martes, 5 de mayo de 2009

ANTZEZTUZ IKASI DUTE EUSKARA

Tafallako Marques de la Real Defensa ikastetxe publikoko A ereduko ikasleek Zugarramurdiko sorginak antzezlana taularatu zuten Tafallako Kultur Etxean pasaden astean. Ikastetxean urtero egiten duten moduan euskara hutsean landuriko antzezlana prestatu zuten ikasleek. Aurten ordea ikastetxetik kanpora egin du salto an-tzezlanak, herritarren aurrean antzeztera helduz.

Maribel Andueza, Fermintxo Sanchez eta Lide Celestino irakasleek gidaturik seigarren mailako ikasleak eurak izan ziren antzezlaneko gaia proposatu eta aukeratu zutenak, "besteetan haurrentzako ipuinak antzezten zituzten, baina, aurten, bertan izan zirelako edo, Zugarramurdiko sorginekin loturiko zerbait egin nahi zuten", azaldu zuen Fermintxo Sanchez Marques de la Real Defensa ikastetxeko irakasleak.

Behin gaia hautatuta irakasleek beraiek prestatu zuten 12 ikasleak kontuan hartzen dituen gidoia, "ikasle bakoitzaren nortasuna kontuan harturik pertsonaia bat sortu nuen bakoitzarentzat", azaldu zuen Sanchezek.

Gidoia esku artean izanik hiru hilabete luze egin zituzten entseguetan, eta ikastetxean bertan nahiz Garces de los Fayos, Tafallako Ikastolan, lana antzeztu ondoren Kultur Etxeko taulagainera igo ziren ikasleak. Yaisa Herrera, Arantxa Lorea, Odei de Esteban, Asier Martinez, Alba Lorente, Leire Valencia, Marina Aguerri, Sandra Muñoz, Lorena Garcia, Fran Hernández, Cristina Ruiz eta Leire Tanko izan ziren leizeetako sorginen istorioa antzezteaz arduratu zirenak.

A ereduko ikasleak izanik eta euskara ikasgai bakarrean astean lau orduz lantzen dutela jakinik ikasleek euskarazko antzezlana buruz ikasteko eginiko esfortzua nabarmendu zuen Fermintxo Sanchezek, "ahalegin handia egin dute guztia buruz ikasten eta oso motibatuta egin dute lan hasieratik". Antzezlan honen inguruan, gainera, lan didaktikoa burutu dute ikasgelan ikasi beharreko gidoiko hitz eta aditzen inguruko azterketak eginez. "AEK-ak 1985ean asmaturiko Kulturgintza metodologian oinarritu gara lana aurrera eramateko. Metodo horrekin kultur ekintzen bidiez ikastera bultzatu nahi da", gaineratu zuen irakasleak. Modu horretara ikasleekZugarramurdko sorginak izeneko antzezlaneko pertsonaien barnean sartuz ikasi dute hizkuntza, "amaieran aldaketak egin dituzte eta beraien kabuz hitz berriak sartuz joan dira", azaldu zuen Sanchezek.

Seigarren mailako ikasleeak izan ziren pertsonaiei bizia emateko protagonista nagusiak baina beraiez gain beste mailetako ikasleek ere parte hartu zuten lana prestatzerakoan. Hala laugarren eta bosgarren mailako ikasleek osatu zituzten an-tzezlaneko kartel eta atrezoak.

Tafallako Kultur Etxean aurkeztu zuten azkenekoz Zugarramurdiko sorginak izeneko antzezlana eta erabakitzeko dute oraindik beste tokiren batean antzezlana aurkeztuko duten ala ez.
Diario de Noticias

No hay comentarios: