martes, 12 de mayo de 2015

IRUÑERRIAN KANPEZUTIK ARI DIRA JASOTZEN LTD.KO ETBREN SEINALEA

2009ko uztailaren 3a zen. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak protokolo bat sinatu zuten, Nafarroan ETB LTD bidez ikus zedin errazteko. Ia sei urte joan dira ordutik, eta UPNren gobernuak trabak baino ez ditu jarri. Nafarroako Parlamentuak makina bat mozio onartu du aferari irtenbidea emateko eskatzeko. Baina alferrik. Iruñerrian, baina, orain bada modu bat LTD bidez ETBko lau kanalak ikusi ahal izateko: antenistari deitu, aurreanplifikadore bat egokitu eta antena Kanpezura (Araba) begira jartzea. ETBk Kanpezuko Ioarreko emisorea Iruñera begira jarria du, eta nahiz eta bidean 76 kilometro dauden, seinalea iristen da Iruñerrira.

Anesitel Nafarroako telekomunikazio zerbitzuen eta enpresarien elkarteko idazkari Pedro Munarrizek adierazi duenez, Iruñerriko toki guztietara seinalea ez da berdin iristen. «Toki batzuetara besteetara baino hobeto iristen da. Baina etxe askotan ETBko lau kateak oso ondo ikusten dira. Nafarroan, jende guztiak ikusi nahi du ETB», gaineratu du.

Antenisten elkarteko idazkariaren arabera, azkeneko hilabeteetan buru-belarri ibili dira dibidendu digitalaren ondorioz egin beharreko antenen egokitzapenekin. «Baina behin hori amaitu ostean, azkenaldian komunitateen dei dezente jasotzen ari gara ETBren lau kanalak LTD bidez ikusteko eskatzeko». Komunitate bakoitzarentzat kostua 200-250 euro inguru da.

Munarrizek ohartarazi du jarritako aurreanplifikadorea behin-behineko konponbide bat dela ETBko lau kateak ikusteko. «Baina gobernu berri batek onartzen badu ETBko seinalea Ezkabako edo Higako antenetatik igortzea, egindako 200 euro inguruko inbertsio horrek eta aurreanplifikadoreak ez lukete balioko».

Antenisten elkarteko ordezkariak, bestalde, nabarmendu du hainbat udalerritan hedagailuak dituztela jarriak eremu zehatzetan ETB jaso ahal izateko, adibidez, Eugin.

Azkeneko urteetan, gorabehera ugari izan dira Iruñerrian, ETB LTD bidez jasotzeko aferan. 2012ko urtarrilean, EAko militanteen diruarekin, hedagailu bat jarri zuten Erreniegan, eta, horri esker, bi hilabetez herritarrek ETB1 eta ETB2 ikusteko aukera izan zuten. Laster egin zuten aurka UPNk eta PPk. Bi hilabetera, Guardia Zibilak hedagailua deskonektatu eta zigilatu zuen. 2013ko abenduan, EITBk iragarri zuen Erreniegako eta Ezkabako seinalea digitalizatuko zuela. UPNk «legez kanpokotzat» jo zuen, eta ETBk atzera egin zuen. Iaz lantalde bat osatu zuten Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aferaz aritzeko, baina ez zuten akordiorik lortu.

Urtzi Urkizu, BERRIAn

No hay comentarios: