viernes, 24 de junio de 2011

LEKUNBERRIN ETA BAZTANEN EUSKARAREN ORDENANTZA. AURRERA GOAZ

Administrazioan Euskaraz taldeak Lekunberriko eta Baztango Udalak zoriondu nahi ditu, modu positiboan Euskararen Ordenantza onartu dutelako.

Larraungo udalerria nahiko euskalduna da. 1990.ean herri nagusia, Lekunberri, banandu zen. 15 kontzejuk eta beste lau gunek osatzen duten Larraungo bailarak 989 biztanle ditu INEren 2010eko datuen arabera. UEMA Mankomunitatearen barruan dago.

Lekunberrik 1.432 biztanle ditu INEren 2010eko datuen arabera. Hau da, inguruko herrien aldean nahiko handia da. Horrek erakarpen indarra eman izan dio beti. Herrian bertan gehiengoa euskalduna bada ere, inguru horretako herririk erdaldunduena ere bada. Beraz, nolabait gaztelaniaren aldeko ziri moduan jokatu izan du eskualdean.

Euskararen Ordenantza onartzeak (eta gero aplikatzeak) Lekunberriren papera aldatzeko balio behar du. Ordenantzaren gure balorazioa positiboa da: Langile berriak euskaldunak izanen dira (lanpostuaren hizkuntz eskakizunaren arabera); Udalaren menpeko sozietate eta erakundeetako langileek euskara jakin beharko dute eta kontratatutako enpresetakoek euskaraz zerbitzua emateko prestatuta egon behar dute; langileekin hizkuntza-plangintza aurreikusita dago Ordenantza bete ahal izateko; elebitasun normalizatzailearen alde agertzen da (hau da, euskara lehenesten duen elebitasuna); eta abar.

Ongi etorria, beraz, 2011ko apirilaren 28an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik indarrean dagoen Ordenantza honi.

Lau egun geroago, 2011ko maiatzaren 2an, Baztango Euskararen Ordenantza argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. 2011ko maiatzaren 17tik indarrean dago.

Baztanek 8.081 biztanle ditu, INEren 2010eko datuen arabera. Beraz, Nafarroan udalerri euskaldunik handiena da (% 77’1 euskalduna eta % 14’3 “ia euskalduna”, Nafarroako Gobernuak erabilitako definizioen arabera).

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak egindako hizkuntz politiken neurketaren arabera, hizkuntz politiken ezaugarri nagusia egoera soziolinguistikoaren araberakoa izatea zen, izaera eraldatzailerik gabe. Ez beti. Baztan zen salbuespena, modu negatiboan. 4’07ko nota eman zion.

Euskararen Ordenantzarik ez izatea zen hutsuneetako bat. Hemendik aurrera, nota hobea aterako du. Langile berriek euskara eta gaztelania menperatu beharko dute. Ordenantzaren irizpideak kontratatutako enpresei ere ezarri zaie. Ordenantza betetzeko prestatuta ez dauden langileentzat lanaldiaren murrizketak, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak barneratuko dituzten prestakuntzako planak aurreikusi ditu. Diru laguntzak euskararen erabilera lehenestearekin lotu ditu. Eskatzen baditu aholkularitza lanak, euskaraz edo elebidun aurkeztu beharko dizkiote.

Kontseiluaren nota hobetzeaz gain, “Baztan euskalduna baina UPNren aldekoa” aspaldi landutako topikoa desegina utzi beharko du Ordenantza honek.

Dena den, Euskararen Ordenantza onak izatea ez da aski. Aplikatu behar dira eta horretarako borondatea beharrezkoa da.

Adibidez, Baztanen, kargua utzi baino bi egun lehenago (2011ko ekainaren 9an) Nafarroa Baiko alkate andreak idazkari postua behin-behinean betetzeko deialdia atera zuen, euskara jakitea eskatu gabe eta meritu moduan % 2 puntuatuta. Horrela, euskara lan hizkuntza bihurtzeko helburua duen Euskararen Ordenantzak sinesgarritasuna galtzen du eta behar bezala garatzeko borondate gutxi erakusten da. Eskerrak Bilduko alkate berriak sartu bezain laster deialdi hori atzera bota duen eta udalbatza berriak postuaren profil euskalduna berehala onartu duen, Ordenantza behar bezala garatzeko!

2011ko ekainaren 23an.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA. Identifikazio Fiskalerako Kodea: G31836323.

Ordezkaria: Joseba Otano Villanueva.

No hay comentarios: