domingo, 10 de mayo de 2009

NAFARROAKO HIZKUNTZA POLITIKAK 20 URTE (1989-2009)

BERRIA egunkariak hiruna galdera luzatu die euskalgintzan diharduten bederatzi laguni. Honako hauek ziren galderak:

1 Azken hogei urteotan, non eman dira aurrerapausoak euskararen egoerari dagokionez? Eta non atzerapausoak?

2 Nafarroako gizartearen euskararekiko pertzepzioak, hobera egin du? Okerrera?

3 Arduraren bat bazenu, zein litzateke hartuko zenukeen lehen neurria?

Azken hogei urteotan gizarteak eman duen bultzada nabarmendu dute, eta administrazioaren jarrera murriztailea deitoratu.

Hona hemen erantzunak:
Iñaki Lasa (Kontseilua):
1. Euskararen aldeko herri mugimenduaren bizitasunak, konpromisoak, irudimenak eta, oro har, mugimenduaren lanak ekarri ditu gaur aurrerapausotzat jo daitezkeenak. Azken 20 urteotako elementu positiborik nabarmenena da helduen euskalduntzean, hezkuntza alorrean, hedabideen munduan eta, oro har, euskararen sustatze lanetan milaka herritarrek lan eta neke handiz egin duten lan eskerga. Txanponaren beste aldean, ordea, hizkuntza politika eta corpus juridikoa kokatu behar ditugu. Zaila da, oso, baldintza hauetan lan egitea. Ez dugu inoiz ezagutu euskararen normalizazioa nolabaiteko tinkotasunez bultzatu nahi izan duen Gobernurik, eta, kasurik hoberenean, laissez-faire politika neurtua aplikatu dute. Aurrerapausoak ematen ez uztea da atzerapausorik handiena.
2. Vascuencearen Legearen emaitzarik nabarmenena da nafar gizartearen zatiketa hizkuntza alorrean. Zonifikazioak eraginda, une honetan pertzepzio desberdinak daudela aitortu beharra dago. Euskara ikusiezin bihurtu dute Nafarroako alde handi batean, eta horrek herritarren pertzepzioan eragin du; nagusiki, lurraldeko hegoaldean. Nafarroaren erdialdean eta iparraldean, ordea, euskarak aldekotasun gehiago sortzen du kontrakotasunak baino. Iruñerrian, gure ustez, hobera egin du.
3. Euskararen normalizazioari kalte ikaragarria egin dion Vascuencearen Legea aldatuko nuke. Bigarrenik, epe eta helburu zehatzak dituen hizkuntza politika ezarriko nuke, estuki koordinatua administrazio nagusia eta toki administrazioaren artean, Euskalgintzarekin ere estuki koordinatua, gizarte sektore eta sail artekoa, baliabidez ongi hornitua, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzera bideratutakoa.

Iulen Urbiola (Euskara Kultur Elkargoa):
1. Nafarroan, aurrerapausoak gizartean eman dira: ezagutzan eta erabilpenean batik bat. Atzerapausoak, berriz, euskararen inguruko legedian eta, ondorioz, erakunde publikoen babesean eman dira: 372/00 eta 29/03 foru dekretuek, egun batetik bestera, eremu mistotik euskararen presentzia publikoa ezabatu zuten.
2. Nafarroako gizartea ez da homogeneoa eta gizarte sektore batetik mehatxuak eta oztopoak ere sortu dira. Orain dela 25 urte, Nafarroako gizarteak euskara nafar guztion altxorra zela ikusten zuen normaltasunez. Gaur egun berriz, gizartearen sektore batek euskara inposizio gisara ikusten du.
3. Nafar legebiltzarrean dagoen indar politikoen korrelazioa jakin beharko genuke, legearen aldaketak legebiltzarkideen gehiengo absolutua eskatzen baitu. Hala ere, premiazko da aurrekontuak handitzea eta administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen dekretu forala deuseztatzea.

Inma Errea (Kazetaria):
1. Hezkuntzan aurreratu da gehien, bai eta zertxobait ere komunikabideetan. Oro har, aurrerapausoak gizarte eragile euskaldun eta euskaltzaleei esker eman dira. Atzerapen nabarmenena, euskaldunek, euskararen hiztun gisa, eta euskal kulturak Nafarroako gizartean duten presentzian gertatu da. Erakunde ofizialek oihartzuna murriztea lortu dute, Nafarroan euskal kulturarik existituko ez balitz bezala jokatuz.
2. Uste dut ez duela egin hobera. Inpresioa dut euskal kultura eta euskara kontu bitxiak izanen balira bezala ikusten dituztela nafar askok.
3. Justizia eta berdintasun printzipioak aplikatuko nituzke hezkuntzan, komunikabideetan, administrazioan eta halakoetan. Kenduko nituzke euskaraz ikasteko paratzen dituzten oztopoak, aukera berdinak emanez gaztelaniaz edo euskaraz ikasi nahi dutenei, Nafarroa osoan.

Mikel Bujanda(Euskalerria Irratia):
1. Pauso txikika ari gara. Lorpenik handiena eustea da, irautea. Oraindik ere bada euskaldun izaten jarraitu nahi duen jende multzoa, eta bizi garen garaietan ez da gutxi. Harrigarria da; pentsatzen jarrita, miresgarria. Atzera ez dut uste egin dugunik, baina atzean gaude, nahi eta behar baino atzerago, motz, Nafarroan eta bereziki Iruñerrian gutxi garelako, euskaldunon komunitateak irautea ziurtatua izateko masa kritikoa oraino eratu ez dugulako.
2. Ez zait iruditzen hobera egin duenik. Okerrera, oro har, nik uste. Botere politiko-ekonomiko-mediatikotik, elite batek, txikia bezain gaiztoa, gizartearen sektore gehiagotara hedatzen asmatu du euren etsaigoa. Erraz egin ahal izan dute: euskal tributik maiz eskaini diegu geuri jipoia astintzeko balio izan dien makilaren kirtena. Formulazio okerrak, mehatxukorrak, sarri eginez, euskara aldarrikagailu bihurtuz, edo are okerrago, euskara bestelako aldarrikapen batzuetarako aitzakia gisa erabiliz.
3. Batere dirurik behar ez duen zera: boterearen pulpitua eta bozgorailua baliatuz, esker oneko mezua zabaldu Nafarroan euskarari eutsi dioten guztiei. Nafarroako agintaritzatik halakorik egitea iraultzailea litzateke hainbesteko mesprezu eta gutxiespenen ondotik.

Paula Kasares (NUPen irakasle eta NaBaiko parlamentarioa):
1. Egin den aurrerapausorik aipagarriena Nafarroako toki entitate anitz euskara zerbitzuez hornitzea izan da. Dena dela, HPZNren ibilbidean bi garai bereizten ditut: batak HPZNren sorreratik hurrengo hamar urteak -1989tik 1999 bitartean- hartuko lituzke; eta bertzeak, 1999 ondoko urteak. Bi hamarkada horiek Nafarroako Gobernuak euskararekiko izan dituen bi jarrera erakusten dituzte: lehena, euskararen nolabaiteko sustapenekoa, epela eta mugatua izan bazen ere; bigarrena, euskararen erabilera soziala murriztera zuzendua.
2. Inkesten emaitzei erreparatuta, azken hogei urteotan nafarren euskararekiko jarrera kontrakoak txikitu dira, eta, aldiz, handitu euskararen aldekoak. Eta hori gertatu da Pedro Pegenautek zuzendaritza hartu zuenetik, euskararen diskurtso instituzionalak euskarak irabaziak zituen balioak banan bana hustera jo bazuen ere. Diskurtso horrek bi xede nagusi izan zituen: bat, euskararako motibazio pragmatikoa ahultzea; eta bi, euskararako motibazio identitariorako lekurik ez uztea. Diskurtso hori gorabehera, Nafarroako gizarteak euskararekiko duen pertzepzioa ez omen da makurtu, baina kezkatzekoa da nafarren heren bat Nafarroako hizkuntza bat sustatzearen kontrakoa izatea.
3. Lau, ezinbertzez: 1) Nafarren euskararako eskubidea murrizten duen araudia indargabetu; 2) Herritarren eskaerari erantzun, eskolatzeko aukeran adibidez, Nafarroa osoan, nonahi; 3) Euskarak erabilera sozial handia duen guneetan hizkuntzaren bizitasunari eusteko plan osoa prestatu; eta 4) Euskara nafarron komunikazio tresna eta nortasun ardatz gisa duintzeko komunikazio estrategia instituzionala abian paratu Nafarroa osoan.

Andres Iñigo(Euskaltzaindia):
1. 1986ko Euskararen Legeak erabat mugatua, neurtua eta markatua utzi zuen euskara sustatzeko eta garatzeko plaza. Joko arauak ere -hots, euskararen hizkuntza politika-, Gobernuan dagoen alderdiak antolatzen ditu. Arauak malguak izan direnean aurrerapausoak argi nabaritu dira, besteak beste irakaskuntzan, D ereduaren eskutik etorri direnak. Baina Gobernuak jokoaren arauak estutu dituenean, atzerapausoak berehala nabaritu dira, komunikabideetan batik bat, eta, oro har, euskaraz bizitzeko.
2. Hogei urteotan euskarak hobera egin duela ezin ukatu, oraingo eta orain dela hogei urteko euskal hiztunen kopurua konparatzen badugu. Aldi berean, ordea, okerrera egiten ari da, euskara dakitenen eta euskaraz bizi nahi dutenen hizkuntza eskubideak babesteko baliabideak murrizten hasten diren neurrian, edota alde batera uzten.
3. Euskararen garapenerako zirrikitu guztiak aprobetxatzen saiatuko nintzateke, eta, ahal den neurrian, joko arauak hobetzeko proposamenak egiten. Nafar guztiak plaza berean sartzen saiatuko nintzateke, euskararen plazan jolastu nahi duten guztiei sarrera eta aukera bera ematen, nafar guztien ondarea dena nafar guztien eskura jartzen.

Sagrario Aleman (IKA):
1. Hizkuntza Politika ez zen hutsetik hasi 1989an. Aurretik zegoen mugimendua ofizialtzera etorri zen nolabait. Baina garbi dago ez dela egon borondaterik ofizialtasunaren alde lan egiteko, eta hor egon da atzerapausorik handiena. Aurrerapausoak, berriz, zabaltzearekin lotuta daude. Jende gehiagok ezagutzen du hizkuntza, ikasi, alfabetatu egin da, eta hiritartu egin da, nolabait esanda. Jendeak orain bereizi egiten du hizkuntza.
2. Jendea ohartu da hemengoa dela euskara, eta balio duela hitz egiteko eta komunikatzeko, nonahi. Normaltzat hartzen da, batez ere Iruñerrian. Idazle kopurua ere handitu da, komunikabideen presentzia ere bai. Kontrako posturak ere indartu egin dira, ordea. Batez ere administrazioan.
3. Ikasteko erraztasunik ez dago. ez eskola aroan, ez gero. D eredua zabaltzeko zaila da, eta helduen alfabetatzeak ere ez ditu erraztasunak. Ez zaio aukerarik ematen jendeari.

Paul Bilbao (Behatokia):
1. Gizarte eragileek zuzenean parte hartu izan duten alorretan eman dira aurrerapausorik handienak. Atzerapausoa, aldiz, administrazioaren hizkuntza-politika bera izan da; gero eta ageriagoko bereizkeria zein gutxiagotze instituzionala helburu izan duen politika.
2. Zonifikazioak berak eragindako zatiketak eragina izan du herritarren pertzepzioarekiko. Nafarroan aplikatu den hizkuntza-politikaren ondorioetako bat izan da hainbat herritarrentzat euskara elementu arrotza izatea. Hala ere, instituzioek euskararen irudi gatazkatsua zabaldu nahi izan duten arren, datuek ez dute horrelakorik erakusten.
3. Euskarari estatus ofiziala esleitu beharko litzaioke lurralde osoan. Eskubideen aldarrikapenerako eta horiek berma ditzatela eskatzeko lehen heldulekua litzateke. Hala ere, beste lurraldeetako eskarmentuak erakutsi digu hori ez dela nahikoa.

Aingeru Epaltza (idazlea):
1. Bi fase bereizten dira nabarmen. Lehenbizikoa, 1989tik 2001era bitartekoa eta bigarrena 2001etik aitzinakoa. Lehenbizikoan aurrerapauso nabarmenak eman dira; bigarrenean, gibelka egin da hainbat arlotan. Lehen fase horretan posible izan zen euskararen aldeko politika eraginkorra egitea legeriaren tabua ukitu gabe eta zalaparta handiegirik atera gabe. Lanaren eraginkortasunaz ohartzen hasi ginen Sanzek kontraerreformari ekin zionean, lorpen horietariko batzuk desagertzen ikusi ditugularik. Oraindik gutxienekoetara ailegatu gabeak baginen, hagitzez urrunago ditugu orain gutxieneko horiek. Kolpe psikologiko horretatik ez gara oraino errekuperatu. Nafarroan, euskalgintza, gizarte mugimendu gisa, erreka joa dago, eta bizitasun pixka bat erakusten duen atala lelo eta jarduera zaharkitu, desmobilizatzaile eta jende-uxatzaileak errepikatzera mugatzen da gehienbat.
2. Nire irudipena da jende neutroen kopurua apaldu dela eta hazi, berriz, kontrakoena. Aldekoena ere bai, omen.
3.Legearen erreforma-eta bigarren epe baterako utziko nituzke. Euskarazko errotulazioa eta txarteldegia berreskuratu behar litzateke, eta diru laguntza eta sustapen politika berria abiarazi kulturan eta hedabideetan, euskararen balorazioa ahantzi gabe administrazioko lanpostuetan. Saiatuko nintzateke Iruñerriko eskaintza handitzen 0-3 zikloan, eta Unibertsitatean eskua sartzen.

No hay comentarios: