jueves, 7 de agosto de 2014

UZTARITZEN EUSKARA OFIZIAL IZENDATZEKO ERABAKIA EZEZTATU DU EPAILEAK

Uztaritzeko Herriko Etxeak ekainaren 27ko bilkuran erabaki zuen euskarari ofizialtasun estatusa ematea, frantsearen hein berean ezarriz. Herriko kontseilarien gehiengoak babestu zuen erabakia. Herriko 22 kontseilarik babestu zuten erabakia, eta lauk egin zuten aurka; hiru abstenitu ziren.

Baina Patrick Dallennes Baionako suprefetak berehala iragarri zuen guztiz legearen kontrako erabakia zela. Salaketa ezarri zuen herriko etxearen erabakiaren aurka. Hari jarraiki, Pierre Andre Durand prefetak ezarri zuen salaketa, uztailaren 25ean.

Atzo Paueko Auzitegi Administratiboak baliorik gabe utzi zuen herriko etxearen erabakia, behin-behinekoz. Epaileak iritzi dio prefetaren salaketak baduela funtsa, baina auziaren funtsa hobeto aztertu behar duela erran du. Salaketaren muina aztertzeko auzia hemendik bi hilabete ingurura egingo dutela azaldu diote herriko etxeko iturriek BERRIAri.

Epailearen behin-behineko erabakia aztertzen, eta aurkeztuko dituzten argudioak zehazten ari dira orain herriko etxeko ordezkariak. Nolanahi den ere, herriko etxeak euskara erabitlzeari ez diola utziko ziurtatu dute.

Hala azaldu dute onartutako testuan: "Kontuan harturik euskara gure herriko eta lurralde honi izena ematen dion hizkuntza dela baina euskaldunen hizkuntza eskubideak, gaur arte, ezagupen ofizialik gabe daudela, euskara herriko hizkuntza ofizial izendatzen du herriko biltzarrak, frantsesaren hein berean".

Bruno Karrere abertzalea da Uztaritzeko auzapeza. Martxoko udal bozetan bera zerrendaburu zuen Uztaritze Bai hautagaitzak lortu zuen boz gehien, eta 29 kontseilaritik 22 zerrenda abertzalekoak dira. Horrela, auzapez abertzalea duen Ipar Euskal Herriko herri handiena da. Hauteskundeetarako programan aurkeztu zuen euskarari ofizialtasuna emateko asmoa.

BERRIA