Eskola batzuek neskak eta mutilak banatu arren diru-laguntzak jasotzen dituztela-eta puri-purian jarri da eskola segregatuaren gaia. Eskola mistoaren edo bereiziaren aldeko eta kontrako eztabaida baino gehiago izan da, hala ere, dirua eman-ez eman tirabira. Euskal Herrian zortzi ikastetxe dira neskak eta mutilak bereizita hartzen dituztenak, denak Opus Deirenak. Irakaskuntzako hainbat eragilek eskatu du diru-laguntzak kentzea. Espainiako Estatuan erkidegoen esku geratu da erabakia. Oraingoz Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dirua jasotzen segiko dute. Guk dakigula Iparraldean ez da halako eskolarik.
Diru kontuak beti dira inportante, baina irakaskuntza eredua aukeratzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Zergatik egin eskola mistoaren alde? Zergatik bereiziaren alde?
Gaia oso konplexua dela iritzita, telefonoa hartu dugu mila eta bat argumentazio entzungo dugulakoan: “Ez daukagu inor horretan aritzen denik. Bigarren mailako gaia da, guk ez dugu zalantzarik, eskola mistoa eta kito. Gizartean emakume eta gizon batera bizi dira, bada eskolan ere neska-mutilak elkarrekin”. Irakaskuntzako hainbat eragileren erantzuna.
Ezin du hain erraza izan. Munduan zehar, herrialde garatutzat ditugunetan, Ingalaterran, Australian, Alemanian, Suedian, Amerikako Estatu Batuetan eta Kanadan, esate baterako, gero eta gehiago dira eskola segregatuak. Eskola mistoaren alde sutsuki borrokatu zuen hainbat feminista bereizketaren alde hasi da hitz egiten. Neskak eta mutilak banatzen baditugu atzeraka ari al gara?
Heziketa segregatuaren aldekoen argumentu nabarmenena horixe da: bereizita emaitza akademiko hobeak dituzte, bai neskek bai mutilek. Heldutasun psikologiko eta biologikora iristeko erritmoak desberdinak direla argudiatzen dute segregatuaren aldekoek, mutilak beti arrastaka dabiltza, nesken atzetik. Horra hor mutilen eskola porrotaren arrazoietako bat. Mutilen autoestimuak behera egiten du etengabe. Neskek, bakarrik arituz gero, azkarrago egingo dute aurrera ikasketetan. Arrazoi gehiago ere badituzte segregatuaren aldekoek. Eskola mistoak ez du lortu generoen arteko berdintasuna, sexuen arteko borrokak ikasgeletan segitzen du, genero bortizkeriak hor jarraitzen du.
Eskola mistoaren aldekoek ez dute zalantzarik: ikastetxeko atea irekitakoan haurrek egokitu zaien munduan bizi behar dute eta mundu horretan emakumeak eta gizonak batera bizi dira. Gizarte horretan bizitzeko prestatu behar dira, elkarbizitzarako. Gizartean apurtuta dagoen genero oreka, berdintasuna, eskolan lortzen saiatu behar da. Denek izango dituzte aukera berak, neskek eta mutilek, ikasgaiak aukeratzerakoan, unibertsitaterako ametsak egiterakoan, lanbidea hautatzerakoan. Hain justu eskolak lagundu behar du gizarteko generozko estereotipoak puskatzen. Eta emaitza akademiko hobeak lortzen dituztela neskek eta mutilek bereizita? Izan liteke, nahiz eta ikerketa horien zientifikotasuna zalantzan jartzekoa den. Emaitzak hobeak balira ere eskola mistoak ez du lehentasuna horretan; elkarbizitza da helburu, ez nota bikaineko ikasleak izatea.
Amaia Zubieta Stee-Eilas sindikatuko Nafarroako Emakumeen Idazkaritzako arduraduna da. Duela bi urte arte izan da irakasle. Eskola segregatuei ematen zaizkien diru-laguntzak medio sortu den eztabaida dela-eta, Opus Deiko ikastetxeetako zuzendariekin hitz egitea egokitu zaio aspaldion. Oso ondo ezagutzen ditu haien argumentuak: “Emaitza akademiko hobeak lortzen direla bereizita. Arrazoi hori politikoki zuzena da eta era berean gurasoentzako amua. Nafarroako eskola bereizi guztiak Opus Deirenak dira eta haien webguneetan begiratu besterik ez dago. Lehen hurbilketan jada genero estereotipoak garatzen dituztela ikusiko dugu: neskak bata arrosarekin, mutilak kirol jantziekin. Noski, hori ez da politikoki zuzena”. Amaia Zubieta ez du harritzen eskola horiek emaitza akademiko hobeak lortzeak, baldintzak ere halakoxeak baitira: “Arrakasta dutela? Hori tranpa da! Eskola publikoan batera dituzu etorkinak, gaitasun urrikoak, maila sozio-ekonomiko altukoak, baxukoak... Eskola pribatu horietan azkarrenak, maila sozio-ekonomiko altuenetakoak bildu dituzte, eta azkar doaz, noski!”. Alegia, emaitza hobeak dituztela ez neskak eta mutilak banatu dituztelako, baizik eta eliteko eskolak direlako.
Europakoak diren bezala. Gero eta ikastetxe gehiagok banatzen ditu neska-mutilak, Zubietaren ustez hein batean Ingalaterrako kultura anglosaxoia errepikatuz: eredu hierarkikoa non piramidearen puntan diren gizon zuri anglosaxoia eta emakume zuri anglosaxoia. “Ikuspegi feminista izan liteke emakumeak askeagoak, independenteagoak eta jakinduria gehiagokoak izatea, baina goi mailako emakumeez ari dira, goi mailako gizonaren parera iristeko ahaleginean”.
Artikuluaren hasieran esan dugu irakaskuntzako hainbat eragilerekin hitz egin dugula eta gehienek adierazi digutela bigarren mailakotzat dutela gai hau. Eskola mistoa da neska-mutilen arteko berdintasuna lortzeko bidea. Alabaina, eragile berberek aitortu digute berdintasuna urrun dagoela, genero bortizkeria ikasgeletan dagoela, neska-mutilen arteko desorekak eta ezinulertuak egunerokoak direla. Ez da nahikoa ikasgelan elkarren ondoan esertzea, propio landu behar da gaia: hezkidetza edo koedukazioa deitzen zaio horri. Eta irakaskuntzako eragileek aitortu dute ez dagoela berdintasuna lortzeko plan sistematikorik, ez behintzat Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Hezkidetza teorian bai, baina praktikan irakasleen borondatea eta instituzioen akzio puntualak daude. Amaia Zubietak onartu du koheziketa ez dela bermatzen: “Ados nago. Baina bereizita bai ez dela inoiz izango koheziketarik. Orduan bai ez dagoela baldintza egokirik. Intentzionalitate pedagogikoa behar da berdintasunerantz urratsak emateko. Nola lortu berdintasuna besteak ezagutzen ez badituzu? Segregatuaren aldekoek diote eskubide berberak dituztela denek eta horretan saiatzen direla, baina ikasleek eskolan gizarteko errealitatea ez dute ezagutzen eta berdintasunaren aurkako presio soziala handia da”.
Marije Apodaka psikologoa da eta hezkidetzan aritua. Neskak eta mutilak norbere generoan harrapatuta sentitu ditu ikasgeletan eta berdintasunerako bidaian hainbat tailer bereizita egitea erabaki zuen. Espazio banatuetan askeago, lasaiago sentitu ditu neskak zein mutilak, norbera ezagutzeko pausoak ematen. Helburua ez da neska-mutilak bereizita heztea, elkarrekin aritzera heltzeko abiapuntua baino ez da banaketa.
Atzo goizeko kontua da eskola segregatuena, zuetako askok ikasiko zuten neskak neskekin eta mutilek mutilekin. Neskek kakorratz-lanak eta gurutze puntua ikasi zenituzten, mutilak berriz geometrian trebatuko zineten. Hurrengo belaunaldiari munduko gauzarik arruntena egin zaigu neska-mutilak batera ikastea, eskola curriculum bera izatea. Aurrerapausoak handiak izan dira, baina, agian, batzuek amestu baino txikiagoak. Generoen arteko ezjakintasunak, errespetu faltak, estereotipo errepikatuek, gu eta besteak-en erreprodukzioak... ikasgeletan jarraitzen dute.
Onintza Irureta (Argian)
No hay comentarios:
Publicar un comentario