Zuzeuko erredakzioan ez dakigu gauza handirik ekonomiaren kontuei buruz, baina galdera batzuk egin ditugu euskal kutxek bat egitearen inguruan. Joseba Barandiaran ekonomilari eta zuzeulariak erantzun egin ditu ohi duen era zuzen eta argian iruzkinetan, eta guk sarrera bertara ekarri ditugu, lagungarri gertatuko delakoan. Horren ostean, Ander Arratibelek ere ekarri ditu berak, eta horiek ere jarri, guk.
•Izango al du EAEko kutxen bategite eta bankarizazio prozesuak Kutxako Asanblada Orokorraren babesa?
Joseba Barandiaran- Zaila da jakiten, baina apustu egin beharko banu, baietz esango nuke, babestuko dutela. Lehen ere estua izan zen bozketa eta alderdi sozialistak, berbarako, txanpainez ospatu zuen ezezkoaren garaipena, Iñaki Galdos eta beste zenbaiten haserrerako eta neronen harridurarako. Orain baietz bozkatzea nahitaezkoa dela esanka ariko dira. Horrenbeste aldatu ote da egoera azken bategite saialditik?
Ander Arratibel- Argi eta garbi: Botoak "erosten" ari dira inolako lotsarik gabe. Edozein gauza gerta daiteke, beraz.
•Ez bada fusioa onartzen, zer egingo du Kutxak?
JB- Bada Kutxa moduan jarraitu, epe laburrean. Lehiakide handiagoak izango ditu inguruan eta banku bihurtuta baino kapital eskakizun zorrotzagoak ere bai, hau da, negozio berari eusteko, banku batek baino kapital gehiago esijituko dio Espainiako legediak.
AA- Estatuko finantza erakunde onenen artean dago. Beraz, arazo handirik orain arteko bere ibilbidean jarraitzeko.
•Ba al dago bankarizazioaren aurrean fusiorako alternatiba hobeagorik?
JB- Bategitea hotza zein beroa izan (hau da, bategite beroa bihar-etzi edo gaur bertan burutu), dakidala ez dago B plan publiko, ezagun eta sinisgarririk.
AA- Hainbat urtetan, bankarizaziorik gabeko fusioa proposatu da. Bankarizazio hau, pentsatu eta ondo aztertu gabeko proposamena izan da, hilabete batetik bestera landutakoa.
•Nola berma dezake Kutxa Bankek urte batzuk barru ez duela irabazien funtzio soziala murriztuko?
JB- Gaur egun gertatzen den bezalaxe, irabazien zati bat banatu egingo du erakundeak. Kutxa Banken jabetza (edo partaidetza) mantentzen duen erakundeak (egungo kutxek, fundazio gisa edo), nahierara erabiliko ditu irabaziak. hau da, “funtzio soziala” zerk duen eta zerk ez, momentu bakoitzean zuzendaritzak erabakiko du. Benetako galdera da, nork eta nola erabakitzen duen zerk duen funtzio soziala, eta zerk ez. edo zerk duen lehentasuna, eta zer ez. gaur egun ere, galdera potoloak.
AA- Banku bihurtzen bada, ziurtzat jo dezakegu ez beste inbertsoreek, eta ez Espainiako Bankuak edo CNMVk, ez dute onartuko irabazien funtzio sozial hori mantentzea.
•Zenbat iraungo du burtsan lehiatu arte?
JB- Ikuskizun. Burtsara ateratzeak berak esan nahi duen bakarra da jabetzaren zati bat hirugarrenen esku jartzen dela (salduz). Jabetza (eta honi dagozkion eskubideak), besterik da kontrola. LaCaixa, esaterako, Nafarroako kutxa barnehartzen duen Banca Civica lez burtsan salerosten da. Ez da, a priori, deabrutu behar den aukera. Kutxa Bank burtsara aterako da baldin eta soilik baldin norbaitek dirua ordaintzen badu kutxaren bazkide/jabe izateko. Eta ate hori, Kutxa Bankek berak soilik zabaldu dezake.
AA- Ematen du BBKko Lehendakariak oso ondo aztertua duela zer egin nahi duen Burtsan, eta berehala egiteko asmo argia duela. Kutxako Lehendakariak, eta Araba eta Gipuzkoako agintari politikoek, dirudienez, Kutxen jabetza mantendu nahi dute, Burtsara joan gabe. Baina agintea, argi eta garbi, BBKren eskuetan egongo denez, susmatzen dut segituan sartuko dela Burtsara. Ez dut ulertzen nola esan daiteke, Josebak esan duen moduan, "Burtsara ateratzea ... Ez da, a priori, deabrutu behar den aukera". Horrelako zerbait dionak ez du ulertzen kapital merkatuen dinamika. Euskal Herria oso txikia da. Ez dugu ez giza oinarririk eta ez kapital oinarririk horrelako erakunde baten jabetza burtsan mantentzeko epe ertainera. Zer gertatu zen Banco de Bilbao-rekin? Zer gertatu zen Banco de Vizcya-rekin? Zer gertatu zen Bankoa-rekin? Ez da sorte on edo txarreko kontua. Akzioak jaulkitzearen ondoriozko prozesu naturala baizik. Gure Kutxak banku bihurtu ezkero, epe ertain edo luzera, nahitaezko kontua da kapitala gero eta gehiago diluitzea beste inbertsoreen artean.
•Nola mantenduko da bankua Euskal Herriko jabeen eskuetan?
JB- Burtsara ateratzen den jabetzaren zatia kontrolagaitza da, gaur hemengo baten eskuetan dago eta bihar auskalo noren eskuetan. Egungo jabeek kapitalaren %51 mantentzen duten artean soilik berma liteke hori. %100etik %51era, oraingoz, tarte zabala dago oso.
AA- Oker dago Joseba. Kapital merkatuaren funtzionamendua ez da horrelakoa. Kontrola ez da mantentzen %51rekin. Posible da kontrola mantentzea %10arekin, gainontzeko %90a oso banatuta badago. Eta posible da %51 baino gehiagorekin galtzea, Aurrezki Kutxen ordezkaritza bera banatuta dagoelako. %20rekin Banco de Santander edo BBVA sartzen badira, norekin aliatuko dira PSEk eta PPk izendatutako Kutxen ordezkariek? Ba, zalantzarik gabe, banku horiekin eta ez EAJrekiko ordezkariekin. Burtsara %20 atera ezkero, nahiz eta hasiera batean inbertsore txikien eskuetan utzi, kontrolaezina da hortik aurrera nork erosiko dituen akzio horiek. Bestaldetik: Gezurra da egun hauetan esan dena: %51hori ere ez da bermatzen oraingo proiektuan. Lotsagarria da zelako arduragabekeriarekin jokatzen ari dira gure agintari politikoak gai honetan. Gainera, argi eta garbi esan dute PP eta PSOEko agintariek "fusio hotzarena" behin behineko neurria baino ez dela. Italiako eredua jarraituz, behin banku bihurtuta, kutxen parte hartzea banku horietan gero eta txikiagoa izango da, Espainiako arauek derrigortuta.
•Zein paper jokatuko dute administrazio publikoek bankuaren kudeaketan?
JB- Euren kontrolpean mantentzen duten zatiaren jabe izango dira eta kudeaketan eragin ahalko dute, orain arte bezala, izendapenen bidez. Dena den, sakoneko eztabaidagaia da kutxa edo banku baten KUDEAKETA (ez jabetza), botere publikoek egin beharko luketen edo profesionalek. Espainiako aurrezki kutxen artean badira eragin politikoagatik egindako benetako astakerien adibideak. Nafarroakoa ere, hor nonbait. EAEko kutxek aldiz, itxuraz, hobe eutsi diote erabilera politikoaren arriskuari.
AA- Gero eta gutxiago, jakina. Egia da Espainiaren kasuan hainbat gehiegikeri gertatu dela erakunde publikoen partaidetza horiekin. Baina banku pribatuen kudeaketan ere, hainbat berregituraketa gertatu da orain urte batzuk, eta ez zen banku pribatuen eredua zalantzetan jarri. Horrelako argudioek ezjakintasun hutsa adierazten dute. Ez dakite Europa mailan guztiz onartua dela Aurrezki Kutxen eredua, eta, alderantziz, herrialde guztiak daudela banku pribatuen ereduen beldur. Haien egitura ekonomikoa babesten duten herrialdeek Aurrezki Kutxen egitura mantendu dute. Inolako zalantzarik gabe. Errespetu osoz, egiten ari diren azalpen horietan "aldeanismo espainiar" hutsa erakusten ari da. Ezjakintasun hutsa ere.
•Nola kudeatuko dira gizarte ekintzak epe ertainera?
JB- Gaur bezalaxe. banku edo kutxak lortutako mozkinen zati bat, dibidendua, gaur egun bezala izendatutako talde batek erabakiko du zertara bideratu. Mozkinak handiak badira, gizarte ekintza handiagoa izango da. Galerak badaude, ez da gizarte ekintzarik izanen.
AA- Banku moduan aritu ezkero, inbertsore berriek ez dute onartuko gizarte ekintzek aurrera jarraitzea, argi eta garbi.
•Euskal enpresa txiki eta ertainek babesa galduko al dute “bezero” soil bilakatuz?
JB- Euskal enpresa txiki eta ertainak, printzipioz, bezero soil dira eta zaila da sinisten babes berezirik dutenik kutxen aldetik. Kutxek zerbaitetan dirua jartzen dute baldin eta soilik baldin uste badute hortik etekina aterako dutela. Bankuek bezalaxe.
AA- Enpresa txiki eta ertainak babesten dituzten herrialde guztiek mantendu dute "sustraitutako" bankugintza: Aurrezki Kutxak eta Kreditu Kooperatibak. Enpresa txikiekiko hauen jokabidea eta bankuena zeharo ezberdina da. Eta epe luzera, Aurrezki Kutxak galtzea inolako hondamendia izango da gure ekonomi egiturarako.
•Kapitala nazioarteko inbertsoreen esku denean, nola mantendu atzerriko inbertsioak urruti eta etxeko proiektu estrategikoen alde egin apustu?
JB- Dirua jartzen duenak agintzen du. Bankuaren bazkide izateko nazioarteko inbertsoreengana jotzen bada, normala denez eurek euren interesak defendatuko dituzte. Etxeko proiektu estrategikoetan parte hartuko dute baldin eta errentagarritasun potentziala ikusten badiote. hori bai, politizazioaren arriskuak dira, berbarako, gaztela mantxan hango kutxak finantziatutako aireportua egitea. Bestelako jardueretan dirua jartzeko, kutxez gain, administrazio publikoak ere baditu bere baliabideak, aurrekontuak medio. Eta, a priori, aurrekontu horietatik ere bidera daiteke dirua kutxen/bankuen kapital gisa erabiltzeko.
AA- Josebak esan duen moduan: "Dirua jartzen duenak agintzen du. Bankuaren bazkide izateko nazioarteko inbertsoreengana jotzen bada, normala denez eurek euren interesak defendatuko dituzte". Besterik ez da behar proiektu honekin non sartzen ari garen ulertzeko.
zuzeu.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario