztiak eman ondoren, sententzia bete beharko dute hamar eguneko epean.
Beraz, datozen egunotan Eskoriatzako udaletxea bandera Espainola jarrita
ikusi ahal izango dugu, baina Espainiakoaz gain, Eskoriatzan bizi diren
beste 25 nazioetako banderak ere jarriko dituztela erabaki dute. Izan
ere, Eskoriatza herri anitza dela diote.
Bandera espainola Eskoriatzako udaletxean jartzeko prozesua 2010ean
hasi zen Estatuko Abokatuak denuntzia bat jarri eta gero. Legeak dio
erakunde publiko guztietan bandera espainola jarrita egon behar dela
balkoian eta barrualdeko leku preferente baten, pleno aretoan kasu, eta
Eskoriatzako Udalak hori ez duela betetzen esanaz eskutitz bat heldu
zitzaien udaletxera.
Ordutik hona gobernuko delegatuaren hainbat
eskutitz jaso dituzte udaletxean; lehenengo denuntziaren eskutitza, gero
sententzia, ondoren sententziaren errekerimendua, bigarren
errekerimendua, kontentziosora ere joan da eta orain amaitutzat ematen
da prozesua. Ondorioz, Eskoriatzako udaletxea behartuta ikusi da bandera
espainola jartzera, bestela Udalaren aurkako neurri zorrotzak aplika
daitezke. Hauxe esan digu Beñat Herce alkateak: “Eskoriatzako Udala hori
guztia ekiditzen saiatu da ez dagoelako batere ados eman den
sententziarekin, baina pausu guztiak emanda omen daude eta ez daukagu
beste biderik sententzia betetzea baino. Bestela, izango genituelako
ondorio ekonomikoak eta legea ez betetzeak ekarri ahal du baita ere
alkatearen inhabilitazioa”.
Hori ikusita, Eskoriatzako Udalak atzo
egindako ohiko osoko bilkuran erabaki zuen, gogoz kontra bada ere,
agindua betetzea; baina euren erara beteko dute. Alkateak esan zigun,
berak uste duela Eskoriatza herri inklusibo bat dela, herrian bertan
jaiotakoak eta hainbat naziotatik etorritako pertsonak ere bizi direla,
eta beraz, 10 eguneko epean Eskoriatzan bizi diren pertsonen
nazionalitate guztietako banderak jarriko dituzte balkoian. 2012
hasieran 26 nazionalitatetako eskoriatzarrak zituzten, eta beraz,
guztira 26 bandera jarriko dituzte, besteak beste, Argentinakoa,
Boliviakoa, Frantziakoa edota Japoniakoa. “Eskoriatzan bizi garen
pertsonon nazionalitate guztietako banderak jarriko ditugu; bai
kanpokoenak, bai ikurrina bera ere eta Eskoriatzako bandera ere jarriko
dugu. Horrela, legea betetzen dugu eta adierazten dugu Eskoriatza zein
herri anitza den eta udaletxea denon erakundea dela islatzen dugu”.
Kolorez jantziko da, beraz, egunotan Eskoriatzako udaletxea eta itxura
berezia hartuko du.
Herritarrendako deia
Bukatzeko,
alkateak jazarpena gogo biziz salatu zuen, baina era berean herritarrek
egoera hori aprobetxatu behar dutela azaldu zuen. Horregatik,
herritarrak gonbidatu nahi izan zituen sententzia horren aurkako jarrera
adieraztera, nork bere etxeko balkoian bere nazioko bandera eskegitzera
animatuz.
Alkatearen adierazpena oso-osorik
Eskoriatzako udaletxea banderen legea betetzera behartu dute
2010.
urtean Estatuko Abokatuak Eskoriatzako Udalari 39/1981eko legeak
xedatutakoa betetzea eskatu zion: hau da, Espainiako bandera
udaletxearen kanpoaldean eta pleno aretoan jartzea. Udalak, sententzia
horrekin ados egon ez denez, bi urte hauetan ez du eskatutakoa bete,
baina momentu honetan sententziak dioena derrigorrez bete beharra dago,
bete ezean udalaren aurkako neurri zorrotzak aplika daitezkeelako.
Banderen
jatorria Erdi Aroan bila dezakegu lurraldeek gudatan beren tropak
identifikatzeko erabiltzen zituzten estandarteetan. Mendeetan zehar
gizakiok harrotasunez erakutsi izan dugun ikurra izan da, gure
herritartasunaren adierazle gisa. Baina zenbat eta zenbat guda eratorri
dira lurralde bati bandera bat inposatu nahiagatik? Zenbat ezbehar eta
heriotza etorri da ikur hau aurkariaren etxean jarri nahi izateagatik?
Zenbat zoritxar herri bati nahi duen herritartasuna ukatzeagatik?
Gaur
egun XXI. mendean bizi gara, eta nork bere aberria zein den
erabakitzeko eskubidea izan behar du, inori zer eta nola sentitu behar
duen inposatu gabe. Euskaldunoi urte askotan ukatu zaigun
autodeterminazio eskubidea, alegia.
Gaur gertatzen ari dena,
eskoriatzarron eskubideen urraketa bat da. Beste herri batzuetan egin
duten bezala, Eskoriatzan ere, espainiar bandera gure udaletxean
jartzera behartu nahi gaituzte.
Honen aurrean, alkate naizen
honek, Eskoriatzako Udalaren izenean, egintza hau salatu nahi dut.
Zergatik behartu nahi dute Eskoriatzako Udala bandera espainola
jartzera? Zergatik horrelako neurriak, Espainiar estatuan ere hainbat
udaletxek lege hau betetzen ez badute? Katalunian hezkuntza
espainolizatu nahi duten bezala, Euskal Herrian gure erakundeak
espainolizatu nahi dituzte. Nork sortzen du eztabaida identitarioa? Guk
argi daukagu, gu euskaldunak gara, eta Euskal Herri libre eta
independente bat nahi dugu.
Tamalez, neurri honen kontra
Eskoriatzako Udalak egin zezakeen guztia egin du, baina ez du ondoriorik
izan, eta orain derrigorrez jarri beharko dugu espainiar bandera
udaletxeko balkoi nagusian eta pleno aretoan. Jarri ezean, multa
koertzitiboak (ekonomikoak) jasoko ditu udal honek eta alkate naizen
honen inhabilitazioa eskatu. Panorama honen aurrean Eskoriatzako Udalak,
gogoz kontra bada ere, sententzia betetzea erabaki du.
39/1981eko
Espainiako banderaren erabilera legeak, bere lehen artikuluan,
Espainiar banderak nazioa sinbolizatzen duela adierazten du.
Eskoriatzarren gehiengoak, aldiz, Euskal Herria sentitzen du bere
aberri, bere nazio. Baina gaur bizi dugun mundu globalizatu honetan,
bada urrutitik etorritako jende asko gure artean. Bada etorkizun hobeago
baten bila etorri denik, edota maitasunak behar dugu eta gaur egungo
egoerara egokitu.
Arrazoi horiengatik, Eskoriatza herri inklusiboa
dela aldarrikatu nahi dut. Eskoriatzako Udala eskoriatzar guztien
erakundea dela adierazi, betirako edo denbora baterako bertan bizi
garenon herria. Beraz, Eskoriatzako Udalak, 39/1981eko Banderen
Erabileraren Legea betetzeko Eskoriatzan gaur egun bizi diren
herritarren bandera guztiak jarriko ditu udaletxeko balkoian eta pleno
aretoan.
2012an hasieran 26 nazionalitateko eskoriatzarrak
dauzkagu, beraz, 26 bandera hauek jarriko dira: Argentina, Bolivia,
Brasil, Kolonbia, Kuba, Dominika, Txile, Ekuador, Dominikar Errepublika,
Honduras, Venezuela, Maroko, India, Japonia, Pakistan, Alemania,
Frantzia, Irlanda, Italia, Portugal, Herbehereak, Espainia, Eslovenia,
Errumania, Ukrainia eta nola ez, Euskal Herria. 26 nazio horiez gain,
Eskoriatzako bandera ere egongo da Udaletxeko balkoian eta Udal pleno
aretoan.
Bukatzeko, jazarpen hau gogo biziz salatu nahi dut, baina
era berean egoera hau aprobetxatu behar dugu. Horregatik, herritarrak
gonbidatu nahi ditut sententzia honen aurkako gure jarrera adieraztera,
nork bere etxeko balkoian bere nazioko bandera eskegitzera animatuz.
Bakoitzak berea eta euskaldunok, Ikurrina.
Amaia Txintxurreta, Goienan http://goiena.net/eskoriatza/
No hay comentarios:
Publicar un comentario