miércoles, 20 de mayo de 2015

IRITSI DA EGUNA. IGANDEAN EGINGO DUGU!

Izugarri egun garrantzitsua izango da igandekoa euskal herritarrontzat, bozkatzera deituta gaudenontzat eta botoa beste egun batean eman behar izaten dutenentzat. Noizbait egun berean bozkatuko dugun esperantzan.

Emaitza guztiak izango dira arretaz jarraitzekoak, emaitza guztiek emango diote kolore berezia hurrengo urteetako bideari. Baina tartean, badaude aldaketa sozial eta kultural bat urgentzia handiagoz eskatzen duten lurrak. Horietako bat da Nafarroa.

Urte asko dira igandeko egunaren zain gaudela, 365 egun baino gehiagoko urteak. Eta iritsi da. Iritsi da herritarrak eta euren eskubideak hankapean atxiki dituen erregimena lekutu genezakeen esperantza, aukera erreal bat dela sentituko dugun eguna. Zenbakiek esango digute esperantzari kondenaturik jarraitu beharko dugun, ala beste gauza gehiagoren tartean, lapurtutako irribarrea erakusteko moduan egongo garen. Baina iritsi da bigarren aukera hori gauza daitekeen errezeloa izango dugun eguna.


Azken asteetan, hodei formako galdera ikur handi batek hartu du Nafarroako zerua, eta beldurra sartu zaigu gorputzean. Lokatzetan dauden eskubide sozial, kultural, linguistikoek ezin dutelako euri gehiagorik jasan, urte gehiegi daramatzatelako burua ur azpian sartuta eta oraingoan ateratzen ez badute ito egingo direlako. Baina aterako dute.

Ez dut zalantzarik egiten zenbakiek baimentzen badute behintzat aldaketaren alde dauden taldeek elkar ulertuko dutela. Utziko dituztela interes partikularrak eta eskuzabalak izango direla bata bestearekin. Eta ez dut zalantzarik egiten zenbakiek emango dutela. Baikorregitzat hartuko nauzue akaso, baina erabateko sinesmena daukat emaitza historiko bat izango dela igandekoa. Gehiegi sufritu dugulako berriz ere negar egiteko, luzaroegi itxaron diogulako berriz ere irribarre egin ahal izateko aukerari.

Baina igandean egingo dugu. Iritsi delako eguna.

Julio Soto