jueves, 28 de mayo de 2015

GALDUTAKO AUKERA HURA

"Oso garai polita da hau. Gobernu berria aurrera ateratzeko itxaropen handia dut, eta, oraingoan, ez dago kontu sekreturik Suitzan». Hogei urte pasatu dira, baina Iñaki Cabases (Iruñea, 1952) Geroa Baiko kidearentzat saihetsezina da Nafarroaren oraingo garai hau 1995eko maiatz-ekainekin alderatzea. UPNk Nafarroan ia hogei urtez agindu ostean, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aukera historikoa dute orain agintea kentzeko; historikoa izanagatik, baina, ez da izango horrelakorik egiten den lehen aldia.

Uztailean beteko dira hogei urte UPN agintetik kentzeko beste koalizio bat sortu zenetik, lehenengoa eta azkena. Juan Cruz Alliren (UPN) 1991-1995eko agintaldiaren ondoren etorri zen, eta PSNk, CDNk —Allik UPNtik orduantxe eragin zuen eszisioa— eta Eusko Alkartasunak osatu zuten. 1995eko hauteskundeak ere UPNk irabazi zituen, baina hiru alderdiek bat egin zuten, eta gobernutik kendu. Hiruko gobernua osatu zuten alderdiek ez zuten gehiengo osoa parlamentuan; PSNk hamaika parlamentari zituen; CDNk, hamar; eta EAk, bi. UPNk hamazazpi zituen, baina ez zuen beste babesik, beste hamar parlamentariak IUk eta HBk zituztelako, erdibana. Izquierda Unidaren abstentzioarekin, hiruko gobernua osatu zen, Javier Otano sozialista buru.

Cabases gobernu horretako kide izan zen, EAko bakarra. Industria, Merkataritza eta Turismo kontseilari izan zen. Hiruko gobernuan izan ziren kontseilariek badute harremana euren artean oraindik ere, orduan elkartu zituenaren eta egindako ahaleginaren eraginez. Nafarroa UPNren kudeaketatik «askatu» nahi zuten. «Erakutsi nahi genuen gobernatu zitekeela Nafarroan gizarteak zuen eta duen aniztasuna aintzat hartuz».

Presidenteaz gain, zortzi ziren kontseilariak: Alli, Federico Tajadura, Javier del Castillo, Pedro Burillo, Fernando Puras, Florentino Lopez —Luis Iberok ordezkatu zuen—, Jose Javier Etxarte eta Cabases bera. Departamentuko lanetik haratago bere eginbeharra zein zen gogoan du Cabasesek. «Baskismoa eraman nahi genuen Nafarroako erakundeetara».

Eta lortu zuten. Esanahi handiko erabakiak hartu zituen hiruko gobernuak: «Organo komun iraunkorra, banderen auzian gatazkarik sortzen ez zuen legea, energia plana...». Gehiago ere izan ziren, baita asmo gehiago ere: Euskararen Legea aldatzeko borondatea, kasurako. Baina Otanori kontu sekretu bat aurkitu zion Marisol Alejandre epaileak Suitzan, eta hor amaitu zen guztia. Hori jakin eta biharamunean, Otanok dimititu egin zuen, 1996ko ekainean. «Organo komun iraunkorra sortzera gindoazenean bota zuten gobernua; horregatik, hain zuen. Botere faktikoek bazekiten lehendik ere Otanoren kontuarena, baina orduan erabaki zuten gobernuaren kontra erabiltzea. Gu ginen horren berri ez genuenak».

Berria

No hay comentarios: