Pluja seca/Lluvia seca (Euri lehorra) dokumentalaren zuzendaria da gure solaskidea. Kataluniako TV3ren laguntzaz ekoiztutako lana da. Gorka Espiauk, gatazken ebazpenetan aritua, gatazken konponketetan diharduten nazioarteko bitartekariak bildu ditu dokumental honetan. Honetaz eta iragan berri diren udal eta foru hauteskundeen osteko giroaz egin dugu berba algortarrarekin.
Ipar Irlandan euri lehorra lurrintzen da azalean sartu aurretik, Euskal Herrian aldiz, zirimiriak blaitzen du gorputza. Horra zure dokumentala ilustratzen duen metafora.
Bai. Metaforak balio izan dit Hegoafrika, Irlanda eta Euskal Herriko lurralde ezberdinetako gatazkak lotzeko. Noski, metafora guztiak bezala, metafora honek ere ez dauka erabateko gaitasuna errealitatea osoro irudikatzeko. Halere, hiru lurraldeen arteko loturak azaltzea lortu dugu, baita ezberdintasunak ere. Metafora ez da hitz joko bat. Adibidez, Irlandak eta Euskal Herriak ez dutela zer ikusirik entzuteaz aspertuta nago. Argi dago egoera ezberdinak direla, testuinguruak ezberdinak direlako, baina kontua egoera bietatik ikastea da. Irlandarrak eta euskaldunok ezberdinak gara, ados, baina azken hamar urteetan gure arteko ezagutza handiagoa da harremanak ere sakonagoak direlako. Giza historia egoera ezberdinak aztertuz eta bakoitzetik ikaspen kritikoak eginez garatu da.
Zerk definitzen du Euskal Herriko gatazka politikoa? Zein dira bere ezaugarri bereizgarriak?
Ezaugarri asko daude, baina uneon elementu sinbolikoa azpimarratuko nuke. Munduan, gaur gaurkoz, gatazka etno-politikoak dira azpimarragarrienak, elementu etnografiko politikoek definitzen dituzten komunitateak dira gureak. Gure kasuan, ordea, egoera bestelakoa da. Gure gizarte anitzean elementu sinbolikoak dira inportanteenak. Eta, batzuetan, horregatik da hain zaila gatazka zer den azaltzea: elementu sinbolikoek, itxuraz, konpontzeko errazagoak dirudite, baina justu kontrakoa da. Elementu sinbolikoak negoziatzea eta horien gainean guztizko konponketa lortzea ia ezinezkoa da. Elementuak ukigarriak direnean “zuretzat zazpi eta niretzat lau” ebatzi dezakegu. Sinbologia ezin da zatikatu ordea. Gure kasuan hori da elementurik inportanteena.
Pluja seca Brian Currinen adierazpenekin hasten da eta berarekin bukatzen. Bere bitartekaritza lana da dokumentalaren ardatza beharbada.
Bai eta ez. Brian Currini buruzko dokumentala ez egiten saiatu gara, alegia. Hasieran arrisku hori ikusi genuen. Brian Currin hedabideetan dago sarritan, gauza oso inportanteak lortzen ari da eta erraza zen ildo horretatik joatea. Guretzat benetan garrantzitsua guk zabaldutako ildoari ekitea zen ordea. Paul Riosek dioenez, bitartekari –edo fazilitadore– asko aritu dira prozesuetan, eta ziur aski, batzuk Brian Currin baino hobeagoak izan dira, baina bera prozesuen une gakoetan egon da. Gurean bera da ezker abertzalean gatazka modu positiboan bideratzea lortu duena. Bere lanaz iritzi ezberdinak –positiboak eta negatiboak– izan arren, lan hori onartu eta eskertu behar zaio. Ezin dira azken bi urteotan izan diren aldaketak ulertu bere ekarpena kontuan hartu barik. Dokumentalean hori azaltzen saiatu gara. Eta horrek ez du esan nahi bere lan guztia hobesten dugula. Guk konstelazio konplexua den gatazken argazki globala atera nahi izan dugu.
Badago gatazka bat ebaztea nazioarteko bitartekarien lanik gabe?
Ziur aski, bai. Hipotesi bezala bai, baina prozesua aberastu ahal badugu horien esperientziarekin, zergatik ez egin? Gainera, gaurko munduan barruko eta kanpoko dinamikak ez dira duela hogei urteko berak. Uneon dena da lotuta. Euskal Herrian gertatzen dena Europako Parlamentuko batzordeekin lotuta dago, eta Espainian gertatzen dena mundu osoarekin ere bai. Gurean gertatzen dena barruko arazo bat dela esatea, joan den mendeko ikuspuntu eta iritzia da.
Zein da bitartekari on baten soslaia?
Harold Good apaiz protestanteak oso ondo azaltzen du hori dokumentalean: beraien lana Ipar Irlandan tea prestatzea izan zela dio, esparrua antolatzea jende ezberdinen arteko elkarrizketa posible egin ahal izateko. Horiek dira benetako bitartekariak. Eta ez zer egin behar den esatera datozenak, edo argazkian ateratzeko izugarrizko gogoa dutenak. Horiek askotan agertzen dira, aktore moduan agertu ere, arriskutsuak dira. Bitartekariaren xede nagusia baldintzak sortzea da, benetako protagonistak –eragileak– parez pare jartzea arazoa eztabaidatzeko.
Eragileak eragile, dokumentalean PPko Lepoldo Barredarena liteke nota “diskordanteena” akaso.
Bagenekien Barredak diskurtso horri eutsiko ziola, eta hori nahi genuen. Diskurtso hori gure gizartean dago, eta argi eta garbi azaltzea hobe. Gainera, sartu ditugun zatiak dokumentalaren tesiaren kontra doaz, eta hori beharrezkoa da, begirada zorrotz eta kritikoa. Bere ekarpena oso inportantea da, argi eta garbi agertzen delako PPren iritzia.
PSOEko Jose Antonio Pastorrena berriz?
Pastorren diskurtsoa anitzagoa da, zati ezberdinak ditu, batzuk gogorragoak beste batzuk baino, baina saiatu gara ez sinplifikatzen. PSOEren diskurtsoan badaude ere Barredaren iritziak, gure esfortzua alderdi sozialistaren ñabardurak sartzea izan da. Gustura geratu gara.
Ezker abertzalearenak dira nota berriak.
Bai. Ezker abertzalearen inguruan gauza bitxia gertatu zen. Rufi Etxeberriarekin grabatu genuenean, berak dioena Radio Euskadin esan zuen geroago. Eztabaida eta zalaparta zabaldu zen gizartean, eta guk ordurako egina genuen elkarrizketa. Bagenekien iritzia berria zela, grabatu genuenean “bonba” bat zen. Dokumentala plazaratu zenerako ezaguna zen. Ezker abertzalearen diskurtso berria Rufik esatea esanguratsua da. Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketetan izan baitzen Ginebran, baita Jonathan Powell ere. Biak ala biak dokumentalean azaltzea inportantea da.
Beste batzuk falta dira agian.
Bai, dokumentalari kritika egitekotan, ez daudenengatik da. Aralar, EA, EB eta Alternatibako ordezkariak ez egoteagatik, alegia. Baina hori dokumentalen arazoa da. Hau egiteko hamar elkarrizketa behar ziren, bestela arazoak izango genituela bagenekin. Halere, hogeitahiru elkarrizketa egin genuen. Iritzi inportanteenak nazioartekoak ziren, ez Euskal Herrikoak. Oreka lortzea oso zaila izan da, ziur aski, hori denborarekin ikusten duzu garbiago. Aralarrekoen lekukotasuna azalduta hobeto izango zen, ezker abertzalearen bilakaera ondo azaltzeko. Hori da nire arantza.
Dokumentala alde batera utziz. Zer egoera bizi du balizko bake prozesuak, udal eta foru hauteskundeen ostean? Nola eragiten du une honetako giro politikoak normalizazio prozesuan?
Hauteskundeek –ez bakarrik, baina batez ere hauteskundeek– islatu dute errege biluziaren istorioa. Hau da, azken urteetan gure herriaren kontakizunak fikziozkoa zirudien. Narrazioan erregea biluzik agertzen zen, erregea esatean herria esan nahi dut. Erregea biluzik zegoen eta inork ez zuen ezer esaten. Eta zerbait esaten bazenuen erradikala zinen. Alegia, biolentziarekin lotura zuzena islatzen zenuen. Inork ezin zuen erregea biluzik zegoela esan. Hauteskundeek islatu dute erregea erabat biluzik zegoela. Eta orain denok diogu: hara egia zen!
Denok...
ARGIA
No hay comentarios:
Publicar un comentario