viernes, 13 de agosto de 2010

NOR ETA.......PATXI AZKARATE

Igandean Tafallan; azken gau txoriak badoaz habira; goiz txoriak kantari. Eguna bero dator; baina bederatziak izanik, alde zaharreko freskura zoragarria da. Giro lasaia oso karriketan; haatik, "Tres de Bastos" -en inguruan mugimendua bada. Gaur Turrunbalekoen eguna da. Txistorra usaina zabalduz doa; gaita eta txistuaren soinu pizgarri eta alaiak leiho batzuk irekiarazten ditu, non adinekoren batek irribarretsu begiratzen duen; eta beste batzuk ixten ditu, ziur asko aditzen ez diren marmarren artean. Turrunbaleko "gaztetxoek" beren egun handia dute. Haiek ere txit irribarretsu. Aise antzematen da ondo lo egin dutela eta bart zintzo portatu zirela. Egunaz gozatu nahi dute eta, berrogeiak atzean utzita, derrigorrezkoa da bezperan deskantsatzea. Bestelako garaiak ziren lehengoak: gau pasa egin eta segi aurrera.
Banku batean, patxada osoz, Patxi eta biok berriketan. Berriketaldi luzetxoa, beraz, nola edo hala laburtu behar.

" Patxi Azkarate Beorlegi dira nire izen-deiturak; berrogeita zortzi urte dauzkat; Tafallan jaio eta Tafallan bizi naiz. Lanbidez nekazari nauzu". Ogibidez galdetzen diot. "Gauzak ez daude ongi: prezioak baxu; orain erregadioarekin inbertsio handiak egin beharko, zer jarri ez dakigu....; jende berri gutxi eta lehengo gehienak adinduak. Pentsa, azken boladan nekazari gazte bat bakarrik hasi da, "Cabricas" bat. "Etorkizuna ez da oso itxaropentsua: nagusiak beldur dira inbertsioak egiteko, ureztatze-sailak egokitu ahal izateko; eta ulertzekoa da. Egia da subentzioak badirela, baina lehendabizi inbertsio handia egin behar da; komentatzen da hektatea bakoitzeko lau mila euro jarri behar direla eta lur dezente izanez gero, pagatu beharrekoa itzela da".
Orain mahasti eta zekale zelaiez gainera, arto sail handiak ikusten direla komentatzen diot. Harrigarria da Tafallan artoa ikustea, ikuspegi berria, erabat. "Bai, bi urtetan hiru uzta jasotzen dira: lehenik babak jartzen dira, gero artoa eta ondoren garia. Bertzela ez da errentagarria. Dena dela, ez dakigu merezi izango duen, askoz gastu handiagoa egin behar duzulako. Hor dago koska. Kontuan hartu behar da hemengo lurra ez dela ureztatze-lurra, hau da, erregadiokoa, eta ongarri asko bota behar zaiola ez agortzeko. Hitz egiten da "robada" bakoitzeko, adibidez, laurogei kilo urea bota behar dela eta normalean hemezortzi botatzen dugu garirako. Ez hori bakarrik, traktore lana askoz handiagoa da, lan sakonagoa eta bereziagoa egin behar baita. Beraz etxean lasai eseri behar duzu eta kontuak atera ea merezi duen".
Bodegan ere aritzen da Patxi eta horko kontuak hizpidera ekartzen ditugu. "Tira....ardoa saltzen ari da, Europako iparraldean, bereziki Norvegian, Suedian...batez ere gorria. orain ere Poloniatik eskaera handia izan dugu. Hala ere, arazoak badira. Lehen baino ardo gutxiago edaten da. "Robada" asko kentzen ari da, baina oraindik ardoa sobera dago. Gainera bodega handiek beren mahastiak jarri dituzte (Marco Real-ekoek esate baterako, Santakaran lau mila "robada" ditu) eta dagoeneko ezin diegu gure ardoa saldu, hortaz, merkatu berriak bilatu behar ditugu, baina guk ez daukagu sare komertzialik eta merkatua bodega nagusien esku dago. Epe motzean ez da irtenbidea ikusten".
Patxi Sabaizan lanean ari zela, Legasako Indart anaiekin hasi zen belarria egiten eta soldaduska biziki probestu zuen euskaldunekin mintzatzeko. Behin Tafallara etorrita, AEKn izena eman eta urtebetean ikasi zuen. Erraz moldatzen da, inolako arazorik gabe. Izan ere, ahal duen guztiekin euskaraz mintzatzen baita. "Euskararen inguruan ez dago lehen zegoen giroa. Gero eta euskaldun gehiago dago, baina gero eta gutxiago entzuten da. Badirudi gauzak normalizatu direla, baina nik hainbertze euskera ez det aditzen".
Nola bizi zenituen lehen festak eta orain nola bizi dituzu?
Lehen topean eta orain poliki-poliki, egunez batez ere, baina primeran: egunero hamaiketakoa dugu, gero bermuta; zezenketara ez noa eta aprobetxatzen dut siesta egiteko. Ondoren dantzaldia gaiteroekin eta baldin badago afaria, ondo; eta ez badago, hobeki. Gauez ez naiz asko ateratzen. Afaria dugunean, "Tres de Bastos"-en egiten dugu eta gero Kale Nagusira agertzerakoan normalean giro gutxi ikusten da. Zera pentsatu ohi dut: "Hau zorte ona, aukera paregabea etxera joateko".
Entzierroak beti gustuko izan dituzu, ezta?
Oso. Pentsa ezazu, hamalau urterekin hasi nintzen entzierroan korrika egiten eta behin bakarrik egin dut nire bizitzan gau pasa, entzierroan behar bezala aritzeko.
Festak aldatu al dira?
Ez. Festek aukera ematen dute bakotzak nahi duena egiteko eta hala izaten jarraitzen du. Festek ez dute marko bat eta bakoitzak bere festa modua du, lehen bezala.
Zer da gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?
Karrika giroa, batez ere. Jendea nola elkartzen den; lagun zaharrekin topatzea...Hamalauko arratsaldea zoragarria da, niretzat oso-osoko polita da. Eta gutxien, deus ez. Pentsa, niri behin ere ez zait burutik pasa festetan Tafallatik joatea.
"Jota gogorra" festetan sortu zen?
Bai, bazegoen "Embudo" izeneko txaranga bat plazetan. Esan genien jota bat jotzeko eta Plazetan jarri ohi duten eszenatokian lehenengo jota gogorra bota genuen. Gero gau osoa eman genuen jota gogorrak kantatzen. Ondorengo urtetan oso famatua egin zen jota gogorraren ekitaldia. Gogoratzen naiz urte batean entzierriloa zegoela eta esan zigutela: "Bagoaz, baina gero jarraitu behar da, e!"
Festetako gertaeraren bat bereziki gogoratzen duzu?
Aguazon ibaian zehar joan zenean txaranga eta pankartarekin presatik zubira. Hura mundiala izan zen.
Festak aldatzeko ideiaren bat edo zerbait falta dela uste duzu?
Ez. Festak ez badira ukitzen, hobeki. Adibidez, Iruñean udala eskua gero eta gehiago sartzen ari da eta festek herrikoitasuna galtzen dute. Inportanteena bada kaleko giroa eta bakoitzak bere aukera izatea bere festak egiteko.
Zaki Iriso (La Voz de la Merindad)

No hay comentarios: